Amaitu dute Iruña-Veleia iker dadin eskatzeko gose greba

Arabako Aldundiak aztarnategirako plan berria egingo duela jakinda eten dute protesta, 99 egunen ostean

Grebalariak, atzo, gose greba amaitzeko arrazoiak azaltzen. RAUL BOGAJO / FOKU.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
ONDAREA. Amaitu du gose greba Jose Mari Lejardi Gabixola-k. Guztira, 99 egun pasatu ditu ezer jan gabe Iruña-Veleiako piezei proba gehiago egiteko eskatuz, eta atzo eman zuen amaitutzat protesta. Datozen hilabeteetan da Arabako Aldundia aztarnategirako hurrengo plana prestatzen hastekoa, eta, hain zuzen ere, Ana del Val Kultura diputatuarekin izandako bilkuran plan berriari buruzkoak entzun ondoren erabaki du Lejardik protesta etetea. «Egoera berrian konfiantza eduki arren, beti egongo gara erne».

Uztailaren 23an bost pertsonak hasi zuten greba, baina Lejardi izan da ordutik grebari modu jarraituan eutsi dion bakarra. Aldundiko Kultura diputatuarekin izandako bilkurak desblokeatu du egoera. Grebalariek esandakoaren arabera, plangintza «arrazoituagoa» egin nahi duelako aldundiak, eta aztertu ez diren grafitoak gorde eta aztertzeko asmoa adierazi dietelako.

Berez, 2020an amaitzen da orain arte aztarnategiko lanak gidatu dituen plana, eta berria martxan jartzea da orain asmoa. Koronabirusak moteldu egin du prozesua, ordea. Abendurako aztertu nahi zituen azken urteotan aztarnategia gidatu duen kanpainari buruzko ondorioak, eta eztabaida horren ostean hasiko dira hurrengo plana diseinatzen. Oraingoz, ez dago zehaztasun gehiago, baina, edonola ere, aldundiko iturriek nabarmendu dutenez, Iruña-Veleiako aztarnategiaren «ondare balio ikaragarria» sustatzea izango dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.