Altzoko Handia kondairetako pertsonaia bat dela uste du batek baino gehiagok. Mito bilakatu den arren, hezur-haragizko gizakia izan zen Migel Joakin Elizegi (Altzo, Gipuzkoa, 1818-1861). Altzoko Ipintza baserrian jaio zen, eta haurtzaroa normal igaro zuen. Halere, 20 urte zituela, gaixotasun bat izan zuen, eta ez zion hazteari utzi hil zen arte. 43 urterekin hil zen, tuberkulosiak jota. 2,42 metro luze zen, eta 200 kilo baino gehiago ere hartu zituen. Jon Garaño Moriarti Produkzioak etxeko kidea pertsonaiaren istorioak liluratu zuen: «Nik aspaldidanik nahi nuen Altzoko erraldoiaren inguruko pelikula bat egin».
Altzoko Erraldoiaren bizitzaren inguruko euskarazko dramabat izango da Moriartiren hurrengo filma. Jon Garaño eta Aitor Arregi ariko dira zuzendari lanetan. Garañorekin batera Loreak zuzendu zuen Jose Mari Goenaga arduratuko da produkzioaz. Gidoia lau pertsona ari dira egiten, elkarlanean: Moriartiko Garaño, Arregi eta Goenaga, eta Andoni de Carlos. Lan banaketa proiektu bakoitzean aldatzen dute, Garañoren arabera.
Orain, gidoiari «azken ukituak» ematen ari dira. Garañoren esanetan, ez da inoiz jakiten azkenak izango diren, azken momentura arte aldaketak egiten aritzen baitira. Baina uda honetan amaitutzat ematea gustatuko litzaieke. «Gidoia ez dugu oraindik itxi, baina kalkulatzen dugu iraila amaitzerako itxiko dugula». Hasieran, asmoa zuten 2015. urtearen amaieran filmaketa lanekin hasteko, baina, zailtasun teknikoak direla medio, «ia seguru» 2016an filmatuko dute pelikula.
«Kasualitate» bat dago proiektuaren oinarrian, Garañoren arabera. Hark Moriartikoei komentatzen omen zien buruan zuen ideia. Baina lankideak ez zituen askorik konbentzitzen Altzoko Handiaren istorioak. Urte batean, bere argudioak hobetzea erabaki zuen, eta, hala, lortu zuen pelikula martxan jartzen saiatzea. Baina beste zerbaitekin lanpetuta zegoela-eta, ez zuen denborarik horretan hasteko. Orduan, inork espero ez zuena gertatu zen. Hilabete batzuen ostean, Andoni de Carlosek eginiko gidoi bat iritsi zitzaien, Altzoko Handiaren ingurukoa. «Ni bizitza osoa honekin matraka ematen, eta justu kanpotik datorren istorio bat», dio Garañok.
De Carlosen asmoa animazio pelikula bat egitea zen, umeentzat. Baina harekin hitz egin zuten Moriartiren asmoa bestelakoa zela azaltzeko. «Hark buruan beste ideia bat zuen arren, ondo iruditu zitzaion filosofia aldatzea, eta erabaki zuen gure proiektuan parte hartzea». Hala, historian oinarritutako pelikula bat egingo dute, baina errealitate itxura emanez.
Zailtasun teknikoak
Filmaren nondik norakoak zehazteko «zailtasun handiak» izaten ari dira. Batetik, filmaren testuingurua berreraikitzea konplexua da. Garañoren arabera, «pelikula historikoa» izango da, XIX. mendean gertatzen delako kontakizuna. Gainera, Altzoko Erraldoia ez zen Euskal Herrian soilik ibili. Besteak beste, Madril, Paris eta Londresera bidaiatu zuen bere altuerak sortzen zuen kuriositatea zela eta. Oraindik ez dakite nola irudikatuko duten hori pantailan. «Duela 150 urteko Parisek eta gaurkoak ez daukate zerikusirik». Halere, zailtasun handienetariko bat erraldoirik ez egotea da. «Ez dago inor 2,42 metro luze denik. Egon badago norbait, baina ez da aktorea, ezta euskalduna ere».
Oraintxe, aukera bat baino gehiago dituzte eskuartean, eta horiek aztertzen dihardute. «Lortu beharko dugu erraldoi bat, eta horretan gabiltz. Oraindik ez dakigu nola egingo dugun». Ziurrenik, ordezko aktore bat egongo da, eta artisau tankerako trikimailuak eta joko optikoak erabiliko dituzte. Baina, batez ere, efektu digitalez baliatuko dira.
Zailtasun tekniko horiek pelikularen aurrekontua puztu dute. Euskal Herrian egin den pelikulen artean, aurrekontu handienetarikoa izango du: bi milioi euro ingurukoa, hain zuzen. «Diru asko da, baina gutxi da horrelako pelikula bat egiteko». Garañoren iritziz, gehiago ere izan zitekeen. «Horrelako efektuak izan ohi dituzten epokako pelikulek aurrekontu handiagoak izan ohi dituzte».
Filma, batik bat, euskaraz izango da. Pertsonaia nagusiek euskaraz hitz egiten dute euren artean. Altzoko Handiaz gain, haren anaia pertsonaia nagusien artean dago, munduan zehar elkarrekin ibili baitziren. Bien aita ere garrantzi handiko pertsonaia izango da. «Denak euskaldunak diren arren, unean-unean gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere hitz egingo dute pertsonaiek».
2017an estreinatzea aurreikusten dute. «Gerta liteke 2016rako egotea, baina oso zaila ikusten dut. Efektu asko ditu, eta, gainera, jakinda gu ere ez garela munduko azkarrenak...». Loreak-ekin alderatuta, desberdina izango da, edo hori da behintzat Moriartikoen asmoa. Garañoren arabera, dena den, inoiz ezin da jakin.
Altzoko Erraldoiari buruzko filmaren gidoiari azken ukituak ematen ari zaizkio
'Loreak'-en arrakastaren ondoren, 2016an filmatuko dute Moriartikoek.Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzenduko dute euskarazko drama hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu