Altxor bati nola eman bizi leiho bat

Gordailua «biltegi estatikoa» zen orain arte, eta hura gune dinamiko» bihurtzeko eta gizartera zabaltzeko prozesua hasi du Gipuzkoako Diputazioak

Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendaria, Denis Txaso Gipuzkoako Kultura diputatua eta Mari Jose Telleria Kultura zuzendaria, atzo, Gordailuaren barrunbeetan, arte pieza batzuen ondoan, Irunen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Irun
2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gordailua Gipuzkoako kultur ondare higigarrien edukiontzi handi baten gisa sortu zen, 2011. urtean. Orain, Gipuzkoako Diputazioko Kultura Sailak plan bat jarri du martxan, «biltegi estatiko zenagune dinamiko bihurtzeko», Denis Itxaso Kultura diputatuak atzo Gordailuan bertan (Irun) egindako aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez.

Azken bost urte pasatxotan Gipuzkoako hainbat funtsetako piezak (San Telmo Museokoak eta Foru Aldundiarenak berarenak, batez ere) batu dituzte Gordailuan. Funts horiek gizarteratu nahi dituzte orain, hainbat egitasmoren bitartez: altxor handiari bizi leiho bat eman. 300.000 pieza inguru biltzen ditu Gordailuak, historiaurretik hasi eta XXI. mendera artekoak. Hainbat garaitako pintura eta eskultura bildumak, antzinako pieza arkeologikoak, hala Erdi Arokoak nola erromatar garaikoak, baserri, itsaso zein industriako tresna eta gailuak, eta memoria etnografikoa gordetzen duten beste hainbat pieza biltzen ditu guneak, guztiak ondo katalogaturik, eta tenperatura zein hezetasun baldintza egokietan.

Aditu eta espezialistentzat soilik zeuden eskuragarri Gordailuko funtsak, gaur arte, arkeologo, ikertzaile, artista eta enparauentzat. Baina, hemendik aurrera, jendeari zabalduko dizkiote ateak, Gordailuari «kontzeptu berri bat» eman nahi diotenez. «Toki opaku izateari utzi, eta leku bisitagarri izango da, eta biltegi estatikoa zena gordailu dinamiko bihurtuko da», Itxasoren hitzetan. Gainera, herrialdeko beste hainbat erakunde eta museoetako bildumak partekatu egingo dituzte. Kutxaren funts artistikoa bertan egotea da helburuetako bat.

Filosofia aldaketa

Eraldaketari ekiteko , zentroaren kontzeptuaren definizioa aldatzeaz gain, aurrekontuan igoera dezentekoa izan du egitasmoak:850.000 euro zena 2016an, 1.200.000 euro bihurtu da 2017an. Gainera, Foru Aldundiak Museoen Zerbitzua eta Gordailua izeneko esparrua sortu du beren-beregi eta zuzendari berria izendatu du aurten. Carlos Olaetxea arkeologo eta historian doktorea da zuzendari berria. Hamabost urtetik gora zeramatzan aldundiko ondare sailean lanean. Haren iritzian, «Gordailua ez da museo bat, baina bai gainerako museoen eta herritarren zerbitzura dagoen zentroa».Gipuzkoako museo sarea baliatuko du Gordailuak bere ondarea herrialdean barrena zabaltzeko: «Material piloa dago, eta erakusketa nahiz diskurtso ederrak osatu daitezke beraiekin; esaterako, emakumeak gizartean izan duen rolaren inguruan, edo itsasoak Gipuzkoako ekonomian eta bizitzan izan duenaren inguruan», zehaztu zuen Itxasok.

Erakusketa behin-behineko horietako lehena egin dute dagoeneko; Bidasoa Portzelanak enpresari zegozkion piezak erakutsi dituzte Irungo Oiasso museoan, eta «arrakasta handia» izan zuen Irungo herritarren artean. «Balio izan du Gordailua ezagutu eta euren parte dela sentitzeko», adierazi zuen Olaetxeak. Apirilean Ekainberrin (Zestoa) beste erakusketa bat zabalduko dute, zeina hartzaren eta hark gizakiarekin izandako harremanaren ingurukoa izango den. 2018an, aldiz, Burgosko Museo de la Evolucion Humanan (Espainia) Arrikutzeko Lehoiari buruzko erakusketa irekiko dute elkarlanean; gero, Donostiako San Telmo museoan egongo da ikusgai. Garai glazialeko animalia izan zen hura, jada desagertua dena, eta haietako baten eskeletoa da Gordailuak duen altxorrik berezienetako bat.

Orain artean, aditu, ikerlari eta gisakoentzat irekita zegoena, jendearentzat ere irekita egongo da aurrerantzean, «astean bi egunez bederen». Bisita gidatuak egingo dituzte, eta sarean lan egingo dute Europako gisa bereko beste hainbat gunerekin batera, Glasgow (Eskozia), Zurich (Suitza) edota Arlesekoekin (Frantzia), esate baterako. Interneten zentroko ondarearen «katalogoaren zati handi» bat eskuragarri jarriko dute Google Art plataformaren bitartez, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin ere lankidetzak hasi dituzte, udako ikastaroetan elkarrekin aritzeko.

Hemendik aurrera, halaber,molde askotako pieza berriak jasoko ditu Gordailuak, bai salerosketa bidez, bai dohaintza bidez, baina «galbahea estutu» beharko dute, Olaetxearen iritzian: «Pieza bakoitza katalogatu eta zaintzeak bere gastua dauka, eta kalitate minimo bat bermatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.