Kristal hautsien gainean dabilela dakienaren arretarekin aurkeztu dute Altsasu antzezlana Bilboko Arriaga antzokian. Bihar estreinatuko dute euskaraz, lehenik, eta etzi eta larunbatean gazteleraz. Gaia oraindik bizi-bizi dagoela, oraindik zigorra betetzen ari baitira 2016an Altsasuko (Nafarroa) Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskar baten harira Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako zortzi gazteetako sei. Terrorismoa egotzita, 375 urteko kartzela zigorra eskatu zuen haien aurka fiskaltzak, baina, terrorismo akusazioa baztertu, eta bi eta hamahiru urte arteko kondena ezarri zien epaileak. Helegitea jarri, eta laburtu egin zituzten zigor horiek, eta oraindik indarrean dago zigorra zenbaiten kasuan. Errealitate hori fikzionatuz idatzi eta zuzendu du pieza orain Maria Goirizelaiak, eta Egoitz Sanchez, Aitor Borobia, Ane Pikaza eta Nagore Gonzalez aktoreek taularatuko dute. Ahozko epaiketaren transkripzioak baliatu dituzte nagusiki, eta, diotenez, bizikidetzari ekarpen bat egitea izan dute helburu. «Espero dugu Altsasu honekin ikusleari etorkizunerako begirada sendagarri bat eskainiko diogula». Kultur deialdietan ohiko izaten ez diren mikrofono sorta bat ere aurrean daukatela eman ditu azalpenak lantaldeak. Kristal hautsien gainean bezala.
«Eta hementxe hasi zen guztia. Gau hartan. Egun hartan». Hain justu ere Koxka tabernan izandako liskarra deskribatzen duen pasartea taularatu dute aktoreek hedabideentzat. Guardia zibilek epaitegian egindako kontakizuna baliatu dute horretarako. Euren bertsioa taularatzen dute poliziek. Titare edalontzi bat nola jaurti zieten. Nola itxi zieten bidea komunera bidean. Nola egin zieten irain. Oihu. Mehatxu. Eta, azkenik, nola jo zituzten. «Hogei izango ziren», dio batak. «30 ere izango ziren!», gehitu dio besteak ñabardura. Ostikoak. Ukabilkadak. «Ez dakit nola, baina larrialdietara deitzea lortzen dut», batak, eta besteak berriz ñabardura: «Hori da, ez dakit nola, baina larrialdietara deitzea lortzen du». Eta detaile txiki horiekin uzten du antzezlanak airean Poliziaren bertsioaren benetakotasunari buruzko zalantza.
Eta tarte txiki batera dator Auzitegi Nazionaleko epaiketako eszena, justu jarraian, aktore berberekin, guztiz bestelako egoera batean, eta guztiz bestelako roletan. «Ni ez nintzen gau guztian taberna horretan egon». Terrorismoa egotzita, kondena luze bati aurre egiten ari zaio akusatua epaiketan. «Edo beste norbaitekin nahasten naute, edo nik bestela ez dut ezer ulertzen».
Inarrostea helburu
Publikoak antzezlana «inarrosita» bukatuko duela espero du zuzendariak. «Hizketarako eta elkarrizketarako gogoz». Azaldu duenez, epaiketa eta kondenak «neurrigabeak» izan zirela erakutsiko du antzezlanak, eta «kuestionatu» egingo du justiziak izan duen papera. Baina hori ez ezik, pertsonaia batzuen eta besteen minak ere kontatuko ditu. Guardia zibilen amena ere bai, esate baterako. Goirizelaia: «Ezinezkoa da kasu honetan ahots bakarreko kontakizuna eraikitzea, uste baitut kontakizunek askotarikoak izan behar dutela, eta, biolentziari dagokionez, izan daitezke baita bateraezinak ere. Hori asumitu eta hortik abiatu behar dugu. Gure helburua egia konpartitu batera iristen saiatzea da, eta, gure ustez, egia konpartitu hori biolentzia deslegitimatzetik eta balizko barkamen posible hori bilatzetik pasatzen da, eta, batez ere, bi aldeen mina aitortzetik».
Epaiketan esandakoak biltzen dituen 350 orritik gorako testua da antzezlanaren muina, baina benetako izenik ez erabiltzea erabaki dute, eta «zenbait lizentzia» ere hartu dituztela esan du zuzendariak, betiere piezaren bizitasunaren mesedetan. Inauteri egunera eraman dute tabernako liskarra, adibidez. Herriko inauterietako pertsonaia nagusia baliatzeko aukera eman die horrek, Goirizelaiak esan duenez, Momotxorroaren figuraren bidez ukitu oniriko eta sinboliko bat ere hartzen baitu antzezlanak. Besteak beste, polizien eta haien bikotekideen arteko maitasun istorioa kontatzeko ere baliatu dute lizentzia hori, eta baita akusatuek espetxean beren senideekin izandako solasaldiak taularatzeko ere.
Aktoreen sartu-irtena
Erabat biluzia da eszenaratzea: sei aulki zuri zoruan eta sabaitik zintzilikatutako argiak baino ez. Eta, hortaz, lau aktoreen lanak hartzen du erabateko garrantzia. Sartu-irtenean dabiltza pertsonaia batetik bestera, gainera. Altsasuko gazteak dira orain, eta poliziak eta haien bikoteak hurrengo segundoan, keinuak, ahoskera, mugimendu eta janzkera trantsizio minimo bat egin ostean. Epaileak. Akusatuak. Guardia zibilen amak. Lau aktoreek jokatzen dituzte rol horiek guztiak, eta publikoak aurrez aurre ikusiko ditu batetik besterako trantsizioak. «Oso aberasgarria» izan da esperientzia hori Egoitz Sanchez aktorearen hitzetan. «Gure erronka izan da pertsonaia guztien mina azaleratzea, juzgatu gabe, eta arketipoak antzeztu gabe, baina, era berean, pertsonaiak ezaguterrazak eginez».
Kepa Errastik euskaratu du testua, eta, antzezlanean, Altsasuko gazteak eta defentsako abokatua euskaraz arituko diren arren, gazteleraz mantendu ditu Poliziaren zein epailearen hitzak.
Aurrez, gai berari buruzko telebistarako serie bat ere sortu zuen Asier Urbietak. Goirizelaiak dioenez, ordea, haren aurretik sortu zitzaien haiei antzezlana sortzeko ideia, eta jadanik lanean hasiak ziren ordurako. Antzerkiak «bestelako magia bat» daukala uste du zuzendariak. Eta Ane Pikaza aktoreak biribildu du azalpena: «Sintetizatu egiten du gertatutakoa, sinplifikatu gabe».
Estreinaldiaren osterako, hemezortzi emanaldi inguru dauzkate itxita.
Altsasuko minak taularatzea
Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du 'Altsasu' antzezlana, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Ahozko epaiketako transkripzioak izan ditu pieza sortzeko abiapuntu nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu