Alos Quartetek 20. urteurreneko bira hasiko du, gaur, Gasteizen

Donostian,Tolosan eta Bilbon joko dute datozen hilabeteetan. Lagun dituzten hainbat musikari eta dantzarik ere parte hartuko dute

Francisco Herrero eta Xabier Zeberio, biraren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Eslava.
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hogei urte bete ditu Alos Quartet hari laukoteak, eta urtemuga ospatzeko bira berezi bat antolatu du. Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Ivan Carmonaren taldeak lau kontzertu emango ditu datozen hilabeteetan; lehenengoa gaur izango da, Gasteizko Principal antzokian, 20:30ean.

Hogei urte joan dira taldekideak aurrenekoz elkartu zirenetik, «ia kasualitatez», 1999an, Zuberoan, Niko Etxartek deituta, grabaketa baterako. Han abiatu zuten ibilbidea, eta ordutik askotariko proiektuetan murgildu dira, eta lagun ugari izan dituzte alboan. Lau taldekideak musika klasikoaren esparrutik datoz, baina ez dute mugatzen beren sormena; ez dituzte baztertzen beste soinu batzuk. Horri esker, eta urteetan ikertuz eta probatuz ibili ostean, soinu propio bat lortu dute; musika klasikoaren eta folkaren tartean kokatutakoa, baina sailkaezina, eta, aldi berean, identifikagarria. Musika estilo ezberdinak uztartuz osatzen dute errepertorioa, laukote klasiko tradizionalaren eredu berri bat proposatuz.

Bidean izan da aldaketarik taldean, baina bi biolinek, biolak eta txeloak osatu dute beti. Eta bost disko eman dituzte: Alos Quartet (2005), Harizko txistua (2007), 10 Tanta (2010), Garden (2015) eta Lau (2019). Azkeneko hori irailean argitaratu zuten, eta aurrekoaren jarraipen gisa aurkeztu zuten.

Kontzertuak konpainian

Biran urteotan lagun izandako hainbat musikari izango dituzte ondoan, eta emanaldietan musika eta dantza uztartuko dituzte, taldearen ibilbidearen begirada «intimo eta berritu» bat proposatzeko. Gaurko kontzertuan honako artistak izango dituzte gonbidatu: Oreka TX, Iñaki Garitaonandia Gari,Josu Zabala, Aukeran dantza konpainia, Amaia Elizaran, Aitor Etxebarria, Ivan Alzate eta In?igo Egia.

Hurrengo geldialdia Donostiako Viktoria Eugenia antzokia izango da, hilaren 23an; urtarrilaren 3an Tolosako Leidor antzokira joango dira, eta, azkenik, Bilboko Euskalduna jauregian bururatuko dute bira, martxoaren 21ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.