«Da liburu txiki, xume, lau eta oso ondo biribildutako bat» esanez hasi du Irene Aldasoro itzultzaileak Esnearen kolorea (Alberdania) eleberriaren aurkezpenean. Eta haren berezitasunetako bat ere kontatu du: «Normalean, liburu bat irakurtzen hasten zarenean, espero ez dituzun gauzak segituan agertzen dira. Honek daukana da ezin dela kontatu zer gertatzen den». Izan ere, bukaerara arte ez da argitzen misterioa.Euskarara iritsi aurretik, ibilbide oparoa du eginda Nell Leyshonek (Glastonbury, 1961) orain sei urte argitaratutako The Colour of Milk-ek. 2014an, esaterako, Madrilgo liburu dendarien elkarteak Urrezko Liburu izendatu zuen, eta, urte berean, frantsesera itzulitako liburu onenari ematen zaion Femina sarirako aukeratu zuten.
Mary da protagonista nagusia, 14 urteko neskatila bat, eta istorioa idazleak oso ondo ezagutzen duen mikrokosmos batean dago kokatuta: nekazari giroko Ingalaterran, baina iraganean, 1830eko hamarkadan. Lau alabetan gazteena da Mary, eta orduko familia batentzat semerik ez izatea nahikoa zorigaitz ez, eta hanka bat gaizki du. Ilea, berriz, protagonistak esaten duen bezala, esnearen kolorekoa. Halako batean, familiak dirua behar duela eta, bikarioaren emazte elbarritua zaintzera bidaltzen du aitak.
Sekula amestuko ez zuen zerbait lortuko du bikarioarenean neskatilak: irakurtzen eta idazten ikastea. «Eta gauza batzuk esanda eta idatzita utzi beharra sentitzen du ». Narratzaile bakarra da Mary, eta urte sasoien izenekin banatzen ditu nobelako lau atalak, udaberritik hasita. Ekintza kate bat da kontakizuna, eta hasieratik amaierara kontatzen du gertatua. Letra xehez idazten du, baita pertsonen izenak ere; elkarrizketen marrarik ez du erabiltzen, eta komak ere oso gutxi. «Badago baliabide bat oso inportantea: tarteka, irakurleari hitz egiten dio Maryk; esaten du, 'ez zait hau kontatzea gustatzen, baina...', eta tira egiten dio irakurleari».
Irakurtzen eta idazten irakatsiko dion bikarioaren etxera iritsitakoan, badirudi Maryren bizitza ilunetik argira egiten hasi dela, baina orduan ikusiko du batzuetan zeinen saihetsezina den hondamendia. Bukaera indartsu bat du istorioak. «Boladan dagoen gaietako bat ekartzen du, eta ahotsa jartzen dio bazterretan izango ziren hainbat Maryk esan ezin izan dutenari».
Aldasorok azaldu du ahots hori euskaraz sinesgarri izango zen modu batean ematea izan dela itzulpenaren erronka. Jatorrizko bertsioan bezala, ekintzen kateei eutsi die; komarik gabe idazteak ulermen aldetik ekar zitzakeen arazoak saihesteko, ahalik eta gehien soiltzen saiatu da; eta hizkera herrikoia erabiltzeko ahalegina ere egin du nekazaritza giro hura islatzeko.
Xalotasun eraginkorra
Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorearen esanetan, «maisulan» bat da Leyshonen eleberria: «Nola kokatzen dituen pertsonaiak bere benetako inguru eta sentipenetan, intentsitateak nola graduatzen dituen, eta zeinen modu naturalean aurkezten dizkigun pertsonaiak». Maryk bere drama kontatzen duenean, ez du teorizatzen, ez du gogoetarik egiten, kontatzera mugatzen da, gauzak beste era batera izateko modurik ez balego bezala. «Tresna horiek edukita, oso erraza da autoerrukiaren bideetan edo infantilizazioaren bideetan galtzea, baina Leyshonek sekulako ariketa egiten du». Editorearen esanetan, oso zaila da xalotasun hori euskaraz nahiz beste edozein hizkuntzatan ematea, baina ezin hobeto egin du Aldasorok, eta horren erakusgarri da lortu duen xalotasun eraginkorra. «Leyshonek nobela honetan kontatzen dituen gauzek irakurleen emozioak eragingo dituzte, batzuetan, negar malkoen punturaino».
Emily Bronteren Gailur Ekaiztsuak itzulpenari esker, aurtengo Euskadi saria jaso du Aldasorok, eta horri ere egin dio aipamena Gimenezek: «Pena da aurten sari hori jaso izana, datorren urtean ezin baitzaio pertsona berari sari bera eman, eta hemen, Euskadi saria izan zitekeen eta izango zena daukagu».
Amaierara arte irakurri behar den istorioa
Nell Leyshonen 'Esnearen kolorea' eleberria itzuli du Irene Aldasorok. Istorioak eragiten dituen emozioak nabarmendu ditu editoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu