Amaia Alvarez Uria: «Literatura guztietan isildu da emakume idazleen lana, baita gurean ere»

Euskal literaturaren historia «androzentrikoa» gainditzeko asmoz, XIV. mendetik XX.era arteko emakumezko idazleek sortutako testuak bildu eta aztertu ditu Amaia Alvarez Uriak 'Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa' lanean.

Amaia Alvarez Uria ikertzailearen 'Zuzi iraxegia' liburuaren aurkezpena, Durangoko Azokan. BERRIA
Amaia Alvarez Uria ikertzailearen 'Zuzi iraxegia' liburuaren aurkezpena, Durangoko Azokan. BERRIA
Inigo Astiz
2025eko urtarrilaren 8a
04:55
Entzun

«Emakume idazleen lana beti izan da isildua, baztertua eta ahaztua; ez zaio baliorik eman eta ez zaio interesik topatu. Literatura guztietan gertatzen da hori, baita gurean ere». Hutsunea seinalatu, eta hura osatzen saiatzea izan da Amaia Alvarez Uriaren asmoa (Bilbo, 1978). Kritikaren eta gonbidapenaren artean. Euskal Filologiako lizentziaduna eta literaturako doktorea ez ezik, EHUko irakaslea ere bada, eta euskal emakumezko idazle klasikoen lana bildu eta berreskuratzeko idatzi du Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa liburua. Testu Zaharrak zigiluak eman du argitara 300 orri pasatxoko lan mardula, eta, emakumezko horien figurak eta haien testuak berreskuratzeaz gain, haiek bizi izandako testuinguruaren nondik norakoak ere jaso ditu Alvarez Uriak; XIV. mendeko baladekin hasten da lana, eta XX. mendearen erdialderaino egiten du aurrera, hain zuzen ere, ardatz hartuta Euskal Pizkundearen bueltan Julene Azpeitiak, Maddi Ariztiak eta Katalina Eleizegik 1930eko hamarkadatik 1960ko hamarkadara artean idatzitako poema, antzezlan eta ipuinak.

Alvarez Uriak liburuan dioenez, «beti» egon dira emakume literaturgileak, baina ia ikusezinak izan dira orain arte euskal literaturaren historiari buruzko liburuetan. Zergatik? Argi erantzun du: «Historian emakumeek egindako ekarpena ez delako aintzat hartu, bigarren mailakotzat jo delako, eta baztertu edo desagerrarazi ere egin delako. Hainbat egile eta testu ahanzturan egon dira, emakumeenak izateagatik, eta baita euskaraz idatzita egoteagatik ere». Eta baztertze, ezabatze eta desagerrarazte horri aurre egiteko idatzi du liburua.

«Nahi izatera, topatu egiten dira emakumeek idatzitako testu horiek. Baina ez dago interesik»AMAIA ALVAREZ URIALiteratur ikerlaria

Berez, Alvarez Uriak dioenez, liburuan bildutako testuak bilatzea ez da bereziki zaila. «Ez da sekulako ikerketa egin behar, ez dira urteak eman behar artxiboetan. Nahi izatera, topatu egiten dira testu horiek. Baina ez dago interesik». Alvarez Uriaren hitzetan, ez dira egileak eta testuak bakarrik falta. «Begirada ere falta da», eta, liburuaren hasieran ikusten da hori argien.

Zirrimarratutako maitasuna

Nagusiki, baladak biltzen ditu lehen atalak. Baina, bilketa egiteaz gainera, historikoki testu horiek interpretatzeko nagusitu den modua ere zalantzan jartzen du lanak. Horregatik, pasarte baten tituluan, esaterako, zirrimarratuta ageri da maitasun hitza Maitasun baladak izenburuan. Ikertzaileak dioenez, balada horiek, izendapen hori jaso duten arren, maiz ez dute maitasun sentimendurik adierazten, «jokaera misoginoak» baizik. Eta horregatik zirrimarra. Besteak beste, atal horretan bildutakoen artean dira Urtsua balada, Andre Emili balada, Atharratze jauregian balada, eta Isabelatxu balada. Gurasoek diru truke ezkondutako alabei buruzkoak dira haietako batzuk, ezkontzatik kanpoko haurdunaldiak deskribatzen dituzte beste batzuek, eta badira hilketak, bortxaketak eta nekrofilia ekintzak ere aipatzen dituztenak.

Hiru Truku taldeak Isabelatxu baladarekin sortutako abestia.

Ikerlariak dioenez, bi helburu izan ditu liburua idazteko: «literatura androzentrikoa gainditzea» bata, eta «historiaren ikuspegi kritikoa ematea» bestea. «Zenbait botere harreman eta zapalkuntza egoera argitan ipiniz bertsio ofiziala galdekatzea eta auzitan jartzea».

Idatzizkoaz harago

Literatura idatziaz gainera, ahozko literatura ere hartu du kontuan liburua osatzerakoan. Bertsoak dira horren adibiderik argiena, baina ahozko ipuinak eta ahozko antzerkia ere jaso ditu. Hitzaurrean zehaztu duenez, «oso aberatsa» da, eta «ezezaguna», euskal ahozko herri literatura. «Euskal literaturaren historiari begiratzen diogunean, egin den baloraziorik hedatuena zera da, berantiarra, urria eta erlijiosoa izan dela. Nagusiki elizgizonek idatzitako dotrina, katixima eta otoitz liburuak direla euskaraz XX. mendera arte aurki ditzakegun euskal testu zaharrak. Baina bada testu laiko eta literario interesgarririk gure hizkuntzan azken sei mendeetan; are gehiago, egun nagusi den narratibatik edo idatzizko eta argitaratutako testugintzatik harago bilatzen badugu».

«Liburuak euskaraz nork idatzi duen ere aztertzen du, norentzat, zer baldintzatan eta, diglosia egoera hori aztertuta, ea zergatik egin den hautu hori edo ez»AMAIA ALVAREZ URIAIdazlea

«Beti gustatu zait mugak zabaltzea eta muga horiek auzitan jartzea», azaldu du ikertzaileak. Ahozko literaturaren eta idatzizko literaturaren arteko muga da auzi klasiko horietako bat, baina literatur generoena ere aztertzekoa dela uste du Alvarez Uriak, emakumeen literaturari dagokionez batez ere. «Gaur egun prosa da nagusi, eta haren gerizpean doaz poesia, antzerkia, eta gero datoz beste generoak. Literatura anglo-saxoian, adibidez, gutunak ere aztertzen dituzte ikerlariek, bai eta egunerokoak ere».

'AMATTOREN UTZA' - MADDI ARIZTIA
Amattoren uzta, Maddi Ariztiaren liburua.

Eta, hain zuzen ere, eskutitz sorta bat ere bildu du liburuan horregatik, betiere ikuspegi literariotik aztertzeko.

Euskal Herri osoko testuak bildu ditu liburuan ikerlariak: hala Ipar Euskal Herrikoak nola Hego Euskal Herrikoak. Eta bi esparru horien harremanari buruzko gogoeta ere egin du liburuan. «Oso argi geratuko da zein desberdinak izan diren batean eta bestean izan diren tradizioak eta haiek euskal letretara ekarri dituzten ondorioak. Oso gutxitan gertatu da bi aldeetan erritmo berean urratzea literaturaren bidea».

«Nire betiko gaia da», aitortu du ikertzaileak. 2005ean, Euskal emakume idazleen lekua literaturaren historian artikulua argitaratu zuen Jakin aldizkarian, esaterako, eta galdera honekin abiatzen zuen testua: «Non daude emakume idazleak? Idazten dute emakumeek euskaraz?». Euskal literaturaren historiak bazterrean utzitako hamaika emakumezkoren izenen eta lanen aipamena egiten zuen gero testuak. «Hurbilpen txiki bat» izan zen hura, ikertzailearen hitzetan, eta orduan hasitako bide horretan sakondu du orain Zuzi iraxegia lanarekin.

Nork idatzi du euskaraz?

Hiru atal dauzka kapitulu bakoitzak. Lehenak testuinguru sozio-historiko orokorrari buruzko aipamenak dakartza, bigarrenak testuinguru literario-kultural zehatzagoari erreparatzen dio, eta, azkenik, emakume idazleen bizitzak zein haien testuen laginak biltzen ditu kapitulu bakoitzak. Hala bada, eresi eta baladekin hasten da lana, eta Estibaliz Sasiolakoaren poemak aztertzen ditu XVI. mendeari eskainitako atalean. Azpeitiko gutuneria esaten zaion gutun sorta biltzen du XVII. mendeari buruzkoak. Luisa Misericordiakoaren Gabon sariak lana ere jasotzen du XVIII. mendeari buruzko kapituluak. Bizenta Mogelen testuingurua eta testuak ez ezik, hainbat emakumezko bertsolariren lanak ere badakartza XIX. mendeari buruzkoak, eta Julene Azpeitia, Maddi Ariztia eta Katalina Eleizegi ditu aipagai azkenak, XX. mendeko literaturari eskainitakoak.

Euskaraz idaztearen historia ere ageri da liburuan, Alvarez Uriaren hitzetan. «Nork idatzi duen euskaraz, norentzat, zer baldintzatan eta, diglosia egoera hori aztertuta, ea zergatik egin den hautu hori edo ez».

Euskaraz sortutako testuak dira aztertutako gehienak, baina hiru salbuespen egin ditu egileak. Margarita Nafarroakoak frantsesez idatzitako Heptamerona ipuin bilduma da lehena, Katalina Erausoren Historia de la monja alférez bigarrena, eta Rita Barrenetxeak gaztelaniaz idatzitako Catalin da azkena. Alvarez Uria: «Salbuespenak izan dira, emakume sortzaile horien lana ezagutzera ematea interesgarria iruditu zaigulako».

Lehen hezurdura bat

Iratxe Retolazak idatzi du hitzostea, eta, kritiko mintzo da bertan salbuespen horien gainean. Edonola ere, Retolazaren hitzetan, «Euskal Literaturaren historiografia femeninoaren lehen hezurdura bat» eraiki du Alvarez Uriak liburu horrekin, eta etorkizunerako mugarri izango dela espero du.

Julene Azpeitia euskal idazlea, bizikleta bati eusten. XABIER ESKAURIATZA
Julene Azpeitia euskal idazlea, bizikletari eusten. XABIER ESKAURIATZA

Era berean, Retolazak txalotu egin du idatzizko literatura ez ezik ahozkoa ere kontuan hartzeko erabakia. «Irizpide klasiko eta hegemoniko horiek arrakalatzeak literatura klasikoaren inguruko genero-ikuspegia desplazatzea dakar, bestelako jardun horietan (ahozkoetan, antzezpenari loturikoetan, eskuizkribuetan...) genero-posizioak askotarikoagoak izan baitira. Klasikotasunaren argi-itzalak ikusgai egiteak, literaturaren historiak naturalizatu dituen balioespen-bide batzuk zalantzan jartzea dakar, eta euskal literaturaren ibilbide historikoak egituratzeko bidezidor berriak irudikatzeko aukera ematen du, genero-logika berriak ere badakartzatenak».

2018an jarri zuten abian TZ Testu Zaharrak izeneko egitasmoa, eta hainbat liburu eman dituzte argitara geroztik. Denji Kuroshima japoniarraren Bele saldo bat ipuin bilduma eta Guy de Maupassant-en Oilagorraren ipuinak kaleratu zituzten lehenik, eta geroztik lan hauek ere eman dituzte argitara: Kate Chopinen Esnatzea (2019), Xabier Monasteriok bildutako Iparreko eleak (2020) eta Munduan barna (2022), bai eta Zitkala-Sa-ren Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak ere (2022). Horrenbestez, bildumako zazpigarren liburua da Alvarez Uriarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.