Medikuntza ikasi nahi zuen, baina ezezkoa eman zion abadeak Juan Jose Agirreri. 40 urte zituela, Lazkaoko monasterioko liburutegiaren ardura hartzeko eskatu zioten. Baietz erantzun zuen, baina baldintza bat jarrita: urtebetez kanpora joatea. «Urte sabatikoa» nahi zuen, eta aire berrien bila joan zen Montserrateko monasteriora (Katalunia). Han ikasitakoekin jabetu zen Lazkaon liburutegi ederra zutela, zaindu beharrekoa. Baina ez horretaz bakarrik: Aita Marc-ek gela sekretu bat erakutsi zion, non frankismo garaian atzerrian eta klandestinitatean Kataluniari buruz ateratzen ziren dokumentuak gordetzen zituen, giltzapean. Lazkaora itzuli, eta gauza bera egin behar zuela erabaki zuen. Euskal Herriari buruzko dokumentu, liburu, aldizkari, kartel, itsasgarri, eskuorri... paper txikiena ere jasotzen hasi zen, egun Lazkaoko beneditarren dokumentazio zentroa dena osatzeraino. 81 urte bete berritan, zeregin berean jarraitzen du, nekaezin. Gordetakoak «altxorrak» dira beneditarraren hitzetan. Istorioak harilkatuz, altxor biltzailearen eta haren bildumaren historia jaso du Joan Mari Torrealdaik, Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea. Juan Jose Agirreren artxiboa liburuan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu dute lana.
Torrealdaik Agirreri egindako elkarrizketa luzea da liburuaren oinarria; «zortzi ordu eta erdiko jarduna, Juan Josek hitz egiten duen abiaduran hitz eginda, material asko da». Bi ahotsetan idatzi du liburua: Agirrek lehen pertsonan hitz egiten du testu nagusian, eta hura laguntzeko dozena bat testu laburrago osatu ditu egileak. Haiekin batera, 140 argazki edo ilustrazio daude, «dokumentazio gunearen erakusleiho txiki bat» eskaintzeko asmoa dutenak. Torrealdaik iazko abenduan proposatu zion liburua egitea Gipuzkoako Kultura diputatu Maria Jesus Aranbururi; orain dela 16 urte Agirreri ere proposatu zion, baina orduan ez zen aurrera atera.
«Ingurukoen baimenarekin eta haiek animatuta» hartu du parte Agirrek liburuan, beneditarrak azaldu duenez. «Baietz esan nion. Galdezka eta galdezka hasi zen, baina zortzi ordu gutxi dira dena esateko, hainbeste anekdota badago tartean... moztu egiten zidan», azaldu du, barrez. Eguneroko materialak gordetzeko lan horretan, euskaldunak «zabarrak» izan direla «baina gero historiarako altxorrak bihurtzen» direla dio. «Milaka eta milaka agerpen izan dira Euskal Herrian, eta haiek gabe eguneroko eta lekuan lekuko historia egiterik ez dago». Montserraten sartu zitzaion «har edo droga» hori, tartean, Jose Antonio Agirreren hainbat dokumentu gordeak zituztela ikustean. «Orduan kontzientziatu nintzen».
Gela sekretu hartan zuten guztia ikustean, Agirrek «gauza bera ez, gehiago» egin behar zuela erabaki zuela azaldu du Torrealdaik. «Horretan jardun du eta dihardu, 40 urtez, bizitza oso bat, euskal gaiarekin zerikusia duen guztia bildu eta bildu». Liburuan istorioak eta pasadizoak jasotzen dira, baina egiazki «sakoneko historia bat» azaltzen du, Agirrek berak kontatutakoa. Historia bikoitza da, gainera, Agirrerena eta dokumentazio zentroarena, «bata bestea gabe ezin baita ulertu», egilearen ustez. Istorio horixe kontatzen du liburuan: nola antolatu zuen bilketa, nola bilatu zituen «konplizeak» eta materialak, nola bisitatu zuen Poliziak, egun nola bisitatzen duten ikertzaileek eta nola sortu diren eraikin berria eta fundazioa. «Kontatu beharreko historia bat zen, idatzita eta argituta gera dadin, eta belaunaldi berrientzat eredugarri gerta dadin».
Ideologia guztiei errespetua
Artxibozainek aintzat hartzen ez zuten materiala biltzen Agirrek nola jardun duen nabarmendu du Torrealdaik: «Izaera suntsikorrekoa izaki, gertakarien parean jardun behar da, jazo ahala jaso behar da». Baita material arriskutsuak biltzeko izan duen «ausardia» ere, asko klandestinoak edo legez kanpokoak baitira. Diasporakoak biltzen, berriz, «aitzindaria» izan da Agirre. «Euskal Herriko historia egin nahi baldin bada, azkeneko papertxoa ere inportantea da. Hor ikusten dira ideologia ezberdinak, eta denak errespetatu egin behar dira. Inork paper bat ateratzen badu, bere ikuspegi bat erakusten du, eta biharko egunean antropologoentzat garrantzi handiko materiala da».
Ateratzen zen guzti-guztia biltzeko asmoz hasi zen. Beste gauza asko eraman egin dizkiote, berak eskatu gabe, «eta hona ekarri ostean lasai geratu den jendea ere bada». «Nik ez daukat propagandarako, ikertzaileentzat baizik. Esango nuke materialaren %50 edo gehiago nire iritzien aurkakoak direla, baina ni ez naiz inor hori baztertzeko; artxibozain moduan, denak, ideologia guztietakoak errespetatu behar ditut». Bide beretik jarraitzen du, eta bere zereginak bertan behera uztea inoiz «burura etorri ere» ez zaiola egin dio. «Lan hau inoiz ez da bukatzen. Gehiago edukitzeko gose horrek ematen dit lan gehiago eta aurrera segitzeko kemena». Azken «papertxoa» joan den hauteskunde kanpainan jaso zuen kalean, Bilduren aldeko elkarretaratze bati buruzkoa. Parrokia aldera joan zen garbien zeudenak hartzera, eta lauzpabost jaso zituen.
Agirre zoriontsu egoteko moduan dela uste du Torrealdaik, «katea ez delako eten, berak eginiko lanak etorkizuna baduelako».
Altxor biltzaile baten istorioak
Juan Jose Agirreren eta hark sortutako artxiboaren historia liburu batean jaso du Joan Mari Torrealdaik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu