Amagoia Mujika Telleria kazetariak (Usurbil, Gipuzkoa, 1979) jaso du 41. Gabriel Aresti saria. Bilboko Udalak antolatzen du sariketa, eta, emandako informazioaren arabera, aurten hirurogei lan aurkeztu dira euskarazko adarrerako. Hirurogei narrazio, askotarikoak, eta Mujikarena gailendu da guztien artean: Azazkalak. Neskato baten ikuspuntutik idatzitako ipuina da. Gaur-gaurkoz, ez dute narrazioari buruzko detailerik argitaratu apenas, baina epaimahaiak kontakizunaren «gordintasuna» nabarmendu du batik bat. Baita Mujikaren idaztankera «sinple eta zaindua» eta haren bitartez sortutako eszenen «edertasuna» ere.
«Sinbolismoz betetako eszena ederrak eraiki ditu», nabarmendu dute epaileek, zehazki, Mujikaren narrazioari buruz. Gainera, neskato baten ikuspuntutik idazteak dakarren zailtasuna aipatu dute, eta adierazi Mujikak asmatu duela hala eta guziz kontakizuna modu sinesgarrian idazten. Diotenez, idazleak ederki trazatu ditu pertsonaiak: «Elipsien erabilera neurtua eta aparta da, baita pertsonaia nagusien eboluzioa ere».
Amagoia Mujika Telleria Gara-ko kazetaria eta zutabegilea da egun; Gaur8 astekariaren koordinatzaile ere bada, zehazki. Gabriel Aresti sariari esker, 3.500 euro euro jasoko ditu ordainetan.
Bestalde, Oskar Azkona Garcia eta Maitane Perez Argote ere saritu dituzte lehiaketaren 41. aldian. Accesit bana erdietsi dute, Trail running eta Lurrikarak narrazioengatik, hurrenez hurren. 1.750 euro jasoko ditu bakoitzak.
Gaztelaniaz, 500etik gora hautagai
Sariketan parte hartzeko baldintzei dagokienez, hautagaiaren jatorria ez da muga. Herrialde guztietako pertsonek har dezakete parte, baldin eta 18 urtetik gorakoak badira. Edonola ere, modalitate bakar batean har daiteke parte aldiro; alegia, aukeratu beharra dago gaztelaniazkoan edo euskarazkoan aritu. Eta gaztelaniazko adarrean izena ematen dutenen kopurua puskaz handiagoa da beti: aurten, 531 izan dira. Besteak beste, datu hau ere esanguratsua da: Argentinako 198 autorek hartu dute parte. Edonola ere, Cesar Anguiano mexikarrak irabazi du sari nagusia, Nuevo camino hacia el mar ipuinagatik.
Gaztelaniazko adarreko accesitak Alisa Leinek eta Veronica Aviles Calderonek irabazi dituzte; argentinarra eta venezuelarra dira, hurrenez hurren.