Iragarri dute Euskarazko Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntza deialdiaren irabazlea: Donostiako AmaHiru konpainia saritu dute, Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanagatik. Komedia bat da, eta Iñaki Cidek, Eneritz Sanchezek eta Iñigo Elosegik sortu dute, zehazki. Sariketa Donostia Kulturak antolatzen du, Ehazerekin eta Donostiako Udaleko euskara zerbitzuarekin lankidetzan, eta, ohi denez, finalista izandako beste obra bat ere goraipatu dute: Baionako Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson / Euskal kulturak iraultza behar du! obra; bigarren saria jaso du hark. Biak ala biak Poltsiko Antzerkiaren Donostiako Jaialdiaren 34. aldian taularatuko dituzte estreinakoz, eta launa emanaldi eginen osotara —datak zehazteko daude—.
AmaHiru konpainiak azaldu gisara, hau du sinopsia bere obrak: Idoiak eta Julenek igogailu txiki batean eginen dute topo; nor bere aldetik, baina biak dira lagun batzuen etxean afari banatan izan berriak. Ustekabean, igogailua hondatu eginen da, kolpez gelditu, eta hainbat metro eroriko da. Ondorioz, bai Idoiak eta bai Julenek konortea galduko dute, eta ahots batek esnatuko ditu handik tarte batera. Igogailuen mantenua egiten duen enpresako langilea da mintzo zaiena, eta Idoia eta Juleni esanen die nazioarteko ezbehar bat izan dela, eta mundua dagoeneko ez dela lehen zen bezalakoa.
AmaHiru konpainiako kideen esanetan, deskribapen honek ere ederki jasotzen du obraren muina: «Gorroto duzun bizitza aldatzeari buruzko komedia klaustrofobikoa». Diotenez, gainera, antzezlanak gogoeta sakonak egitera bultzatuko du ikuslea. Eskuratutako sariari esker, konpainiak 2.500 euroko diru laguntza jasoko du, antzezlanak garatzeko eta ekoizteko. Lana estreinatutakoan, beste 3.000 euro jasoko dituzte.
Texasko Adriene
Aldiz, Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson / Euskal kulturak iraultza behar du! obrak 1980an Austinen (Texas, AEB) jaiotako Adriene Bergson-Johnson fikziozko pertsonaiari buruzko kontakizuna egiten du. Bakarrizketa bat da, Maryse Urruti eta Martin Antxiak idatzi eta zuzendu dute, eta Urruti bera da antzezlea. «Adrieneren pertsonaia pentsamendu neoliberalaren metafora bihurtuko da, eta haren enpresaburu ikuspegiaren eta errealitatearen arteko desoreka izango da ikuskizunaren umore iturria», esplikatu dute obra Itzulikoek.
Bigarren saria jasota, Itzuli konpainiakoek 2.000 euroko laguntza jasoko dute antzezlana garatzeko eta ekoizteko, eta beste 2.500 euro ere emanen dizkiete behin lana taularatu eta gero.