Alvarez lehendakaria

Nazioarteko kongresu akademiko hirukoitza antolatu dute Jose Antonio Agirre lehendakariaren Berlingo erbestealdia aztertzeko

Jose Antonio Agirreri buruzko jardunaldien aurkezpena, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Urtarrilak 12. Goizeko zortzietan hartu dugu Berlinerako trena. Bagoiak zaharrak dira eta utzita daude. Nabarmena da kontrastea tren hauen zikinkeriaren 1925ean eta 29an ezagutu nituen tren haien garbitasunaren artean. Jendea isilik doa, gutxitan pizten da elkarrizketaren bat. Mara-mara bota du elurra eta zuritutako zelai artean goaz aurrera». 1941. urtea da eta piztiaren bihotzera doa Jose Antonio Agirre lehendakaria. Euskal Herritik ihesi, Frantzia zeharkatu, Belgikatik pasatu eta elurtutako zelai artean heldu da Alemania naziaren hiriburura. Bibotea eta betaurrekoak, Alvarez medikua da ofizialki, eta nortasun faltsu horren pean emango ditu bertan lau hilabete, harik eta maiatzaren 23an AEBetaranzko bidea abiatuko duen arte. Aurten betetzen dira 75 urte ordutik, eta Berlingo Euskal Etxearen ekimenez, Agirreren Berlingo erbestealdia gogoratu eta aztertzeko ekitaldi sorta antolatu dute Eusko Jaurlaritzarekin, Etxepare euskal institutuarekin eta Agirre Lehendakari Center erakundeekin lankidetzan.

Bi adar nagusi izango dituzte ekitaldiek. Hitzaldiak, poesia errezitaldiak eta kontzertuak egingo dituzte ekainean Berlinen, esaterako, eta hiru geldialdiko kongresu akademikoa antolatu dute Agirreren figura eta Francoren errepresioa ardatz hartuta: AEBetako Nevada estatuko Reno hirian egingo dute lehen zikloa martxoaren 26tik 29ra, Berlinen bigarrena ekainaren 1ean eta New Yorken azkena ekainaren 9an. «Agirreri buruz inoiz egin den kongresu akademikorik esanguratsuena, garrantzitsuena eta osoena izango da», Ainhoa Añorga Berlingo Euskal Etxeko lehendakariak zehaztu duenez.

Programa ez dute erabat itxi oraindik, baina parte hartzaileetariko batzuen izenak aurreratu dituzte jada. Renon, esaterako, Xabier Irujo, Joseba Zulaika, Angel Viñas, Sandra Ott eta Julian Casanova arituko dira hizlari. Berlinen, frankismoaren errepresio bideak aztertuko ditu Joan Villarroya Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak, Agirreren figuraz mintzatuko da Nicholas Rankis idazle eta kazetaria, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Vatikanoaren arteko harremanez arituko da Hilari Raguer i Suñer Montserratekounibertsitateko historialaria. Eta, azkenik, New Yorken izango dira Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Ludger Mees Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Juan Ramon Resina Standford unibertsitateko irakaslea eta Andrea Bartolli gatazken ebazpenetan aditu eta New Jerseyko Seton Hall unibertsitateko errektorea.

Badu bere sinbolismoa hautaketak. Izan ere, ez da kasualitatea zikloa ixteko Columbia unibertsitatea hautatu izana, Agirre lehendakaria ere bertan aritu baitzen irakasle New Yorkera heldu zenean. Baina izango dira keinu sinboliko gehiago ere. Ekainean Alemanian ekitaldi sinboliko instituzional bat ere egingo dutela aurreratu du Añorgak, adibidez.

2012an sortu zitzaien Agirreren erbestealdiaren gaia lantzeko ideia Berlingo euskal etxekoei. Edorta Jimenez idazleak hirian emanaldi bat eskaini, eta Agirreren Berlingo pasarte hari buruz zerbait egin zitekeela aipatu zienean. Añorgak dioenez, proiektuari bueltaka aritu dira geroztik, eta urteurrena baliatzea erabaki dute orain. Horregatik orain kongresu akademikoa, eta horregatik orain Berlinen antolatuko duten astebeteko programa ere.

Agirreren egunerokoak

Maiatzaren 31tik ekainaren 3ra egingo dituzte Agirreren inguruko jardunaldiak Berlinen, eta ekainaren 2rako egun osoko programa antolatu dute. Mari Jose Olaziregi literatur aditu eta Etxepare institutuko kidea, Iker Sanchez orkestra zuzendaria, Benjamin Inal ikerlaria, Kirmen Uribe idazlea eta Miren Arzallus moda adituak hartuko dute parte saio horietan. Añorgak azaldu du helburua: «Hizlari horiek erakutsiko dute nola irudikatu duten literaturan, musikan, artean edota modan euskal erbestearen gaia». Zaldiak eta beren itzalak irakurketa musikatua ere eskainiko dute Uribek eta Mikel Urdangarin musikariak Berlingo Gorki teatro entzutetsuan.

Baina Agirreren hitzak ere berreskuratu nahi dituzte urteurrenarekin Berlingo Euskal Etxeko kideek. Mapa berezi bat prestatu dute lehendakaria izandako Berlingo tokien inguruko informazioarekin, eta bi itzulpen ere prestatu dituzte. Agirrek bere egunerokoetan idatzitako Alemaniari buruzko pasarteak itzuliko dituzte alemanera batetik, eta bestetik De Guernica a Nueva York pasando por Berlín liburuko Alemaniari buruzko pasarteak ere itzuliko dituzte. Berlin elurtura trenez iritsi zen egunarekin hasi, eta Berlin atzean utzi zuen egunarekin amaitu. Izan ere, testu horietan biltzen dira Alvarez medikuaren maskarapean Agirrek Berlinen bizitako estutasunak. «Otsailaren 14a. Hilabete eta erdi daramat ja Alemanian eta nire irteeraren kontua ez da konpondu. Okerrena da Gestapok Bruselan eman zidan baimena 28an amaitzen dela. Belgikara itzuli beharrak izutzen nau. [...] Ez dakit ezer ere nire emazteaz eta nire seme-alabez, eta ez diet idazten ere, ez dudalako susmorik piztu nahi».

Webgune bat ere sortuko dute egitasmoaren emaitzak biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.