'LA MADRE'
Eszenaren zuriari dirdira dario. Hotza, ia ospitalekoa den zuri zorrotz bat, bere zuritasunean gordina, krudela. Espazioa dramaren aurrekaria da. Publikoa oraindik esertzen ari den artean alde batetik bestera dabilen Aitana Sanchez Gijon, pertsonaia nagusia interpretatzen duena, ere bai. Aulki bat eta mahai bat taula gainean, zuriak, eta hondoa egiten duen pareta zurian arrakala handi bat, paretaren zurruntasuna, zuzentasuna apurtzen duena; zuhaitz baten enborra balitz bezala, ekaitz baten erdian tximista batek joa, enborraren erdi-erditik banatua, kiskalia.
Halakoxea izan liteke ama hau, bere bizitzaren erdia baino gehiago igarota errealitatera esnatzen dena. Loti ederra bailitzan: ipuin zoragarri bat mendeetan errepikatu, mendeetan bizi ondoren, halako batean egia zuri batez jabetzen dena.
Ama hau izan liteke nirea, zurea, harena. Ama hau ama guztiak izan litezke, momentu batean edo bestean, hein batean. Ama izan diren amonak. Are gehiago, ama izatera iritsi ez diren amak izan daitezke; besteak zaintzera dedikatu direnak, zoriontasuna besteen ongizatean eta zoriontasunean oinarritu dutenak. Bakarrik egoten ez dakitenak, bakarrik egotea maite ez dutenak.
Sanchez-Gijonek gorpuzten duen ama —maisutasunez gorpuztu ere, obrako izar, publikoa hipnotizatzen duena—, seguru nago, denok ezagutu dugu noizbait, gertutik ezagutu ere. Etxean zain ageri da, urteetako dedikazioaren ondoren, zaindu dituenen joan-etorriak kontenplatzen. Etorriak baino, joanak kontatzen, etxearen hustasuna eta bakardadearen pisua pairatzen; bere nortasunarekin eta bizitza propioaren zentzuarekin zer egin duen galdetzen duen bitartean, behin eta berriro... bere bizia zeharkatzen duen arrakala begiratzen, begiak hortik kendu ezinik.