Amatasunaren kaleidoskopioa

Sylvia Plathen 'Hiru emakume' poema sorta antzezlan bilakatu du Mireia Gabilondo zuzendariak, eta Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute martxoaren 15ean

Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
«Kalera irteten naizenean, berealdiko gertakizuna naiz./ Ez daukat ezer pentsatu, ez prestatu beharrik./ Nire baitan gertatzen dena bere kasa gertatuko da». Haurdun dauden hiru emakume mintzo dira Sylvia Plath idazleak 1962an idatzitako Hiru emakume poema sortan, eta amatasunaren kaleidoskopio moduko bat osatzen dute guztiek batera. Ederra baina, aldi berean, gordina. Esate baterako, lehen emakumeak zorion betez bizi du amatasuna. Bigarren emakumeak abortuak izan ditu haurdun gelditu den aldiro. Eta hirugarrena haurdun gelditu da, haurrik izan nahi ez duen arren. Poema hura antzezlan bilakatu du orain Mireia Gabilondo antzerki zuzendariak, eta Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak jarri ditu emakume horien gorputzean. Harkaitz Canok itzuli du testua, Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzi du lana, eta martxoaren 15ean estreinatuko dute bertan eta Loraldia jaialdiaren barruan. Gazteleraz ere egingo dute ondoren, 16, 17 eta 18an.

«Amatasunarena ez da izan gehiegi landu edo disfrutatu den gai bat, ez letretan, eta ezta antzerkian ere». Plathen testuaren edertasunaz gainera, lantzen duen gaitegia ere azpimarratu du Gabilondok. Besteak beste, mina, abortuak, haurdun ezin gelditzearen frustrazioa eta erditzea lantzen ditu Plathek, eta horren garrantzia aipatu du zuzendariak. «Ia ez da hitz egiten hainbeste emakumeri gertatzen zaizkien gauza horiei buruz». Eta antzezlanera eraman nahi izan du hori ere.

«Proposamena egin zidatenean, sustoa hartu nuen, oso testu zaila delako, eta poemak direlako, eta ez delako ohikoa izaten poesia antzokietara eramatea». Aurrez ere egina du ariketa Gabilondok beste poema bilduma batzuekin, baina ez du oraingo erronkaren zailtasuna ukatu. Izan ere, dentsitate poetiko handikoa da Plathen testua. «Polita da erronka», aitortu du zuzendariak. «Plathek berak esaten zuen literatura ongi ateratzen denean poesia dela».

Plathek bi ume eta abortu bat izan zituen amatasunari buruzko poema sorta hori idazten hasi zenerako, eta esperientzia hori aipatu du testuen oinarrian Gabilondok. «Batzuetan ez da jakiten zer pasatu duen egileak zerbait idazten duenean». Haren suizidioa ere izango dute gogoan antzezlan amaieran.

Zintzotasun ariketa bat

Pozik azaldu dira aktoreak antzezlanerako egindako lanarekin, eta lan prozesua oso aberasgarria izan dela esan dute guztiek. «Ikusleari zer pentsatua emango dio», esan du Etxebarriak, adibidez, eta testuaren aberastasuna azpimarratu dute beste aktoreek ere. «Plathek oso ongi deskribatzen du kanpoan eta barruan ikusten duen sentimendu bakoitza, eta hori lagungarria da aktoreentzat», adierazi du Bagliettok. Eta Pikazak ere testua izan du aipagai. «Bakarrik irudikatzen ditu emakume horiek Plathek, alboan gizonik gabe, eta lagunduko dituen gizarterik gabe. Zintzotasun ariketa ikaragarri batean, sekulako sakontasunez, beren buruarekin aurrez aurre jartzen ditu emakumeak».

Testuaren zailtasunari buruzko broma ere egin du Pikazak.«Eliteko kirolari bat banintz bezala sentitu naiz!».

Musika ere izango du antzezlanak, eta aktoreekin batera izango dira agertokian une oro Maria Berasarte abeslaria eta Ane Lopez kontrabaxu jotzailea. Kantariak zehaztu duenez, aktoreen lanari «laguntzea» izango da beren egitekoa. The Beatles, Bjork eta poemak idatzi ziren sasoiko hainbat kanta moldatu dituzte horretarako, eta izango dira inprobisaziorako tarte batzuk ere. Iñaki Salvador musikariak lagundu ditu soinu giroak sortzen.

«Emozioen bila joan gara», adierazi du Berasartek. Eta, zehaztu duenez, adibidez, erditze unea izango da inprobisazio bidez landuko duenetako bat. Eder eta gordin deskribatu du antzezlana Berasartek ere. «Oso ederra da Plathek esaten duena, baina arnasa estutzen dizu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.