«Eleberri dokumentala» da Nuria Cadenes idazlearen Guillem. 2022an eman zuen argitara, eta Guillem Agullo militante antifaxista eta independentista valentziarraren hilketa eta haren ostekoak ditu oinarri. 1993ko apirilaren 11n hil zuten gaztea, eta belaunaldi oso bat markatu duen ikur bilakatu da geroztik. Haren senide eta lagunak elkarrizketatuta, epaiketa prozesua dokumentatuz eta sasoi hartako egunkariak kontsultatuz osatu zuen kontakizuna idazleak, eta Valencia Negra eta Lletra D'or sariak jaso ditu horri esker. Amaia Apalauza Ollok itzuliko du orain, (H)ilbeltza bekari esker. 6.000 euro jasoko ditu horretarako, eta 2025eko abenduan emango du argitara Txalaparta argitaletxeak.
Antolatzaileek ezarritako testu zati bat itzuli behar zuten hautagaiek, eta hamar lagin aurkeztu dira. Apalauzarena nabarmendu du epaimahaiak guztien artean. Azpimarratu dutenez, katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen da bereziki aipagarria. Horretarako joskera zaindu eta euskararen baliabide ugariak baliatu dituela ere txalotu dute. Haien hitzetan, «jario eta aberastasun handiko testua» da emaitza.
Sorkuntza eta itzulpena
Euskal Filologia ikasi zuen Apalauzak, eta Nafarroako euskarari buruzko doktore tesia aurkeztu zuen 2011n. Itzultzaile-zuzentzaile autonomoa da egun, eta EIZIEko zuzendaritza taldeko kidea. 2015. urtean argitaratu zuen lehen literatura itzulpena, Literatura Unibertsala bilduman: Sergei Dovlatoven Maleta ipuin liburua. Hark ekarri ditu euskarara Irene Pujadasen Puskak (Igela, 2022) eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora ere (Consonni, 2024) .
Baztanen egiten duten (H)ilbeltza jaialdiari lotuta dago (H)ilbeltza beka, eta 2019an jarri zuten abian. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute, eta euskarazko nobela beltza sustatzea da xedea. Horretarako, txandaka saritzen dituzte sormen eta itzulpen lanak.
Orain artean, beste hiru itzulpen eman dituzte argitara beka horri esker: Patricia Highsmithen Lardaska, Josu Barambonesek euskaratua; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; eta Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskaratua.
Euskaraz sortutako bi lan ere eman dira argitara, gainera: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak eta Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu. Eta 2025eko (H)ilbeltza jaialdian aurkeztu asmo dute iaz garaile suertatu zen Joxan Oizen egitasmoa.