Naroa Zubillagak eta Amaia Apalauzak irabazi dituzte Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak

Zubillagak gazte literaturako itzulpen onenaren saria jaso du, Marlen Haushoferren 'Horma' itzultzeagatik. Apalauzari haur literaturari dagokion garaikurra eman diote, Laura Branden 'Hemen eta orain' euskaratzeagatik. Bederatzina mila euro jasoko dituzte.

Uxue Razkin Ereingo editorea eta Naroa Zubillaga itzultzailea, iaz, 'Horma' liburuaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Razkin Ereingo editorea eta Naroa Zubillaga itzultzailea, iaz, 'Horma' liburuaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko azaroaren 15a
13:00
Entzun

Iragarri dituzte Vitoria-Gasteiz haur eta gazte literaturako itzulpen sarien aurtengo irabazleak: Naroa Zubillaga eta Amaia Apalauza. Gasteizko Udalak antolatzen duen sariketak XXI. aldia izan du aurtengoa. Jakinarazi dutenez, hamalau hautagai izan dira osotara, eta Zubillagarena eta Apalauzarena gailendu dira; gazte literaturako kategorian bata, eta haur literaturakoan bestea, hurrenez hurren. Zehazki, Marlen Haushofer idazle austriarraren Horma (Erein, 2023) euskaratzeagatik egin diote aitortza Zubillagari. Apalauzak, berriz, Txalapartarekin emandako Hemen eta orain lana itzultzeagatik jaso du haur literaturako garaikurra. Jatorrizkoaren egilea Laura Brand idazlea da, eta Freya Hartas da ilustratzailea.

Zubillagak eta Apalauzak bederatzina mila euro jasoko dituzte. Sari banaketa abenduaren 3an eginen dute, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Aurtengo edizioan, kide hauek osatu dute epaimahaia: Karlos Del Olmo Serna, Ainara Ruiz Benito, Itziar de Blas Fernandez de Gamarra, Miren Ibarluzea Santisteban eta Karlos Zabala Oiartzabalek.

Amaia Apalauza, artxiboko irudi batean.
Amaia Apalauza itzultzailea, urrian, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.