Ama hil eta erailtzea

Hika teatroak larunbatean estreinatuko du Igorren ama zorrotz baten menpe hazitako bi alabaren istorioa kontatzen duen 'Koadernoa zuri' antzezlana

Agurtzane Intxaurraga, Itziar Ituño eta Miren Gojenola aktoreak Koadernoa zuri antzezlana entseatzen, Igorreko Lasarte aretoan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Igorre
2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Zabaldu da oihala. Eszena erdian ohe bat baino ez, eta itolarriraino estutzen igar daitezke zilbor-hesteak haren inguruan. Ohe horretantxe erditu zen Arrate eta Begoña ahizpez, eta ohe horretantxe ikusi dute hiltzen orain alabek. Amaren kontroletik ihesean Afrikaraino joan zen bata, eta amaren kontrolpean eta bakarrik gelditu zen bestea. Baina kito, hil da, eta 25 urtez elkarren berri izan gabe pasatu ostean, elkarrekin ama erail beharko dute orain. Larunbatean estreinatuko du Koadernoa zuri antzezlana Hika teatroak, Igorreko Lasarte aretoan (Bizkaia), eta hogei emanaldi baino gehiago ditu lotuak jadanik. Entsegu bat izan da gaurkoa, baina ia bi orduz amarekikoak argitzen pasatu ostean aurpegian ere igartzen zaie neke emozionala aktoreei. «Barrura heltzen da», diote. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak idatzi dute testua, Intxaurragak zuzendu du lana, eta Miren Gojenola, Itziar Ituño eta Intxaurraga arituko dira oholtzan.

«Zaila egin zait lan hau zuzentzea», aitortu du Intxaurragak. Urteak daramatza ofizioan, eta sari sorta jasoa du horregatik. Aitarekin bidaian antzezlanarekin, esaterako, Euskarazko Testu Onenaren Max saria, Errioxako Garnachaco ikusleen XIII. Antzerki Lehiaketako ikusleen saria, eta Donostia Hiria saria jaso zituen Hika teatroak. Dioenez, ordea, oraingoan, bereziki gogor aritu behar izan du lanean, eta apirilaz geroztik aritu da aktoreekin Hernanin lanean. «Azkar egin behar dira eszenatik eszenarako trantsizio guztiak, eta oso gorabeheratsua da emozioen bidaia antzezlanean». Horregatik zuzendariak aipatutako zailtasuna, eta horregatik aktoreek aipatutako nekea ere, baina, hain justu ere, bizitasun eta intentsitate horretan dago piezaren indarra ere.

Luzez izan du buruan Federico Garcia Lorca idazlearen Bernarda Albaren etxea antzezlana Intxaurragak. Alaben purutasunarekin eta zuzentasunarekin obsesionatutako ama zorrotz eta ultrakatoliko bat da piezako ardatz nagusia, eta haren egokitzapena egitea zen bere hasierako asmoa. Baina ezetz Iturbek, Andaluziaraino joan beharrik gabe, Euskal Herrian ere bazirela aski Bernarda Alba, eta haietariko bat da antzezlanaren erdigune bilakatu dutena, azkenean. «Erlijioak ikaragarrizko indarra izan du hemen ere, eta tradizioaren defendatzaile sutsu izan diren emakume asko izan da, beren alabak bide zuzenetik eramaten zorrotz saiatu direnak. Gure Bernarda-k ere mina dauka barruan, ezin da borrokatu min horren aurka».

Bi ahizpen arteko harremana eta talka da antzezlanaren erdigunea, eta haien arteko solasaldien bidez joango dira amari ezkutatu nahi izandako sekretuak azaleratzen. Sexua, errua, askatasuna, prekaritatea, fideltasuna... Kontaketa ez da erabat lineala, ordea. Atalez atal eta denboran atzera eta aurrera jauzi eginez doa kontakizuna. «Publiko aktiboa nahi dut beti», azaldu du Intxaurragak. «Hala egin izan dugu lan beti gidoietan, eta niri ere eszenak hala aurkeztea gustatzen zait. Adi dagoen ikuslea gustatzen zait, eta gutxinaka-gutxinaka eta kasik oharkabean murgilduta dago antzezlanean».

Umore ukitua

Klaustrofobikoa da giroa, baina badira oxigeno tarte batzuk ere. Intxaurragak kontatu duenez, hori izan da gidoilarien helburua hasieratik. Umore ukitu batzuk ere tartekatu dituzte horregatik kontakizunean. «Hitzak antzezlanean edota Arantxarekin [Iturberekin] batera idatzi nuen Aitarekin bidaia lanek alde dramatiko hori bazuten, baina ez zegoen arnasteko tarterik, eta oraingoan hori izan da hasieratik geure buruei jarri diegun erronka».

Bereziki konplexua da aktoreen lana ere. Etengabeak dira denbora jauziak kontakizunean, aktoreen esku doa eszenako elementu guztiak mugitzea ere, eta pertsonaia bat baino gehiago jokatu behar dute maiz. Kexarik ez, ordea, Gojenolaren hitzetan. Kontrara. «Harribitxi bat da antzezlan hau». Ihes egiten duen alabaren rola egiten du berak, baina, dioenez, aberatsak dira antzezlaneko pertsonaiak, eta ñabarduretan arreta jartzeko aukera eskaintzen dio horrek. «Dakigun guztia erakusteko aukera pila bat dugu, luxu bat da».

Pozik Ituño ere. Amarekin geratzen den alaba da bera. «Batzuetan errealitatean zabiltza, beste batzuetan oroimenean, eta beste batzuetan irudimenean. Geruza piloa ditu antzezlanak». Eszenaz eszena jauzika aritzeak, gainera, emozioz emozio jauzika aritzea ere badakarrela dio aktoreak, eta bereziki landu behar horregatik. «Koreografia emozional hori ikasi egin behar da».

EMANALDIAK

Igorre. Larunbatean, Lasarte aretoan, 20:00etan.

Iruñea. Urriaren 19an, Gaiarre antzokian, 20:00etan.

Azpeitia. Azaroaren 11n, Sanagustin Kulturgunean, 09:30ean.

Hernani. Azaroaren 15ean, Biteri kultur etxean, 20:00etan.

Lasarte. Azaroaren 18an.

Basauri. Azaroaren 25ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.