Paleolito garaian marraztutako alu erraldoi bat aurkitu zuten 2017an Errenteriako Aitzbitarte IV haitzuloan (Gipuzkoa). Hura oinarri hartuta osatu zuen Intujai Teatro konpainiak Ama-alu-lur (Sorgin baten ametsak) obra. May Gorostiaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1971) da zuzendaria. Liburuan argitaratu dute orain (Denonartean).
Zerk eraman zintuen antzerki obra sortzera?
Ideia zoragarria iruditu zitzaigun: alu bat, duela 15.000 urte modu magiko-mistiko batean zizelkatua haitzulo batean, eta hainbeste urte pasatu ondoren horrela agertzea... Gai asko ukitzen zituen; bazuen zerbait. Pixkanaka hasi ginen ideia bat garatzen, eta antzezlan bat sortzea erabaki genuen.
Askotariko gaiak jorratzeko helduleku izateak egiten du berezi antzezlana?
Bai, gai asko ukitzen ditugu: antropologia, filosofia, mitologia, feminismoa... Saiatu gara elkartzen aditu askorekin, haien ikuspuntua ere jasotzeko. Kontu horiek guztiak aipatzen ditugu.
Zertan egin duzue azpimarra?
Eszena batzuetan ikusiko dugu aluak zein errepresentazio izan duen historian. Oraindik asko kostatzen da hitza ahoskatzea. Zer gertatu zaigu orain dela 15.000 urte alua kobazuloetan modu mistiko batez zizelkatua izan ondoren klarion edo errotuladore batekin paretetan zakilak pintatzen hasteko? Gizarte gisa aurreratu dugu? Kontu horien inguruan jartzen dugu arreta obran.
Formatu txikiko antzezlana da, baina ez da obra sinple bat.
Topiko hutsa da: askotan pentsatzen dugu formatu txikiko obrak izan behar direla gai sinple bat oinarri dutenak, komedia arinak. Baina azken urteetan ikusten ari gara kalitatezko produktuak egiten ari direla formatu txikian ere. Gure kasuan, adibidez, izugarria izan da atzean egon den taldea. Bertsoekin osatu du testua Ekaitz Goikoetxeak, Imanol Arabaolazak ere lagundu digu testuarekin, eta Bea Larrañaga eta Itziar Saenz aktoreek ere lagundu digute obra osatzen.
Liburu formatuan argitaratu duzue antzezlana. Testu guztia jasotzen du liburuak?
Bai, testua osorik jasotzen da liburuan, bertso eta guzti. Hitzaurrea Juan Kruz Igerabidek idatzia da, eta, hark dioen moduan, lotsarik gabeko testua da, baina ez lotsagabea. Lehendik ere harremana genuen Igerabiderekin, eta hasiera-hasieratik eman zigun baiezkoa. Hari esker jarri ginen harremanetan argitaletxearekin ere.
Oholtza gainera eramango duzue berriz antzezlana?
Bai. Justu momentu onenean ginela iritsi zen pandemia, eta proiektua gelditu egin behar izan genuen. Orain heldu diogu berriz, eta urtarrilean hasiko gara emanaldiekin. Horrez gain, Kultura Eskola Katalogoan ere sartu digute, eta, horri esker, ikastetxeetan gaiaz aritzeko aukera izango dugu. Iruditzen zaigu obra tresna ezin hobea dela aluaren gaia nerabeekin lantzeko, batez ere. Irakasle askok ikusi dute obra, eta denek esan digute baliabide ederra dela.
Durangoko 55. Azoka. May Gorostiaga. 'Ama-alu lur' antzezlanaren zuzendaria
«Aluaren gaia nerabeekin lantzeko ezin hobea da obra»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu