Mugak eta ertzak sarri agertzen dira Amaia Iturbideren poema berrietan, «leku estrategikoak eta erabakigarriak baitira», haren hitzetan. Baina baita oroimenari, identitateari eta arteari buruzko gogoetak ere. Izan ere, poetaren ustez, «mugaren eta ertzaren kontzeptuak direla medio, intuizioa eta pertzepzioa zorroztu eta beste eremu batzuetaraino joan daiteke esperimentazioaren eskutik, eta modu horretan aurkikuntzak jadetsi». Askotariko kontzeptuak baliatu ditu oinarri gisa Profilak (Mugetan barrena) liburuko poemak idazteko. «Gai desberdinak landu ditut, eta gizakiaren hauskortasuna da nagusietako bat», azaldu du egileak. Ereinekin argitaratu du poema liburu berria.
Eskaileraren bi aldeetan (Erein, 1986) izan zuen Iturbidek estreinako poema bilduma, eta, ordutik, beste zortzi poesia liburu plazaratu ditu —narrazioak eta saiakerak ere eman ditu urteotan—. Egileak bost ataletan banatu ditu lan berriko poemak, eta, horien mamia zertan datzan ulertzeko balio dezaketelakoan, Erein argitaletxeko editore Inazio Mujika Iraolak bost kontzeptu aipatu ditu: identitatea, muga, memoria, artea eta transformazioa. «Kontzeptuetan oinarritzen da haren poemagintza, baina baita bizipenetan ere, eta esango nuke, gainera, umore tanta batzuk ere badaudela liburuan».
Edozein modutan, muga da gako hitza, editorearen ustez. Eta hari horri segika, «erabateko transformazioan dagoen errealitate bat» erakusten dute poema batzuek, «gizakiaren hauskortasuna» beste batzuek, arteari eta literaturari erreferentzia egiten diote beste hainbatek, eta hizkuntzaren eta esperimentazio poetikoaren garrantzia dute oinarrian beste zenbaitek. «Eta baita paisaia eta paisaia horren sinbolismo emozionala ere», gehitu du. «Nik esango nuke liburu hau gonbidapen bat dela poesia erresistentzia espazio bezala bizitzeko».
«Nik esango nuke liburu hau gonbidapen bat dela poesia erresistentzia espazio bezala bizitzeko»INAZIO MUJIKA IRAOLAEditorea
Manikiaren bakardadetik da lehen atalaren izenburua, eta, hartan, manikia sinbolo gisa baliatu du poetak, bai arimaren irudi gisa, bai modernitatearen eta postmodernitatearen irudi gisa ere. «Sail horretan, manikia giza eskalarekin parekatu dut, bere burua egiten ari den gizakiarekin», azaldu du Iturbidek. Eta hala, «gaur egungo munduan ohikoak diren gaiei» begiratu die atal horretako poemetan, «transgeneroari eta distopiari», kasurako.
Bizipen-laginak izenburupean, berriz, «aztarnari, oroimenean geratzen denari» erreparatu dio, eta «zenbait esperientzia latzek —nazismoak, Guda Zibilak eta baita egunerokotasunak ere— utzitako arrasto eta hondarrak» eraman ditu poemetara. Bertsopaperei egindako erreferentziak ere badira, eta Salvador Daliren «jenialtasuna» agerian jarri nahi izan du beste poema batean, «surrealismoaren eta metafisikaren bitartez muga guztiak gainditzen baititu».
Arteak eta sinboloak
«Gai intimistei» egin die lekua Iturbidek Ikasketa-prozesuez hirugarren atalean, eta inguratzen duten gauzak ageri dira poemetan —neguko sandaliak, kuku erlojua eta etxe barruko landare bat aipatu ditu—. «Horretaz gain, arteari buruzko poemak eta ikuspegi sozialekoak ere badaude». Arte adierazpide batzuez aritu da, halaber, Behatokietan zehar izeneko atalean, hala nola zinemaz, argazkigintzaz eta pinturaz.
Eta zenbait sortzaileri egindako erreferentziak biltzen dira, bestalde, Planteamendu mugakideekin bosgarren eta azken atalean —hala Mark Rothko eta Cristino de Vera margolarienak nola Samuel Beckett idazlearena tartean—. Egileak adierazi du azken zatiko poema batzuetan mistikari ere heldu diola, eta hainbat sinbolo baliatu dituela. Ortzadarra ageri da horien artean —«betiereko itzuleraren filosofiari men eginez erritmo ziklikoaren arabera mugitzen dena, amaieratik beti hasierara baitoa etengabe»—. Baita hauek ere: automobila, «bidaia errealaren zein iniziatikoaren sinboloa»; zerumuga, «ametsaren, helburuaren edo topagunearen sinonimo modura»; labirintoa, «enigmaren adierazle gisara»; zuhaitza, «nagusiki bizitzaraino garamatzana», eta igerilekua, «zeinak amets zedarritua adierazten baitu».
«Lehentasuna eman diot irudigintzari; horregatik uste dut liburu hau bisualtasun handikoa dela»AMAIA ITURBIDEIdazlea
Iturbidek azaldu du kontzeptuak landu dituela poemetan, eta «mugatasunarena eta mugagabetasunarena» nabarmentzen direla. Halaber, liburuan barrena surrealismoa ageri dela adierazi du, eta irudi espresionistekin ere jardun duela. «Lehentasuna eman diot irudigintzari; horregatik uste dut liburu hau bisualtasun handikoa dela». Halaber, iritzi dio ironiarik ere ez dela falta, «bizitzeko edo bizirik irauteko beharrezkoa eta modernitate zein postmodernitate gaietarako egokia». Gaineratu du etikaz ere ez dela ahaztu, berarengan sarritan «estetikarekin bat eginda» doanez gero.