Alkhat eta Anari, eskuz esku

Bosgarren Usopop jaialdiak Schullerren eta Kid Wiseren saioak eskainiko ditu larunbatean

Aguxtin Alkhatek iaz atera zuen lehen diskoa, Usopopen laguntzarekin; geroztik zuzenekoak ugaritu ditu. G. IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aguxtin Alkhat musikariak lehen sostengatzaile izan du Usopop jaialdia, bere diskoa finantzatzen laguntzeraino. Anari, berriz, bihotzean dute aspalditik Usopopekoek. «Orain arte Usopopen eman kontzertuen artean gustukoen ukan ditugunetakoa izan da», Usopop jaialdiko Joanes Garcia Basurcok zehazturik.

Ez da kasualitatea, hortaz, bi artista horiek berriz ere Usopopen agertzea. Larunbat honetan zabalduko dute Sarako udako jaialdia, bosgarrena orain arte. Baina, zerbait berezia eskaintzeko asmoz, biei oholtza bera partekatzea diete eskaini antolatzaileek. Bakoitzak bere kantu zenbait emateaz gain, pare bat kantu elkarrekin ematekoak dituzte. Hasteko, Garcia Basurcok deritzonez, badituzte biak elkartzen dituzten zubi batzuk heletarrak eta azkoitiarrak: «Hitzen aldetik, aski hitz goibelak dituzte biek. Eta, musika aldetik, folk eta rockaren artean dira biak. Badakigu Bob Dylan eta Neil Young gisako artistak biek prezatzen dituztela. Badakigu, halaber, bata bestea bezala akustiko moduan aritzen ahal dela edo berdin talde batekin». Gonbidapena egina, hortaz.

Lehen nota bikoteak emanik,larunbateko gaualdiak izanen du beste ekitaldirik ere. «Ezohiko proposamenen» geltoki, hori izaten ahalegintzen da Usopop, duela bost urte sortu zutenetik. Fideltasun bati lotua eta, aldi berean, beti usaian hainbeste ikusten ez dena eman nahian dihardu jatorrian den lagun taldeak. Hasteko, haiek berek entzun nahiko lituzketen musika taldeen hautaketa batetik.

Garcia Basurcok aitortu du ondotik lan anitz ere badela, boluntario gisa egina; orenak eta orenak, taldeak aurkitzeko, aukeratzeko eta ekarrarazteko. Baina plazertzat ere badute, musika «konpultsiboki» gozatzen dutelako.

Lehen ekitaldiaren aurrekontua beren sakelatik dirua ateraz osatu zuten. Eta, geroztik, aurrekontu ahal bezain txiki batekin segitzen dute, ahal den guztietan lagunen artean gauzak eginez, afixatik jatekora: «Ahal bezala, baina kalitatea eskainiz»; eta, bide batez, bisitaria «etxean bezala sentiarazteko» aukera emanez.

Baina hori baino urrunago ere badoa haien gogoeta: «Frogatu nahiko genuke horrelako ekitaldiak ugaritu daitezkeela; ez baitezpada gurea bezalakoak, musikan oinarrituak. Beste arloetan ere egin daitezke horrelakoak. Arazoa ez da diruarena bakarrik. Sinesten baduzu zure proiektuan, lor dezakezu. Maiz pentsatzen da dirurik ez delako ezin dela egin. Baina egin daiteke, desberdinki, baina egiten ahal da», beti Garcia Basurkoren hitzetan.

Sebastien Schullerrek larunbatean emanen duen kontzertua horren adibide izan daiteke. Usopopera ekartzeko aukerak aztertzen hasi zirelarik, Facebooken bidez harremanetan jarri ziren artistarekin, eta lortu zuten. Artistak prezatu omen zuen hari pentsatu izana; garai haietan ez zuela deus saltzeko, ez birarik prestaturik. Geroztik disko berri bat kaleratu du artistak, eta baita manager handi batekin izenpetu ere. Hark berak aitortu dienez Usopopekoei, zenbait hilabete berantago harremanetan jarri izango balira, ezinezkoa izanen zitzaien Sarara ekartzea. Ausardiaz eta lanaz gain, Usopopen beste parioa geroan ezagun bilakatuko diren talde batzuk ekarraraztea da. «Fama lortu aitzin», baina, aldi berean, fama lortuko dutela segur. Horietako bat dute Kid Wise. Lehen aldian etortzea eskatu zietelarik, haiek ezin zutela, batxilergoa pasatu beharra zutelako. Geroztik onartu dute, eta, aurten, Printemps de Bourges eta Les Vieilles Charrues bezalako ekitaldien artean izanen dute Sarakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.