KENDRICK LAMAR
'GNX'
Diskoetxea: pgLang, Interscope Records.
AEBetako Super Bowl kirol ikuskizuneko atsedenaldian telebista audientzia guztiak zartatu ondotik, Los Angeles hiriko rap musikaria mundu osoko hedabide nagusietan agertu da, lerroburu andana bereganatzeko; izan ere, Lamarrek planeta guztia hankaz gora jarri du iragan igandean New Orleans hiriko Caesars Superdome estadioan zabaldutako errima, erritmo eta koreografien bitartez. Ikuskaria, gainera, mezu kritiko, politiko eta pertsonalez betetzen jakin du; esaterako, musikariak ondoko hitzekin abiatu du emanaldia: «Iraultza telebistan ematear daude. Une egokia aukeratu duk, baina tipo okerra». Gil Scott-Heron musikariari egindako aipamena da, The Revolution Will Not Be Televised kantuari (Iraultza ez dute telebistan emango), zeinak kritikatzen duen hedabideek nola saihesten duten komunitate beltzaren borroka erakustea. Areago, kontzertua telebista itzaltzeko keinuarekin amaitu du, disko honetan jasotako TV Off (Itzali telebista) kantuko bertsoarekin —«Turn the TV off, turn the TV off» (itzali ezazu telebista)—.
Dimentsio horietako show batean parte hartu duen lehen hip-hop bakarlari beltza dela aintzat hartuta, bere zigilua eta aztarna sakon zizelkatuta utzi ditu milioika ikusleren aurrean, besteak beste Trump presidentearen eta aspaldi liskarretan ari zitzaion Drake rap musikari kanadarraren muturretan: Drakeren lagun ohi Serena Williams tenislaria dantzan agertu da Lamarrek eta haren produkzioko lantaldeak futbol amerikarreko ligaren finalerako diseinatu duten ikusgarrian.
13 minutuko zuzeneko horretan aurkeztutako doinu askok, hain zuzen, Drake dute jomugatzat, hala zuzenean nola zeharka, eta kantuok iazko urteko hondarretan ustekabean plazaratutako GNX honetan bildu dira.
Lamarrek orain arte argitaratu duen diskorik konkretuena da, bai diskoaren iraupenagatik, orain arteko laburrena baita, bai grabazioan jasotako erritmo bortitzengatik. Hala, Drakerekiko haserrearen isla antzeman dute batzuek diskoan, eta amorru hori bideratzeko, estatubatuarrak iraganera begiratu du, Los Angeles hiriko hip-hop erritmo gogor eta zehatzetara, Lamarren sustraietara. Halere, ustez txikia dirudien lan hau Lamarren kasketaldiaren adierazlea baino ez dela esatea musikaria eta haren ondarea gutxiestea litzateke, grabazioan hamaika momentu aberats bezain sotil jasotzen baitira, hala nola emakumeen parte hartzeek grabazioari ematen dioten kolorea, tartean Deyra Barroso mariatxi abeslariaren ekarpena eta ohiko kolaboratzaile duen SZAren ahotsa, besteak beste, gitarra akustikoak abiatzen duen Luther doinu eztian.
Lamarren alderik basatiena, berriz, hasieran aipatutako TV Off doinuan haizatzen da, zeinetan kantua erditik mozten duen pasarte baten ondotik, Lamarrek «Mustaaaaaaaaaard» ekoizlearen izena aldarrikatzen duen, zeina Boston Celtics saskibaloi taldeak bere egin duen. Drakeri zuzenki zuzendutako Not Like Us balan ere agertzen da ekoizle Mustard; kantu horrek, hain zuzen, Grammy saria jaso du aurten.
Horrenbestez, Lamarren ibilbidearen itzal luzea kontuan izaki, obra txikia dirudi GNX-k, baina ez da horrelakorik, diskoaren zuzentasunean eta zehaztasunean entzuleak musikari iraultzailearen marka aurkituko baitu.