Sonatuak izan dira filma erakutsi bezain pronto ikusleek hari jotako hamazazpi minutu luzeko txaloak, eta hori gertatuz geroztik egon da Urrezko Lehoia irabazteko faboritoen artean Pedro Almodovarren film berria —ingelesez egin duen aurrenekoa—: La habitación de al lado. Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista, eta, harekin, Veneziako 81. Zinemaldiko sari nagusia eskuratu du zinema zuzendari espainiarrak. Filmaren gaia gogoan hartuta, «heriotza duin baterako eskubidea» aldarrikatu du saria jasotzean: «Filmak ez du soilik mugarik gabeko elkartasunaz hitz egiten, ezpada pertsona batek bere bizitzari amaiera emateko duen eskubideaz bizitzak ez dionean ekartzen konponbiderik ez duen oinazea baino». Aste gutxi batzuk barru, aurtengo Donostia sarietako bat jasoko du Almodovarrek, hain justu, Donostiako Zinemaldian.
Veneziako zinema jaialdiko sari entzutetsuenetan bigarrena, baina, Maura Delperoren Vermiglioi filmarentzat izan da gaur iluntzean. Bigarren Mundu Gerraren ondorenean girotuta dago kontakizuna, Italiako herrixka batean.
Zuzendaririk onenaren saria Brady Corbetek jaso du, The Brutalist filmagatik; gidoirik onenaren saria Walter Sallesek zuzendutako Ainda estou aqui filmak irabazi du; eta epaimahaiaren sari berezia, berriz, Da Kulumbegashvili zuzendari georgiarrak, April izeneko bere bigarren film luzearengatik — Dasatskisi / Beginning estreinakoarekin Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostian, 2020an—.
Interpretazioaren adarreko garaikurretan, Nicole Kidmanek jaso du emakumezko aktorerik onenaren saria (Babygirl, Halina Reijn) eta Vincent Lindonentzat izan da gizonezko aktorerik onenarena (Jouer avec le feu, Delphine eta Muriel Coulin).