Literatura

Amarekin kontu kontari jarri da Txiliku bere nobela berrian

'Urte urdin ihesak' kaleratu du idazleak, bere amaren oroitzapenetatik abiatutako kontakizun bat. Bizipen horiek hartu, moldatu eta «fabulatuta» sortu du eleberria.

Txiliku, 'Urte urdin ihesak' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Txiliku, 'Urte urdin ihesak' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2025eko otsailaren 5a
15:10
Entzun

«Oroitzapenak bildu eta moldatu». Hori bera egin du Jesus Maria Olaizola Txiliku-k bere eleberri berrian: Urte urdin ihesak. Bere amaren oroitzapenetatik abiatuta, «mundu nostalgiko batean» murgildu da idazlea Elkar argitaletxearen eskutik kaleratutako lan horretan. «Atzera begiratze bat da Urte urdin ihesak, orain ja ez dagoen mundua ezagutzeko grina», azaldu du idazleak.

Duela gutxi zendu zen Txilikuren ama, 100 urte zituela. Azken urteetan, harengana joan, kalera atera eta berriketan jartzen ziren ama eta semea, aspaldiko garaiez hizketan. «Berriketan has zedin bultzatzen zuen ama, garai bateko tabernak, baserriak, bizipenak edota ohiturak gogoraraziz. Hortik abiatzen da liburua», azaldu du Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak. Horrez gain, editoreak esan du eleberrian badela historiaren eta istorioen arteko jolas bat, eta horri erantzunez, Txilikuk adierazi du istorioa dela abiapuntua, eta, hortik, moldaketek eta fabulazioek sortu dutela liburua.

Duela mende bat girotu ditu idazleak liburuko istorioak, amaren bizipenak baitira. Hala ere, denbora saltoak aurkituko ditu irakurleak liburuan. Kokalekuak, berriz, zehatzak dira, eta askotan atalen izenburu moduan erabili ditu.Kokaleku haietako bat Hernialden dago (Gipuzkoa): Mugaratz baserrian. «Iturriotzeko bentatik gertu zegoen baserri bat zen Mugaratz, non gaur egun ez den ezer geratzen bertan. Han istorio bat gertatzen da, zauritutako emakume batena».

Kontatu ezin ziren istorioen barnean sailkatu du idazleak Mugaratz baserrikoa. «Lehen, hainbat gauza ezin ziren kontatu; ohikoa zen gauzak ezkutatzea. Ezbeharrak, gertaera kriminalak edota istorio oso gogorrak ezkutuan kontatzen ziren». Hori bera amarekin ikusi zuen argi Txilikuk, bere bizipenak kontatzerakoan hainbatetan gauza batzuk ez idazteko esaten baitzion.

Oroitzapenen liburu bat izan arren, Txilikuk uste du memoria «gezurtia» dela beti. «Guk gogoratzen ditugun kontuak ez dira beti egia izaten. Bakoitzak bere memoria bere erara moldatzen du, eta askotan oso zaila izaten da besteenarekin batzea». Horregatik, oroitzapenak egia bilakatzeko ariketa egin behar izan du idazleak eleberrian, «kontatutakoa egia dela senti dezaten irakurleek». «Kontakizuna munduko gauzarik garrantzitsuena da, eta horrela izan da beti. Egin duguna, gertatu zaiguna, entzun duguna edota gertatuko dena kontatzeko behar bat izan dugu betidanik, eta nik uste dut horrek berdin jarraituko duela».

Titulua, lapurtua

Tituluari buruz ere mintzatu da Txiliku: «Titulua ez da nirea, lapurtu egin dut [barrez]. Lizardik poema batean kontatzen du ea 'nork lekuzke ikusi urte urdin ihesak'. Atzera begira egiten du Lizardik ere bertan, eta aproposa da eleberri berriarentzat». Beste titulu batzuk ere esku artean izan zituela adierazi du idazleak, liburuaren ardatza oraindik finkatua ez zuenean. Zu hemen zaude eta Oroimenen topografia izan ziren kontuan izan zituen tituluetako batzuk. Horrez gain, gehitu du atalak independenteak direla, eta bakarka irakur daitezkeela. Hala ere, eleberri bat dela nabarmendu du Txilikuk. «Ez da eleberri luze eta zabal bat, baina, hala ere, nobela bat da. Ez nuke liburu bilduma baten moduan sailkatuko».

Txilikuk eleberrian Txomin Agirreren Garoa liburuarekin «joko metaliterario bat» egin duela adierazi du Mendigurenek. Txiliku: «Agirreren ikuspuntua oso mugatua zen, apaiz eta karlista batena zehazki. Kresala irakurtzen badugu, adibidez, ikusiko dugu Agirreren hitzetan baserrian bizi zen pertsona oro zintzoa zela, ez zegoela bekaturik bertan eta dena ongi egiten zutela. Nik idatzitako pasartean irudikatzen dut baserria ez dela zerbait idilikoa, ez dela beti ikusi izan den modukoa. Errealitatetik badauka zerbait istorio horrek, eta esan beharreko gauzak dira horiek, dudarik gabe». Gaur egun ere ikuspuntu idealizatu horrek bizirik jarraitzen duela gehitu du, denborak eta ohiturak asko aldatu diren arren.

Txilikuren jakintza goraipatu nahi izan du Mendigurenek: «Gaur egun letretan eta zientzietan banatzen ditugu pertsonak, baina nik uste dut Txilikuk bietatik baduela. Harrigarria da gai zabalei buruz duen jakintza». Horrez gain, goi kultura duen moduan, herri kultura ere aparta duela esan du, eta, horrenbestez, esaerak, garai bateko tresnak eta ohiturak menperatzen dituela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.