Lotura berezia dauka Katixa Dolhare-Zaldunbidek Itxaro Bordaren eleberrietako Amaia Ezpeldoi detektibearekin. Frantses irakasle gisa Parisko hiri bazterretan lan egin izan duela zenbait urtez, Euskal Herritik Parisera egin tren bidaia «aski dorpe» haietan «bihotz mina pixka bat eztitu» zion Amaia Ezpeldoiren abenturen zein Bordaren gainerateko liburuen irakurketak.
Eta hain zuzen, Amaia Ezpeldoiri adiskide bat sortu dio Dolhare-Zaldunbidek. Biribilgune (Elkar) eleberri argitaratu berriaren protagonista dena. Elkar, Elkar fundazioa eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten Gaztelumaren bidez publikatua.
Bordaren obrari «begi kliska» egin dio, autorearen hitzetan. Inkesta baten egiteko beharra agertzen da liburuan. Eta protagonistaren adiskide Amaia baten izena agertzen da hor. Inkesta egiteko aipatzen dute. Baina inkestaren beharra duenak, protagonistaren auzo adoptatuak, ez du dirurik. Eta krisia dela eta, diru behar hori duenak, Amaiak, ez dio onartzen. Hortik protagonistaren inkestaren abiapuntua. Berez ez da detektibea protagonista bera. Polizia Nazionaleko agente bat da, Legez Kanpoko Immigrazio Errepresioaren Zerbitzu batean. Baina lanbideaz baliaturik, auzoa lagunduko du eta Senegalera eta Parisko bazterreko Meaux hiriraino eramanen du irakurlea. Inkesta bat, hortaz. Baina «ez da zinezko nobela poliziako bat» abisatzen du idazleak. Izatekotan, «polizia nobela generoaren parodia bat».
Inkesta aitzaki, Dolhare-Zaldunbidek berak bizi eta ikusiak sartu ditu liburuan. Parisen irakasle gisa ikusiak, adibidez. Etorkinen seme-alabekin, paperik gabekoekin lan egina du han: «Uste dut Victor Hugoz ez diedala gauza handirik irakatsi», dio idazleak: «Zeren gehienbat psikologo eta langile sozial gisa aritu bainaiz. Ikusi dut zinez zer den miseria urbanoa». Nola piknikak egiten dituzten biribilguneetan, hain zuzen, ez baita beste berdegunerik auzo haietako zenbaitetan. Euskaldunei lotu zenbait gogoeta barnaturik josi ditu baita ere liburuan. Parisko Euskal Etxean ezagutu zenbait euskaldunen kezketatik abiaturik, besteak beste: «Aski harritu nintzen ikusiz anitz badirela hatsa hartzeko ihes egin dutenak Euskal Herritik. Hemen ezin biziz, etsiz edo militantzian sobera itorik. Nahiago dutenak handik Euskal Herri amestu bat irudikatu». Erranak erran, errateko maneratik, euskara berez jin zaio: «Aski pertsonalak baitira aipatzen ditudanak». Lapurtarra sortzez, Baigorrin bizi da orain eta laster Bankan (Baxenabarre).
Jadanik publikatua izan du idazleak, baina bereziki azterketa literarioak eta frantsesez. Tartean bere tesia, Jean Tortel poeta eta saiakera idazleaz egina. Frantses irakasle baldin bada, agregatua, doktore eta konferentzialari da Dolhare-Zaldunbide. Tokiora joan berria da mintzaldi bat emateko Japoniako literaturaz. Ingelesa eta gaztelania ere ikertuak ditu. Eta baita Itxaro Bordaren obra bera ere, literatura konparatuaren bidez. Unibertsitatean kurtsoak ematen ditu baina postu finkoaren zain, frantses irakasle ordezko izaten segitzen du.
Amaia Ezpeldoiri begi kliska
'Biribilgune' bere lehen nobela du Katixa Dolhare-Zaldunbidek, Gaztelumaren bekaren bidez kaleratu berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu