Jaialdiak

Amatasuna, sorkuntza eta euskara izango ditu ardatz Sormenek

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu Sormene jaialdiak Galdakaon, azaroaren 10etik 13ra bitartean.

Sormene jaialdia antolatzen duten udal ordezkariak eta hainbat kultugile. IñIGO ASTIZ
Inigo Astiz
2022ko urriaren 26a
15:22
Entzun

Amatasuna, sorkuntza eta euskara. Hiru kontzeptu horiek osatutako hirukia izango du ardatz aurten Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia). Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak azaldu du horretarako motiboa. «Badira zenbait urte kultur adierazpide batean baino gehiagotan gai horri buruzko lanak plazaratzen ari direna, bereziki 2021ean eta 2022an, eta, bistakoa denez, emakume sortzaileak dira lan horien egileak. Horregatik bururatu zaigu udazkeneko Sormenek plaza eman behar diela lan horiei guztiei». Azaroaren 10etik 13ra bitartean, hainbat antzerki, bertso, eta arte eta zinema emanaldi biltzen dituen programa antolatu dute horretarako. Torrezabal kultur etxean egingo dira saio guztiak, eta www.sormene.eus webgunean ere ikusi ahalko dira haietako batzuk. Guztia, ideia nagusi bakar baten aterkipean: transmisioarenean, zehazki.

Barandiaranek «pil-pilean» ikusten ditu amatasunaren eta sorkuntzaren gaia euskal kulturgintzan. Eta datu batzuk ere eman ditu hori frogatzeko. «Literaturan, adibidez, azkeneko urte eta erdian dozena erdi bat liburutik gora argitaratu da gai horri buruz. Sormene egingo den egunetan ere, Emagin elkarteak jardunaldi bat egingo du Tabakaleran [Donostia], amatasunari buruz. Itziar Elias aktoreak ere idatzi dit, Larhungo gainetik, esanez [Kaiola bentan] amatasunari eta sorkuntzari eskainitako egonaldi bat egiten ari direla han. Aiaraldeko sormen faktorian ere ziklo bat egiten ari dira gai horren inguruan».

Etorkizuneko sortzaileak

Ikasleentzako tailer sorta bat antolatu dute goizetarako, eta arratsaldez izango dira ikus-entzule guztientzat zabaldutako saioak. Eider Eibar ilustratzailea arituko da, esaterako, ostegun goizeko tailerrean, eta Oier Araolaza dantzari eta dantza ikerlaria ostiralekoan. Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Euskara zinegotziak azaldu du bi multzoko programa hori antolatzeko motiboa zein den, eta transmisioaren gaiarekin lotu du zuzenean. «Guretzat, garrantzi berezia dauka goizean egiten den lan horrek, ikasle horiek baitira etorkizuneko euskal sortzaileak».

Euskaraz sortu. Izenburu hori izango du ostegun arratsaldeko emanaldiak, eta Euskaraldiaren aldeko saio bat izango dela zehaztu dute antolatzaileek. 19:00etan hasiko da, eta bertsolaritza, musika eta zinema uztartuko ditu. Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsotan arituko dira, emanaldia gidatzen eta iruzkintzen; Esti Markez eta Danae Riaño musikariek Hitzekin jolasean diskoko hainbat kanta joko dituzte, eta Nagore Muriel zinemagileak Erro bi film laburra aurkeztuko du.

Euskaraz sortzearen alde

«Euskaraz sortzearen aldeko emanaldi bat izango da», laburbildu du jaialdiko zuzendari artistikoak. Barandiaran: «Badaude belaunaldi berriak euskaldunak izan eta sormenerako beste hizkuntza bat aukeratzen dutenak. Guk gai hori jarri nahi dugu mahai gainean, eta eztabaida sustatu, sorkuntzaren esparrutik».

Hibridoa izango da ostiral arratsaldeko emanaldia ere. Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak AMAraun ikuskizuna egingo dute, 20:00etatik aurrera. Eta larunbatean bi emanaldi izango dira. 17:30ean Marie De Jongh konpainiak Amour taularatuko du, eta 22:00etatik aurrera Neomak taldekoak arituko dira oholtzan. Igandean, Lore More konpainiaren Trapu zikinak antzezlanarekin amaituko da programa. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programarekin elkarlanean egingo dute azken saio hori.

Herritarrak, antolakuntzaren parte

Euskara erdigunean jartzea da Sormeneren azken helburua, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak esan duenez. «Uste genuen hor hutsune bat zegoela, eta Galdakao, apurka-apurka, erreferentziazko toki bat bilakatu da euskal sortzaileentzat». Jaialdiak jarraipena edukitzea eta herrian errotzea dira gakoak, haren ustez, eta, bide horretan doa festibala.

Antolakuntza talde teknikoak ez ezik, herritarrek osatutako talde eragile batek ere diseinatzen du programa urtero, eta talde eragile horretako kideek ere hartu dute hitza jaialdiaren aurkezpenean. Sormenek emakumezkoen lanari balioa aitortzeko egiten duen lana aipatu du, esaterako, Ane Legarreta orkestra zuzendari, ESAS Emakumezko Sortzaileen eta Artisten Sareko lehendakari eta talde eragileko kideak. Eta talde eragileak herriko sortzaileei eskaintzen dien lekua eskertu du Gaizka Chamizo aktoreak.

Pandemiaren trabak

2020an abiarazi zuen Sormene Galdakaoko Udalak. Eta oztopo lasterketa bat izan du aurrean geroztik. Euskal kulturarentzako plaza bat zabaltzea izan zen asmoa hasieratik, eta udaberria zuten buruan horretarako. Koronabirusak eragindako osasun krisiak, ordea, hankaz gora jarri zizkien planak, eta unean uneko aukeren arabera moldatu behar izan dute hasierako asmo hura. Murrizketekin eta udazkenean egin dituzte 2020ko eta 2021eko jaialdiak.

Aurtengo maiatzean berreskuratu dute udaberria. Orduan iragarri zuten udazkenerako ere beste emanaldi sorta bat prestatzekoak zirela, eta, aurrerantzean ere, urtean bi agerraldi egiteko asmoa dute antolatzaileek: udaberrian bata, eta udazkenean bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.