Amaia Zubiriak jasoko du 2025eko Monzon-Ganuza saria

Musikariaren ibilbideari aitortza eginez emango diote saria Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak. Euskal Herriariari eta haren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoa eskaini dieten pertsonak aitortzea du helburu sariak.

Amaia Zubiria, 2021ean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Zubiria, 2021ean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urko iridoy alzelai
2025eko otsailaren 17a
14:20
Entzun

Amaia Zubiriak jasoko du 2025eko Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria. Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak (Gipuzkoa) antolatzen dute, eta, sariaren bidez, Euskal Herriari eta haren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoa eskaini dieten pertsonak omendu nahi dituzte. «Euskal Herriaren historian ezinbesteko figura da Zubiriarena», azaldu du Bergarako alkate Gorka Artolak, eta Olaso Dorrea fundazioko lehendakari Iratxe Esnaolak, berriz, gehitu du musikaria euskal kulturaren aberasgarritasunaren «eragileetako bat» dela. Garaikurra martxoaren 27an emango diote musikariari, Bergarako Seminarixoa aretoan egingo duten ekitaldian.

1947. urtean jaio zen Zubiria, Donostian, eta Haizea taldearekin murgildu zen euskal musikaren munduan. Harrezkeroztik, euskal kantagintza berriaren aurpegi esanguratsuenetariko bat bilakatu da, eta bakarkako ibilbidea beste musikari batzuekin egindako lanekin tartekatu izan du. «Bere ahots gardena eta interpretazio sentikorra ezagunak dira. Herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika uztartu ditu bere ibilbidean zehar, eta belaunaldi askoren erreferente bilakatzea lortu du», adierazi du sariaren antolakuntzak, ohar bidez. Gehitu dute emakume musikarien ahotsa lehen lerrora eraman zuela ere, horrela euskal musika aberastuz eta zabalduz.

Antolakuntzak nabarmendu du musikan ez ezik euskal kulturarekiko konpromiso «sakona» izan duela Zubiriak: «Poesiak indar handia izan du beti Zubiriaren musikan, eta hainbat euskal idazleren hitzak erabili izan ditu bere lanetan. Horrez gain, zinemarako egindako lanak azpimarratu dituzte, hainbat filmetarako eta dokumentaletarako soinu banda eta musika sortu baititu». Beraz, egindako lan guztia aintzat hartu eta hari aitortza egin nahi izan diote sariaren bidez, eta «haren konpromisoa, berrikuntza eta sormenaren bidea goraipatu».

Monzonen oroimenean

Telesforo Monzonen ondarea eta memoria babesteko helburuarekin sortu zen Olaso Dorrea fundazioa. 2021ean, Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren harira sortu zituzten sariak. Esnaola: «Olaso Dorrea fundazioaren lanak zentzurik badu, gure arbasoen artean kolosoak ditugulako du. Haien bideari jarraitzea, edo hobeto esanda, egin zuten lanari jarraipena ematea da gure helburua. Baina sari honekin urtero geure buruari beste zerbait ere gogoratzen diogu, eta beste zerbait ere esaten diogu Euskal Herriari: herri kolosal batean bizi garela».

Lehen aldian, 2021ean, Libe Goñi omendu zuten; bigarrenean, Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Aiastui; hirugarrenean, Xabier Amuriza, eta laugarrenean, berriz, Jose Mari Esparza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.