Errenazimentuko emakume baten antzera aurkeztu du Antxiñe Mendizabal editoreak Amancay Gaztañaga (Zestoa, Gipuzkoa, 1980), «arlo asko hartzen dituen emakume artista baita». Hain zuzen, oholtzaren gainean, pantaila handian zein txikian, irratian, musika doinuen artean eta antzerki liburuetan aurki baitaiteke Gaztañaga orain arteko lanetan. Oraingoan, berriz, idazle gisa aurkeztu du bere burua, fantasiazko eta abenturazko Martin Martina gazteentzako trilogiari hasiera eman dion lehen eleberria kaleratu baitu: Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa. Elkarrek argitaratu du, eta hurrengo bi liburuak noiz argitaratuko dituen ere aurreratu du argitaletxeak: udazken honetan iritsiko da bigarrena, eta hurrengo urteko udaberrian hirugarrena.
Institutuko zuzendariak Martin Martina pertsonaia nagusia zigortu du aitona-amonen gazteluan uda pasatzera, eta, iritsi orduko, espero ez dituen egoerak topatuko ditu. Gazteluaren hormek isilean gordetzen dituzten sekretuak asmatzen saiatuko da protagonista, baita bidean zehar topatutako igarkizunak ere. Halaber, Martin Martinak badu zeregin garrantzitsu bat: laminen orrazia nork eta zertarako lapurtu duen argitzea. Elementu horiengatik guztiengatik, eleberria «thriller txiki» baten antzera definitu du Mendizabalek, eta istorioa pasabide ezkutuz, aztikeriaz eta mamuz beterik dagoela azaldu.
«Batzuetan, nerabeak eta fantasia kontzeptuen bidez azaltzean eleberria, badirudi ez dagoela hausnarketa bat oinarrian, baina esan dezaket nahi baino politikoagoa irten zaidala liburua», aipatu du Gaztañagak. Ezberdintasunek dakarten aberastasuna azpimarratu nahi izan du, baita ingurumenaren eta globalizazioaren auziak ere. Era berean, mitologiak eta erlijioak leku «berezia» dute proiektuan; izan ere, idazlearen hitzetan, kristautasunari edo onarpen ofiziala duten sistemei bakarrik aitortzen zaie erlijio maila, eta mitologia deitzen zaio baztertua den bertako sistemari.
«Alde batetik, ekologia dago. Bestetik, arketipo femenino-dibinoaren inguruko hausnarketa plazaratu nahi izan dut, nola egungo sistemak hori zapaltzen duen, eta, funtsean, gure mitologiaren oinarria den»AMANCAY GAZTAÑAGAIdazlea
Bide berean, trilogiaren beste ardatzak ere nabarmendu ditu Gaztañagak: «Alde batetik, ekologia dago; naturaren garrantzia azpimarratu nahi izan dut, euskaldunok beti izan baitugu lotura estua gure ingurugiroarekin. Beste alde batetik, arketipo femenino-dibinoaren inguruko hausnarketa plazaratu nahi izan dut, nola egungo sistemak hori zapaltzen duen, eta, funtsean, gure mitologiaren oinarria den». Kontzeptu horien guztien artean «dantzan» ibili dela aitortu du idazleak, baina, idazketa prozesuan, beste galdera bat ere izan du gogoan: «Zer gustatuko litzaidake irakurtzea nerabe banintz?»
Hain zuzen, Gaztañagak azaldu du irakurle amorratua izan zela nerabe garaian, eta bertan topatu zuela «bere lekua», eskolan aurkitzen ez zuena. Horiek horrela, eta kontuan izanda, haren ustez, genero horretan euskaraz dagoen gabezia, egileari zer pentsa eman dio gaur egungo gazteek «babes hori» beste kultura edo hizkuntza batzuetan bilatu behar izateak. Horrek ere bultzatuta, bere aletxoa jarri nahi izan du, eta, orain, eleberriak «bere bidaia» egitea espero du.
Fantasiaren egitekoa
2017an sortu zitzaion Gaztañagari fantasiazko kontakizuna idazteko nahia, eta Martin Martina izenez Zestoan bizi zen pertsona batengatik hasi zen ideia «ernaltzen». Idazleak ez zuen ezagutu, baina handik edo hemendik haren inguruko pasarte asko ezagutu ditu: «emakume gisa definitzen zuten; bizarduna zen; gona loreduna zuen, eta gizonekin musean jokatzen ibiltzen zen, emakumeek tabernetara sartzea debekatua zuten garaietan... Martin Martinak eta herrian haren inguruko kontuak liluratuta naukate». Horregatik, Gaztañagak protagonista intersexuala izatea erabaki zuen. Haren ustez, beste zenbait identitaterekin jazotzen den modura, gizartean ez dutelako lekurik. Protagonistak istorioaren hasieran 13 urte izango ditu, eta, amaieran, 14. «Bizitzako aldi horretan egotea nahi nuen, umearen gorputza utzi eta nerabezarora sartzean izaten dugun gorputz aldaketa islatzeko», azaldu du Gaztañagak.
Gaztañagaren ustez, oso literatura gutxi idatzi da fantasiazko eta abenturazko generoan. Bi horiek behar-beharrezkoak iruditzen zaizkio egileari; idazlearen ustetan, horrela lortzen baita gazteak «gai politikoetara» hurbiltzea: «Fantasiaren bidez topatzen dugu geure burua, imajinazioari esker. Uste dut toki gutxi egin diogula gure gizartean genero horiei. Idatz nezakeen saiakera bat, baina ez dut egin. Niretzat hau askoz garrantzitsuagoa da, eta beharrezkoagoa, oraintxe bertan». Horrez gain, euskal mitologiaren aberastasuna eta berezitasuna nabarmendu ditu: «Gure mitologia eta kondairak oinarri hartuta, izugarrizko fantasia festa egin daiteke».