Amaia Gabantxo idazleak irabazi du aurtengo Etxepare itzulpen saria

Gabriel Arestiren 'Harri eta herri' eta 'Maldan behera' lanak ingelesera itzuli ditu Gabantxok. Nevadako Unibertsitateak (AEB) argitaratu ditu

Amaia Gabantxo Etxepare itzulpen sariaren irabazlea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Euskaraz lehenik. «Ezer ez naiz/ ez naiz ezer/ ez bada naizena». Ingelesez gero. «I am nothing/ nothing i am/ if not what i am». Gabriel Arestiren Ni eta nik diodana poema euskaraz eta ingelesez errezitatuz jaso zuen Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) itzultzaileak, atzo, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria. Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studiesekin (Reno, AEB) batera Arestiren Harri eta herri eta Maldan behera obrak itzuli ditu, edizio bakarrean. Egindako lanaren «kalitateagatik» eta «egokitasunagatik» saritu du Etxepare institutuak Gabantxo. 4.000 euroko saria itzultzailearen eta argitaletxearen artean banatuko dute, eta beste 2.000 euroko laguntza jasoko du itzultzaileak bere lanak sustatzeko.

Orain arte, hainbat lan itzuli ditu ingelesera: Harkaitz Canoren Twist eta Belarrarenahoa, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua, Unai Elorriagaren Vredaman eta Bernardo Atxagaren Borrokaria, besteak beste. Arestiren lanen itzulpenak, baina, lan handiagoa eskatu diola aitortu du. «Euskal literatura ingelesera itzultzeko lan honetan sartu nintzenetik, pieza asko itzuli ditut, baina batek ere ez dit eskatu Gabriel Arestiren hitzak besteko esfortzua».

Jarraian, azaldu du lanean zebilela albo batean utzi zituela ohar liburua eta ordenagailua, itzulpenekin ezin asmatu zegoelako. «Hasi eta geratu nenbilen». Arestiren poemak ahoz eta zuzenean itzultzen hastea bururatu zitzaion orduan. «Nahi gabe, itzulpen estrategia finkatu nuen. Izan ere, ahozko poesia erabili dut itzulpenerako: bertsolaritza. Hain zuzen, Arestiren poesiaren bihotzean bizi den espiritua».

Euskal idazle klasikoak itzultzearen garrantzia azpimarratu du, «munduak gu ikusi eta ulertu ahal izateko eta euskaldunok mundua zelan ikusten dugun ulertzeko». Hain zuzen, helburu hori du 2015. urteaz geroztik Etxepare institutuak banatzen duen itzulpen sariak. Lehen edizioan, Isaac Xubinek eta Kalandraka argitaletxeak jaso zuten saria, Joseba Sarrionandiaren Tiempo de exilio galegoz argitaratzeagatik; 2016an, Nam Kaneko idazleak eta Hakusuisha argitaletxea saritu zituzten, Kirmen Uriberen Mussche lana japonierara itzultzeagatik; eta Yaroslav Gubarevek eta Anetta Antonenkok Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak eleberria ukraineraz argitaratzeagatik jaso zuten saria, iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.