Duela hamar urte batu ziren Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa eta teklatuak), Beñat Barandiaran (gitarra elektrikoa) eta Elene Arandia (ahotsa). Urteurren biribilak hauspoa merezi duela eta, disko berri bat plazaratu dute, Ama, baita single bat eta haren gaineko bideoklip bat ere, Harkaitz Canoren hitzak oinarritzat hartuta.
Paradoxa hutsa dirudien arren, taldea osatzeko aitzakia nagusia musikarako denbora faltak eman zien, Arandiak azaldu duenez: «Gure egunerokoan musikari gisa egiterik ez daukaguna egin nahi genuen: musikari denbora eskaini, baina ez besterik gabe, musikari denbora emanez gozatzeko baizik».
Geroztik hamar urte joan badira ere, orduko grinak bere horretan dirauela esan du. Are, taldearen izaeraren parte aldaezin gisa definitu du: «Gozatze horren bueltan egiten dugu dena, hortxe aurkitzen diogu zentzua». Nolanahi dela ere, bada eboluziorik. Izan ere, nork bere eraginak eta gustu musikalak ditu, eta, iturri askotatik edanez gero, emaitzak ere «ezberdina» izan behar ezinbestean.
«Gure egunerokoan musikari gisa egiterik ez daukaguna egin nahi genuen: musikari denbora eskaini, baina ez besterik gabe, musikari denbora emanez gozatzeko baizik». ELENE ARANDIAAbeslaria
Gozatzeari lehentasuna emanez, beraz, pittaka-pittaka, patxadaz eta zatika ondu dute diskoa, urtebeteko epean. Lehendabizi, bi single eman zituzten argitara; horietariko bat, Iraolanekoa. Hainbat urtetan jo izan duten abestiaren birmoldaketa dakar. Ama da bestea; eta abestiak erakusten duen malgutasunaren ispilu, hona hemen Josu Zabalak aurkezpenerako idatzitako deskribapena: «Doinu, molde eta zentzu ezberdinak hartzen ditu: irria, kaosa, nostalgia, itxaropena, begirada gordeak, laztanak... eta naturaren bidezko erredentzioa». Hirugarren singlea heldu da orain: (Ia) aholkurik gabeko eskutitza, Harkaitz Canoren hitzetan oinarritua. Diskoari irudia jarriko dion singlea dela esan liteke, berau baita bideokliparen oinarria.
Aurreikusi gabekoa
«Hasieran ez genuen uste diskoari izenburu hori emango genionik», aitortu du Zeberiok. Izan ere, abesti hori ama hil zitzaionean konposatu zuen, eta ez zuten «gehiegi pertsonalizatu» nahi. Era berean, gai unibertsal gisa har zitekeela ere begi bistakoa egin zitzaion: «Izan ere, denok ere badugu ama; gainera, ama lurra ere bada, eta bizitza emailea, eta, finean, emakumearen aldarria ere izan zitekeela iruditzen zitzaigun». Zeberioren ustez, diskoari izenburua jartzea sarritan «buruhaustea» izan litekeen arren, Ama-k diskoaren baitako gauza asko «biribiltzen eta laburbiltzen» ditu.
Egur bereko ezpala da Faltan sumatzen dut abestia, diskoko seigarrena. Karlos Linazasororen soneto bat du oinarri, eta idazlearen eta Zeberioren arteko adiskidantza jartzen du agerian. Duela hainbat urte emailez jasoa, paperean inprimatua eta pianoan jarria zuen Zeberiok, eta ama hil zitzaionean «hortxe» topatu zuen, eskura. Soneto horretan oinarrituriko kantua, beraz, «oso modu organiko eta errazean» sortu zela esan du, eta hori kontuan hartuta «bederen baziren bi elementu» diskoari izen hori emateko aproposak.
«Denok ere badugu ama; gainera, ama lurra ere bada, eta bizitza emailea, eta, finean, emakumearen aldarria ere izan zitekeela iruditzen zitzaigun». JUANTXO ZEBERIOPiano jotzailea
Diskoari amaiera ematen dion kantua, bestalde, Ama-ren bertsio instrumental bat da, «bere momentuan grabatutakoaren isla». Zeberiok azaldu duenez, etxean pianoan jarrita eta grabaketan ari zen, telefono dei baten bidez ama hil zela esan ziotenean: «Grabaketa hortxe eten zen, eta horrekin egin dut kantua».
Pandemia, bigarren ardatza
Amarena batetik, pandemia bestetik. Diskoa osatzeko bigarren haria «itxialdian izandako denbora» izan dela azaldu du Zeberiok: «Doinu asko sortu nituen, eta horietariko batzuk Canori pasatu nizkion». Tartean zen Erlauntzako erreginak, diskoko bosgarren abestia. Hitzak idatziko dituztenei inoiz gutxitan aipatzen die gairik Zeberiok, «eta, kasualitatez edo, bete-betean asmatzen dute». Kasu hartan, ordea, aipatu egin zion Canori: «Doinuak pandemian bizi izandako hura gogorarazten zidala esan nion, nola egon ginen etxean, leihotik begira, eta hasieran zintzo, baina gero ez horren ondo, besteek zer egingo ote zuten txutxu-mutxuka».
Diskoaren «hirugarren oina», berriz, Aitor Etxebarria ekoizlearen lana izan dela azaldu du piano jotzaileak. Hirugarren diskoan bezala, honetan ere harengana jo dute zuzen, «oso gustukoa» dutelako haren lana, «baita lan egiteko modua ere», eta, batik bat, «oso konexio ona» dutelako harekin. Haren esku hartzea «oso agerikoa eta kontzientea» dela esan du.
Beñat Barandiaran bateria jotzailea diskoaren estreinaldiko kontzertuaz mintzatu da. Zuzenekoetan boskotean jotzen ohituak, hari laukote batekin arituko dira kasu honetan, «elementu horiek ere badituelako diskoak, eta merezi ere, merezi duelako». Horrez gain, beste bi abeslari ere igoko dira oholtzara, eta koruak egingo dituzte. Martxoaren 15ean izango da, Tolosan (Gipuzkoa), «batzuentzat etxea den horretan», Barandiaranek ironiaz gaineratu duenez. Prestaketan «gogotsu eta mimo handiz» ari direla gaineratu du.