Huntzaren ondoren, aurrera. «Lehen, entsegu lokalean sei taldekideak elkartzen ginen abestiak moldatzeko, baina orain, lan egiteko modua erabat aldatu behar izan dut», azaldu du Josune Arakistain Sune-k (Itziar, Deba, Gipuzkoa, 1996). Hamar urte eman zituen Huntzako abeslari, eta, orain, bakarkako ibilbideari hasiera eman dio. Lehen diskoa kaleratu du, hainbeste urtez jo duen trikitia eta bere herrian askotan entzun duen musika elektronikoa uztartuz: Amaineman. Plataformetan daude diskoko 11 abestiak jada, baina sorpresa bat gorde du Sunek diskoa erosten dutenentzat: soilik han entzun ahal izango den kanta bat gehiago ere izango baitu formatu analogikoak.
Huntzaren amaiera baino lehen kaleratu zuen Sunek bere lehen kanta: Sunday, DJ Rikkirekin batera. Orduan, jendeak hainbatetan galdetzen zion musikariari ea Sune ala Huntza zen, baina berak argi zuen ez zuela «aukeratzeko beharrik», garai hartan bien parte sentitzen zen eta. Hala ere, Sune gisa proiektu berriak sortzeko grina sortu zitzaion: «Bakarlari moduan eduki dudan hasiera oso naturala izan dela uste dut. Gogoa nuen abesti berriak sortzeko eta kaleratzeko». Bi urte eta erdiz aritu da diskoa osatzen, eta, «lan gogorra» izan den arren, emaitzarekin pozik agertu da.
Sormen prozesuan, «unean-unean sentitzen zuena» irudikatu du Sunek abestietan. «Momentuan musika elektronikoagoa ateratzen bazen, ba, hori bera, eta trikitia gehiago entzuten bazen, aurrera horrekin ere». Jarioan sortutako bilduma bat dela adierazi du, baina horri beste izen bat eman nahi izan dio. Gaztelerazko fluir hitza erabili izan zuen buruan sormen prozesurako hartutako jarrera deskribatzeko, eta hari segika topatu du diskoarentzako titulua. Hiztegietan gaztelerazko hitzaren ordezko bila hasi, eta hala heldu zelako azkenean izenburura eraman duen hitz bikotera: «Amain eman». Berak ere amain eman baitio bere buruari, kantak sortzerakoan. «Bi hitzak elkartu eta asko gustatu zitzaidan emaitza. Gainera, horrela hitz honi oihartzuna emateko balio dit, euskaldunei erakusteko badugula sentsazio horretarako hitz zehatz bat».
«Momentuan musika elektronikoagoa ateratzen bazen, ba, hori bera egiten nuen, eta trikitia gehiago entzuten bazen, aurrera horrekin ere»
SUNEMusikaria
Diskoak ez du gai bat. Abesti bakoitzak sortutako momentuan musikariak zituen hausnarketak irudikatzen ditu. Hitzetan, tradizioa, emakumeen ahalduntzea, bizitza arrunteko gaiak eta aldaketak aurkitu daitezke, besteak beste. Benetako gertakarietan oinarrituta idatzi ditu kanta gehienak, nahiz eta badauden irudimenez sortutako batzuk ere. Edonola ere, horiek ere azken bi urteetan bizi izan dituenen isla direla uste du musikariak.
Askorentzat, elkarrengandik urrun daude trikitia eta elektronika, baina Sunek hasieratik izan zuen biak nahasteko ideia. Trikitia eskuetan zuela hezi da musikaria, eta musika elektronikoarekin harreman estua izan duela ere adierazi du: «Ni Itziarkoa naiz, eta, azken batean, Txitxarro diskoteka ondoan edukita, betidanik entzun dugu musika elektronikoa herrian; badugu aretoak utzitako herentzia hori».
Jimbo Paez ekoizlearekin elkarlanean sortu du Amaineman. «Euskal Herriaren eta Madrilen artean ibili gara kantak sortzen. Nik kanten bizkarrezurra egiten nuen, eta, ondoren, Jimborekin estudioan gauzak moldatuz joaten ginen», esan du Sunek. Huntzarekin egindako sormen prozesuekin alderatuz oraingoa «teknologikoagoa» izan dela aitortu du. «Nahiko garbi izaten dut hasieratik kanta bakoitza nola egingo dudan, nora nahi dudan iristea. Horregatik, Jimborekin lanean nagoenean, nik jada badakit zer eskatuko diodan».
Erosleentzako oparia
11 kantak osatzen dute diskoa. Bakarka egindakoak dira sei: Lau korapilo; Urruti; Muxu bana; Txitxarro; Ondo dago; eta Kopa. Eta kolaborazioekin sortutakoak dira gainerako bostak: Hori bai (Veintiunorekin), Milaka lore (Antia Muiñorekin eta Greta Ch'askarekin), Orainari (Moonshine Wagonekin), Sunday (DJ Rikkirekin) eta Kantauri (Huntzarekin).
Kantauri berezia izan da Sunerentzat, bere taldekide ohiekin grabatu du eta: «Nondik natorren islatzen du kanta horrek, eta, era berean, nora noan. Nire ustez, oso polita da Kantauri izatea diskoko lehen kanta, eta oso pozik nago atera den emaitzarekin». Hori bai kanta ere berezia izan dela esan du. Kanta «rockeroagoa» da, eta esperientzia Veintiunorekin partekatzeko aukera izatea «oso polita» izan dela aitortu du. «Proposamena bota nionean, ez zuen duda egin, eta bera etorri zen Euskal Herrira. Gainera, euskaraz abestera animatu zen».
Plataforma digitaletan entzungai daude diskoko kantak, bat izan ezik. Sune: «Gaur egun ez da diskorik erosten, eta, erosten badira, artistari laguntzeko erosten dira gehienbat. Horregatik, diskoa erosten dutenentzat keinu bat eduki nahi izan dut». Diskoa erosten duen orok kanta berri bat entzun ahalko du, soilik diskoetan dagoena, eta plataformetan ez dena argitaratuko.
Sunek iragarri du Durangoko Azokan egongo dela egunero, bertan izango duen erakusmahaian. Lehenago Huntzarekin egon den arren, orain bakarrik dagoenez «urduri» dagoela adierazi du.