Veneziako 81. Zinemaldia

Almodovar, Phillips, Larrain eta Tsangari Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoiaren bila

Gaur hasiko da Veneziako 81. Zinemaldia Tim Burtonen ‘Beetlejuice Beetlejuice’ filmarekin, eta irailaren 7an amaitu. Bihar izango da Garañok eta Arregik zuzendutako ‘Marco’ pelikularen estreinaldia.

Tim Burton zinemagilearen 'Beetlejuice Beetlejuice' filmak hasiko du Veneziako 81. Zinemaldia. PARISA TAGHIZADEH / EFE
Tim Burton zinemagilearen 'Beetlejuice Beetlejuice' filmak hasiko du Veneziako 81. Zinemaldia. PARISA TAGHIZADEH / EFE
Garazi Karrera
Venezia
2024ko abuztuaren 28a
05:15
Entzun

Piztear da Veneziako 81. Zinemaldiaren hasierako suziria: Tim Burtonek zuzendutako Beetlejuice Beetlejuice (2024) pelikulak emango dio su. Gaur hasi, eta irailaren 7ra bitarte, izango da zer ikusia Italiako hirian. Euskal ordezkaritza izango da Venezian aurten; hain zuzen, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Marco filma bertan estreinatuko da, Orizzonti sailean. Gertaera erreal batzuetan oinarrituta dago euskal zuzendarien azken lana: Enric Marco da protagonista —Eduard Fernandez aktoreak jokatuko du—, eta bere biografia faltsutu zuen, Flossenburgeko (Alemania) kontzentrazio esparrutik bizirik atera zela esanez.

Urrezko Lehoia eskuratzeko 21 hautagai ariko dira lehian. Horien artean da aurtengo Donostia Saria jasoko duen zuzendariaren lana: Pedro Almodovarren La habitación de al lado (2024), hain zuzen. Zinemagilearen ingelesezko lehen filma da, eta Tilda Swinton zein Julianne Moore ditu protagonista. Bestalde, Todd Phillips zuzendaria Joker: Folie à deux (2024) filmarekin itzuli da berriro lehiara —Joker (2019) pelikulari esker bereganatu zuen Urrezko Lehoia 76. zinema jaialdian—. Oraingoan aurreko lanari jarraipena eman nahi dio zuzendariak, eta protagonistaren rola jokatzen duen Joaquin Phoenix ez ezik, Lady Gaga abeslaria ere aktore lanetan ibili da.

Izar handiak

Sail Ofizialeko sariaren bila dabiltzan beste pelikula batzuek ere aktore ezagunak pantailaratuko dituzte: Pablo Larrainek zuzendutako Maria (2024) filmean, Angelina Jolie aktoreak Maria Callas XX. mendeko opera abeslariaren rola jokatuko du, eta Luca Guadagnino zinemagileak Daniel Craig hautatu du Queer (2024) laneko protagonista izateko. Era berean, Justin Kurzel The Order (2024) thriller kriminalarekin lehiatuko da, eta Jude Law aktoreak hezurmamituko du pertsonaia nagusia. Bestalde, Brady Corbetek 70 mm-tan filmatu du The Brutalist (2024) pelikula, Adrien Brody aktorearekin.

Gainerako film hauek osatzen dute hautagaien zerrenda: Campo di battaglia (Gianni Amelio, 2024); Leurs enfants après eux (Zoran Boukherma eta Ludovic Boukherma, 2024); Jouer avec le feu (Delphine Coulin eta Muriel Coulin, 2024); Vermiglio (Maura Delpero, 2024); Iddu (Fabio Grassadonia eta Antonio Piazza, 2024); Kjærlighet (Dag Johan Haugerud, 2024); April (Dea Kulumbegashvili, 2024); Trois amies (Emmanuel Mouret, 2024); El Jockey (Luis Ortega, 2024); Babygirl (Halina Reijn, 2024); Ainda estou aqui (Walter Salles, 2024); Diva futura (Giulia Louise Steigerwalt, 2024); Harvest (Athina Rachel Tsangari, 2024); Qing Chun: Gui (Bing Wang, 2024); Stranger Eyes (Siew Hua Yeo, 2024).

Isabelle Huppert aktorea lehiaketa ofizialeko sariak banatuko dituen epaimahaiko burua da. Harekin batera izango dira Giuseppe Tornatore, James Gray, Agnieszka Holland, Andrew Haigh, Kleber Mendonça Filho, Abderrahmane Sissako, Julia von Heinz eta Zhang Ziyi.

Sail ofizialetik at

Marco aurkeztuko den Orizzonti sailak azken joera estetiko eta adierazkorrak irudikatzen dituzten filmak biltzen ditu; esaterako, opera primak, talentu berri gazteak, indie pelikulak eta ezezagunagoa den zinema. Hainbat lan nabarmentzearren, sail horretan daude Alexandros Avranasek zuzendutako Quiet life (2024), Mehdi Barsaouiriren Aïcha (2024), Péter Kerekesen Wishing on A Star (2024) eta Anne-Sophie Baillyren Mon inséparable (2024).

Bestalde, Sigourney Weaver zinema, telebista eta antzerkiko aktore eta ekoizle estatubatuarrari zein Peter Weir zinema zuzendari australiarrari ohorezko Urrezko Lehoi bana emango diete; lehenari, gaurko hasiera ekitaldian, eta bigarrenari, irailaren 2an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.