Amaia Vicente eta Mario Paniego zortzi astez izango dira Wroclawn

Bi euskal artistek beren proiektuak garatuko dituzte Poloniako hirian egingo duten egonaldian

Ezker-eskuin, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Amaia Vicente artista; Mario Paniego artista; eta Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Poloniako Wroclaw hirian zortzi asteko egonaldi artistikoa egingo dute Amaia Vicente eta Mario Paniego euskal sortzaileek, AIR Wro programaren barruan. Nork bere proiektua garatuko du han, baina helburua berbera izango da bi kasuetan: sorkuntzaren bidez herritarrengan hiri espazioen inguruko gogoeta eragitea. Bide horretan, soinua osagai nagusi duen proposamena garatuko du Vicentek, eta irudia oinarri duena, berriz, Paniegok. Etxepare Euskal Institutuak egindako deialdian aukeratu dituzte biak.

Hilaren 24an joango dira Wroclawra bi artistak, eta azaroaren 18ra bitarte egongo dira han. Egonaldi horretan, Audio landscape in Wroclaw izenburua daraman proiektua garatuko du Amaia Vicentek (Bilbo, 1976). Artistak azaldu duenez, EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia sailean egiten ari den doktoretza ikerketaren parte da, eta soinua izango du euskarri nagusi. Wroclawko soinuak jasoko ditu, grabazio sistema «binaurala» baliatuta. «Sistema berezia da, haren emaitza hiru dimentsioko soinua baita. Entzungailuen bidez aditzean, espazioan bertan zaudela sentitzen duzu, belarria GPS bat den neurrian, hotsa nondik datorren, zein intentsitate duen eta beste identifikatzeko aukera ematen dizulako. Modu oso interesgarria iruditzen zait erretratu nahiko errealista bat egiteko». Gailu bereziak ari da sortzen grabazioak egiteko: giza itxurako plastikozko lau buru kokatuko ditu hirian zehar, eta bi belarrietatik sartzen zaizkien soinuak hartuko dituzte horien barruan kokatutako mikrofonoek.

Paniegok, berriz, irudia izango du lanabes nagusi, eta publizitateak espazio publikoan hartzen duen lekuaz pentsaraztea izango du helburu bere proposamenak. Bilbon orain hilabete batzuk garatu zuen proiektu bat abiapuntu gisa hartu du: publizitate afixak beren euskarrietatik kendu, eta hiriko espazio horren argazkiak jarri zituen, haiek desagertu izanaren efektu bisuala lortuz. Antzeko zerbait egin nahi du Wroclawn, horregatik du izena Trampantojo proiektuak. Berau garatzeko, hiriko artista eta aktibistekin elkartuko dela ere azaldu du. Izan ere, espazio publikoan publizitateak har dezakeen lekua legez mugatu berri dute hiriaren erdigunean. «Publizitatea desagerraraztea dago nire proiektuaren oinarrian. Izan ere, gure eguneroko bizitzan une oro dei egiten digun zerbait da, eta uste dut horren inguruan gogoeta gehiago egin beharko genukeela gizarte gisa». Hausnarketa hori erraztu nahi du bere proposamenarekin.

Bi sortzaileek tailerrak egingo dituzte Wroclawko herritarrekin.

Bosgarren urtez jarraian

Euskal artistei Wroclawn egonaldiak egiteko aukera eskaintzen zaien bosgarren aldia da aurtengoa, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak gogora ekarri duenez. Donostia eta Wroclaw 2016an Europako kultur hiriburu izateko prestaketen testuinguruan abiatu zen, 2014. urtean, Euskal Herriaren eta Poloniaren arteko elkarlana. Ordutik, eta Vicente zein Paniego zenbatuta, hamabi euskal artistaren egonaldiak lagundu ditu programak, betiere «hiria eta sorkuntza ardatz duten proiektuak garatzeko» xedearekin. Aurtengo deialdira hamar proiektu aurkeztu direla azaldu du Larrazak, eta guztiak maila handikotzat jo dituela bi herrialdeetako adituek osatutako epaimahaiak.

Culture Zone Wroclaw programak kudeatzen du AIR Wro programa gaur egun; Euskal Herrian, D2016ren ostean, Etxepare institutuak hartu zuen egitasmoari jarraipena emateko ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.