Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare itzulpen saria, bigarren aldiz

Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' liburua itzuli du Gabantxok, ingelesera. Galesko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du

Amaia Gabantxo eta Miren Agur Meabe atzo, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Oso pozgarria da Miren Agurren lan bat itzultzeagatik sari hau jasotzea». Hala esan zuen Amaia Gabantxo itzultzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1973) atzo, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen saria jaso bezain laster. Miren Agur Meaberen Hezurren erretura liburua itzuli du ingelesera, eta saria eskuratzen duen bigarren aldia da. Aurrez, Gabriel Arestiren Harri eta herri eta Maldan behera lanak itzultzeagatik jaso zuen aitortza 2018an.

Galesko Parthian Books argitaletxeak argitaratu du Burning Bones liburua, eta Gabantxok eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute. Horrez gainera, 2.000 euro arteko laguntza ere jasoko dute onuradunek, argitalpenaren herrialdean egindako lana ezagutzera emateko.

Itzulpenaren «kalitate handia» ez ezik, «zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera» egindako itzulpena izatearen garrantzia ere nabarmendu du epaimahaiak. Era berean, itzultzailearen etengabeko lana azpimarratu du Meabek: «Bere lan errimeari esker egin du aurrera Amaiak, zailtasun askoren artean».

Gabantxok itzultzaile gisa dituen lau dohain ere zerrendatu ditu idazleak, «beste dohain askoren artean». Besteak beste, lerroen artean dagoena irakurtzeko gaitasuna, sentsibilitatea, itzulpena hartuko duen herrialdearen testuinguruaren ezagutza eta belarri ona. «Testu bakoitzak baditu bere tonua, erritmoa eta musikalitatea, eta hori beste hizkuntza batera isurtzeko gai da», zehaztu du.

Hezurren erretura liburuan, gainera, itzultzailea presente dagoela kontatu du Meabek: «Itzultzaile gisa ez ezik, pertsonaia gisa ere agertzen da Amaia liburuan; bizitzari buruz izan ditugun elkarrizketen laginak agertzen dira atal batzuetan».

Aspaldiko ezagunak

Duela hogei urte ezagutu zuten elkar Meabek eta Gabantxok. Hala ere, Gabantxok Azalaren kodea liburua irakurtzean igarri zuen lehen konexioa idazlearekin: «Poemak irakurtzen nenbilela, idazten zebilena ni nintzela sentitu nuen». Zehazki, baina, Dublingo poesia jaialdi batean ezagutu zuten elkar, eta, ordutik, harremanetan jarraitu dute. «Lehen topaldi hartan, poesia irakurri genuen jendaurrean, eta, harrezkero, sarritan ibili gara tandemean irakurketetan zein aurkezpenetan», kontatu du Meabek. «Ordezkari profesional eta afektiboa izan dut», gaineratu du.

Itzultzaile gisa hasi zenetik orain arte bilakaera bat egon dela ohartu da Gabantxo: «Euskal literatura mundu anglosaxoira ekartzen ari gara, eta hori lortzen ari garela ikustea oso betegarria da». Era berean, Meabek gaineratu du itzulpenak «lotura kulturalak» direla: «Aberastu egiten dute hizkuntzen arteko trukea».

Zehazki, 2015. urtean sortu zuten Etxepare-Laboral Kutxa saria, jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak saritzeko. Ordutik, hainbat lan itzuli dituzte. Besteak beste, Katixa Agirreren Amek ez dute nederlanderara, iaz; Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea japonierara, 2021ean; eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegia gaztelaniara, 2020an.

Gabantxok euskal literaturako hainbat pieza itzuli ditu ingelesera. Tartean, Harkaitz Canoren Twist eta Belarraren ahoa, Meaberen Kristalezko begi bat, eta Anjel Lertxundiren Zorion perfektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.