Antzerkia

Amatasun, maitasun eta zaintza moduak

Hika Teatroak 'Zorretan' lana taularatuko du etzi estreinakoz BERRIAlagunentzat, Donostiako Gazteszenan. Ostiralean eta larunbatean ere egingo dituzte saioak. Gai garrantzitsuak era «absurdoan» jorratzeko ariketa egin du Agurtzane Intxaurraga zuzendariak.

Barandiaran (Jon), Irastortza (Dolores) eta Gaztañaga (Lore), antzezlaneko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Barandiaran (Jon), Irastorza (Dolores) eta Gaztañaga (Lore), antzezlaneko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Igorre
2024ko urriaren 22a
05:10
Entzun

Entsegua hasi baino lehen, oihalaren atzean txantxetan ari dira Miren Gaztañaga (Lore), Jabi Barandiaran (Jon) eta Iñake Irastortza (Dolores) Igorreko (Bizkaia) Lasarte aretoko eszenatokian. Halako batean, ordea, argiak itzali, eta isiltasuna gailendu da. «Disfrutatu!», esan du, ozen, Agurtzane Intxaurragak. Hika Teatroaren obra berria entseatzen ari dira: Zorretan; Intxaurragak berak idatzia eta zuzendua. Besteak beste, amatasuna eta zaintza ditu ardatz, eta horiek biak aurrera eramateko eta uztartzeko mila moduri egin die lekua. Donostiako Gazteszenan estreinatuko dute lan berria. Etzi izango da lehen saioa, BERRIAlagunentzat. 50 lagunek entsegu irekira joateko aukera izango dute. Publiko orokorrarentzako saioak, berriz, ostiralean eta larunbatean izango dira, 19:30ean. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude eskuragarri.

(ID_14345099) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-10-17, Igorre. Zorretan antzezlanaren entsegua
Hiru aktoreak, antzezlanaren entseguan, Igorreko (Bizkaia) Lasarte aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Lore dantzan ari da, entzungailuetatik musika entzuten duen bitartean. Badirudi ez dela beste ezer bere inguruan; disfrutatzen ari da. Baina badu norbait ondoan, Jon, bere senarra; zerbaiten bila ari da eszenatokian dauden kaxetan, atzera eta aurrera. Lorek kendu egin ditu entzungailuak, eta senarrak urduritasuna kutsatu diola dirudi, bera ere etengabe mugitzen ari baita. Etxez aldatu behar dira, eta hortik kutxak.

Gustura zeuden etxean, baina etxe handiago batera joateko erabakia hartu zuten, laster kide berri bat izango baitute eurekin bizitzen: Dolores, Loreren ama. Jonek egin zion Doloresi euren etxera bizitzera joateko proposamena, eta Loreri ez zaio batere gustatu hark egindakoa: «Dena kontrolatu nahiko du!», esan du, haserre. Dolores etxean izateak gauza asko aldatuko dizkio bikoteari, eta horren beldur da Lore; Jon, ordea, lasai dago, ongi baitaki hori ez dela oztopo izango.

«Denok ez dugu dena egiteko balio, eta bada jendea zaintzeko balio ez duena»

AGURTZANE INTXAURRAGAAntzerkigilea eta aktorea

Protagonistak ez du bere burua ama zaintzeko gai ikusten; are, ez du inor zaintzeko gai ikusten: «Pertsona lehorra naiz», aipatu du. Teorian badaki zer den zaintzea, eta nola egin daitekeen, baina praktikara eramatea kosta egiten zaio. Horretan jarri nahi zuen begirada Intxaurragak: «Denok ez dugu dena egiteko balio, eta bada jendea zaintzeko balio ez duena».

Ikuspuntu aldaketa, umorez

Lagun batekin afaldu ostean bururatu zitzaion zuzendariari antzezlana egiteko ideia. Laguna obretan ari zen etxean, amarentzako gela bat prestatzen. Antzerkigilea lagunaren larruan jarri zen, eta bera egoera horretan egongo balitz zer gertatuko litzaiokeen pentsatzen hasi: «Momentua iritsiko balitz, ni ikaratu egingo naiz, eta ziur nago denok ikaratuko ginatekeela. Azken finean, bi belaunaldi dira elkarrekin bizitzen». Behin abiapuntua izanda, orain arteko lanekiko ikuspuntu desberdina eman nahi zion, eta gaia umorez jorratzea erabaki zuen.

«Ondo egindakoa eta gaizki egindakoa oso definituta daude. Hori zalantzan jartzeak eta beste bide batzuk bilatzeak beldurra ematen du, baina egin behar da»IÑAKE IRASTORTZAAktorea

Bere proiektu berrian parte hartzeko aktoreen bila hasi zenean, segituan jaso zituen baiezkoak zuzendariak. «Hasieratik erakarri ninduen gaiak; ama-alaben arteko tiradizo horiek, eta zaintzaren inguruko hausnarketak», esan du Gaztañagak. Irastortzari gai horien gainean orain arte gizartean nagusi izan diren joerak zalantzan jartzeko aukera iruditu zitzaion interesgarria: «Ondo egindakoa eta gaizki egindakoa oso definituta daude. Hori zalantzan jartzeak eta beste bide batzuk bilatzeak beldurra ematen du, baina egin behar da».

(ID_14345092) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-10-17, Igorre. Zorretan antzezlanaren entsegua
Barandiaran eta Gaztañaga, entseguan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Maitasuna da Intxaurragak Zorretan-en aipatu nahi zituen beste gaietako bat: «Maitasun garbia irudikatu nahi nuen». Batetik, Loreren eta Doloresen arteko maitasuna; eta, bestetik, Loreren eta Jonen arteko maitasuna dira lantzen direnak. «Hain gaude ohituak bikoteen artean gatazka egon behar duela ikustera, non beste modu batera heldu nahi nion horri».

Unibertso paraleloak

Lorek eta Jonek duten kaosaren erdian, ia mamu bat balitz bezala ageri da Dolores —antzerkiaren zati handi batean ez du ia hitzik egiten—. Hiruak batera ageri dira eszenan, baina ez dira istorio beraren parte, eta horrek ukitu komikoa ematen dio kontakizunari. Zuzendariak azaldu du kontakizun paralelo horiek uztartzea ez dela erraza izan. Lehenengo Loreren eta Jonen arteko unibertsoa eraiki nahi izan zuen, eta, ondoren, Doloresena. «Ez dakit publikoak ulertuko duen edo ez, baina ez zait inporta, absurdoan mugitzen delako obra guztia».

Umorearen eta absurdoaren arteko mugan lan egitea polita izan da aktoreentzat. Irastortza: «Estiloak aldatuz joaten dira, eta denborak ere aldatzen dira; iraganaren, orainaren eta geroaren arteko salto horiek jokoa ematen dute».

(ID_14345090) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-10-17, Igorre. Zorretan antzezlanaren entsegua
Irastortza —kapelarekin—, Barandiaran eta Gaztañaga, 'Zorretan' antzezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Guztira, hamabi aste egon dira obran lanean. Zatikatuta egin dituzte aste horietan entseguak, aktoreek beste proiektu batzuetan egin behar izan dutelako lan. Intxaurragaren estrategia izan zen ahalik eta gehiena aurreratzea lana, estreinaldia gerturatu ahala azken ukituak fintzeko. «Denok dakigu zein den errealitatea. Izugarrizko prekaritatea dago, eta denok egin behar ditugu mila proiektu aldi berean», esan du antzerkigileak.

Publikoaren beharra

Igorren egondako denboran, bertako ikastetxe bateko ikasleen bisita jaso dute Hikako kideek. Zorretan ikusi, eta haiek zer ulertzen eta zer pentsatzen zuten ikusteko aukera izan zuten hala, eta horren arabera gauzak egokitzen joatekoa ere bai. Barandiaran sentsazio onekin atera zen saio hartatik: «Sektore batek asko parte hartu zuen, eta beste batek ez hainbeste. Gure harridurarako, oso ondo joan zen, eta polita izan zen haien iritziak jasotzea».

Gaur-gaurkoz, 28 emanaldi dauzkate lotuta; guztiak euskaraz. Intxaurragak euskaraz sortu zuen antzezlana, eta hark lehenengo bere bidea euskaraz egitea da zuzendariaren nahia. «Euskaraz sortu dut, euskaraz egin nahi dut, eta euskaraz handi egitea lortzen badut, orduan egingo dut gaztelaniaz. Lehenengo,disfruta dezagun hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.