Aingura beltz mardulen bilduma oparo bat, altzairuzko kate pisutsuak, eta, aurrerantzean, baita bi arrantzaleren eskultura monumental bat ere. Bilboren itsas eta merkataritza historiaren oroigarriz lepo daude Itsasmuseumen inguruak, eta beste artelan bat batu berri zaio piezen bildumari: Jesus Lizaso artista barakaldarrak ondutako Ozeanoaren erroak obra. 2010. urtean egin zuen Lizasok formatu handiko eskultura hori, eta dagoeneko ikus daiteke museoaren zabalgunean, Euskaldunako dikeen alboan, ontzi historikoen, ponpa etxearen eta Carola garabiaren aldamenean.
Bi metroko oinarria eta sei metroko altuera du piezak, eta bi marinelek osatzen dute. Modu eskematikoan irudikatu ditu arrantzaleak Lizasok: Corten altzairuz taxututako bi lagunen gorputzak zutabe luzangak dira, eta horien gainean paratutako karratuekin gorpuztu ditu haien buruak; koadro txikiago baten formako sakonuneek adierazten dituzte marinelen bisaiak. Aldamenean, altzairuari itsatsita eta besoa irudikatzen duen zati lodi batek oratuta, hirugarren zutabe bat dago, luzeagoa eta zurez egina: arrauna. «Obrak bi pertsonaia irudikatzen ditu ortzi mugari begira, euren arraunarekin harmonia sakonean daudela», azaldu zuen artistak atzo, artelanaren parean egin zuten aurkezpen prentsaurrekoan.
Ez dira ausazkoak ez itsasgizonak irudikatzea hautatu izana, ezta haiek moldatzeko erabilitako materialak ere. Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren hitzetan, «artelana handia da tamainari dagokionez, baina baita esanahiari eta sinbolismoari dagokienez ere», Corten altzairuz eta egurrez eginikoa izateagatik, batik bat. Bilboko historian «errotuta» dauden materialak direla adierazi zuen Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak, altzairuzkoak baitziren itsasadarretik irteten ziren merkataritza ontziak, eta, bestalde, zurezkoak zirelako arrantzaleen itsasontziak, azaldu zuenez: horiek horrela, «obrak iraganean botatzen ditu sustraiak, eta orainaldian ditu adarrak», zuzendariaren iritziz.
Itsasadarra lekuko
Historiarekin ez ezik, ordea, tokiarekin ere lotura erdietsi du Lizasoren lanak, piezaren koloreak bat egiten duelako aurrez aurre duen Euskalduna jauregiko eraikinaren tonuarekin, Aburtoren hitzetan; hala, Corten altzairuz eginiko bi eraikuntzen arteko «elkarrizketa» eragin du Lizasok, alkatearen iritziz. Toki horretan egiten ziren, hain zuzen ere, merkataritzarako ontziak, museoko zuzendariak gogorarazi zuenez. Ildo beretik, Ruigomezek adierazi zuen eskulturak «metafora polita sortzen» duela dagoen lekuan, baina iruzkinarekin ez zuen inguruko arkitektura nabarmendu, ezpada hura baino lehenagoko elementu bat: «Itsasoaren zati honi itsasadarra deitzen zaio; ez da erreka, ezta ibaia ere, itsasoaren adar bat baizik». Eta Lizasoren obraren izenburuak, hain justu, ur gaziari egiten dio erreferentzia, ez ur gezari.
Bilboko merkataritzaren historiaz diharduen lan orok ezin dezake itsasadarra alboratu, alkatearen hitzei erreparatuta. «Beti izan da Bilboren ardatza», haren arabera, eta bada, ezinbestean, Lizasoren artelanaren testuinguruaren zati ere. «Merkataritza hiri gisa sortu zen Bilbo, 1300. urtean, eta 1511n mugarri bat ezarri zuten kontsulatuaren ordenantzek, gerora merkataritzaren kodea izango zenaren aurrekaria izan baitziren». Eta itsasadarra erreferentzia izan da ehunka urte horietan. Ruigomez: «Bilbo munduarekin lotzen duen zilbor hestea da; sortu zenetik, portu askorekin izan ditu loturak. Gaztelako artilea irteten zen bertatik, besteak beste, eta produktu manufakturatuak sartzen ziren».
Lizasoren itzulera
Lan kontuengatik, urteak eman ditu Bizkaitik kanpo artista barakaldarrak. Laster itzultzea aurreikusten du, baina, bitartean, artearen eskutik lortu du jatorrira bueltatzea. Aburtok kontatu zuenez, behin artistak gogorarazi zion Bilbon aspaldian ez zela bere obra esanguratsurik erakutsi; Ozeanoaren erroak lanak gabezia bete du, hein batean.
Era berean, ez da Itsasmuseumek bere obra bat hartzen duen lehen aldia ere. 2013an, artistaren bi eskultura erakutsi zituen museoak: El tuercebarros eta Remero. Lehena Campo Volantin pasealekura lekualdatu zuten iaz, Zubizuriren aldameneko gunera; «itsasadarraren beste bazterrera», alkateak azpimarratu zuenez. Beste artelan andana batekin batera osatzen du Euskal Artisten Eskulturen Pasealekua izenekoa; proiektuak «kultura herritarrei hurbiltzeko helburua» du, Aburtoren hitzetan.
Formatu handiko eskulturak aski ezagunak zaizkio Lizasori, urteak baitaramatza horiek lantzen: 2000. urtean, gisa horretako artelanen lehiaketa bat irabazi zuen Basaurin (Bizkaia), eta ordutik beste eskultura monumental ugari ondu izan ditu, moldearekin esperimentatu du, eta dimentsioen eta altzairuaren galdaketa modularraren inguruan ere ikertu du, orobat. Baina, Ozeanoaren erroak-en metaforaren ildotik, sustrai sendo batzuetan bermatutako adarrek osatzen dute haren artea: izan ere, Eskulturaren Euskal Eskola izenez ezagutzen den taldearen eragina du Lizasoren lanak, hala nola Oteiza, Txillida, Ibarrola, Mendiburu eta Basterretxearen jardun artistikoarena.
Altzairuak eta egurrak zaindutako historia
Jesus Lizasoren 'Ozeanoaren erroak' eskultura jarri dute Bilboko Itsasmuseumen zabalgunean. Artelanaren materialek hiribilduko itsas eta merkataritza historiari egiten diote erreferentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu