Yolanda Barcinaren gobernuak Urdazubiko (Nafarroa) Alkerdi harrobia ustiatzen jarraitzeko Marmoles del Baztan enpresari 2013an emandako baimenaren luzapena bertan behera utzi zuen duela aste gutxi Nafarroako Gobernuak behin betiko.
Erabakiarekin oso pozik daudela onartu du Patxi Iriartek (Iruñea, 1976), SOS Alkerdi elkarteko kideak. Urte luzez aritu dira borrokan, Nafarroako arte paleolitikoko margolanik zaharrenak dituen leizea babesteko. Uste du urteetako borrokaren emaitza dela Nafarroako Gobernuaren erabakia. Hala ere, jakinarazi du auzia gertutik jarraituko dutela, ziur daudelako enpresak kalte-ordainak eskatuko dituela, eta argitu du lanean jarraituko dutela herrian beste harrobiren bat abian jartzeko aukera gehiago egon ez dadin.
Alkerdi ustiatzeko luzapena ezerezean utzi du gobernuak.
Izugarri kontent gaude. Gure elkartearen helburu nagusietako bat, nagusia ez erratearren, hori zen: 2013an gobernuak harrobia ustiatzeko emandako baimenaren luzapena bertan behera uztea. Sustrai Erakuntza Fundazioaren eta haren lege aholkulariei esker lortu dugu. Luzapen baimenean hainbat akats garrantzitsu topatu zituzten. Esaterako, marmola ateratzeko proiektuaren berri ez zuten eman. Horri esker, enpresak, duela sei urteko ebazpena bertan behera utzi, eta berriz eskatu behar izan zuen baimena.
Zeintzuk dira akats horiek?
Guk hainbat atzeman genituen, baina bakarra onartu dute. Zenbait urtetik hona, Alkerdikoaren antzeko proiektuak onartu aurretik, horien berri eman behar da talde edo norbanakoek helegiteak aurkeztu ahal izateko; premisa sakratutzat dute. Enpresak proiektua aurkeztu zuenean, aurreko gobernuak ez zuen horren berri eman, eta horregatik baliogabetu zuten.
Gobernuaren ebazpenean, zer eragin izan du udaberrian Aranzadiko adituek margolanei buruz kaleratutako txostenak?
Gure ustez, berebiziko garrantzia izan du txosten horrek. Adituek inolako zalantzarik gabe adierazi zuten Alkerdiko ondarea eta harrobia ez direla inolaz ere bateragarriak. Gainera, Ingurumen Departamentuak argi dio halako harrobi bat martxan jartzeko Kultura Departamentuaren onespena behar dela. Izan ere, hori izan ezean, inolaz ere ez du egingo Ingurumen Departamentuak proiektuaren ingurumen eraginei buruzko txosten positiboa. Gainera, Kulturaren arabera, Alkerdin ezin da egin leherketarik, kultur intereseko ondasuna delako.
Aurrerantzean, zer asmo duzue elkartean?
Orain, helburu lasaiagoak ditugu, luzera begira gauzatzeko. Harrobia zela eta, ondarea erabat suntsituko ote zuten oso beldurtuta egon gara. Harrobia ustiatzeko luzapena bertan behera gelditu denez, orain gertutik zainduko dugu enpresak bi hilabeteko epean aurkeztuko duen lehengoratze plana. Izan ere, 2013an aurkeztutakoak ez du balio. Harrobia 25 metro zegoen Alkerdi kobarengainetik. Beraz, lehengo egoerara itzultzeko plan horrek berezia izan beharko du. Inguruari duintasuna itzuli behar zaio. Harrobia dagoen ia inguru osoa izendatu da gune arkeologiko modura. Horregatik mintzatzen gara duintasunaz. Noski, horretarako dirua behar da.
Harrobia ustiatzeko aukerarik gabe dagoenez, Marmoles del Baztanek badu aukerarik kalte-ordainik eskatzeko?
Jakin badakigu oraindik enpresak ez duela eskatu, baina ziur gaude eskatuko duela. Lehen instantzian egungo administrazioak harrobia ustiatzeko baimena bertan behera utzi zuenean. Behar zituzten baimenak lortu bitartean, urteko milioi bat euroko kalte-ordaina eskatu zuen. Orain, 2013ko baimena aintzat hartuta, 2044. urtera arte 1,5 milioi euro eskatu ahal izango lituzke urteko. Guk beti esan dugu enpresari kalte-ordainak ematea legearen aurkakoa dela. Baina hori ez da izan lege urraketa bakarra.
Zein gehiago nabarmenduko zenituzke?
Marmoles del Baztan enpresak 1999tik zekien leherketarik ezin zuela egin. Gainera, Urdazubiko Udal Planean, Alkerdiko harrobitik 4.500 metrorako eremuan bi kilo lehergai baino gehiagoko leherketak debekatzen ditu. Eta jakin badakigu 9.000 kilo lehergai erabili zituela enpresak bost leherketetan. Nola da posible legea urratzen duen enpresa batek kalte-ordainak eskatzea? Alkerdin erakunderen batek legea urratu duen jakiteko ikerketa bat egitea nahi dugu. Izan ere, argi dugu sistema osoak huts egin duela, eta ikertzea nahi dugu. Huescan, esaterako, harrobietan aritzen zen industrial bati bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote arkeologia aztarnategi garrantzitsu batean konponketak egiteagatik. Alkerdi II Marmoles del Baztan enpresak jan zuen, urteetan leherketak eginez, eta hori ere aztarnategi bat zen.
Orain, Alkerdik zer gordetzen duen ezagutzeko aukera gehiago izango da, ezta?
Bai. Alkerdin altxor bat dago, eta ikertzen jarraitu behar da. Aranzadi zientzia elkarteak argi azaldu zuen bere txostenean hor dagoena ezagutzeko urteak beharko direla. Hala ere, esan beharra daukagu erne gaudela. Izan ere, Yolanda Blanco Nafarroako Gobernuko Industria zuzendariak hedabide batean aipatu zuen Urdazubin badela duela urte asko itxitako beste harrobi bat. Udalak urbanismo planak aldatu ezean, oraindik ere hor harrobi bat egiteko aukera bada, behar diren pausoak emanda, noski. Beraz, Ingurumen eta Kultura departamentuek eta Urdazubiko Udalak plana aldatu eta harrobien izendapena bertan behera uztea nahi dugu.
Patxi Iriarte. SOS Alkerdi plataformako kidea
«Alkerdin sistemak huts egin du, eta ikertzea nahi dugu»
Alkerdiko haitzuloko ondarea «ziurtatuta», pozik dago Patxi Iriarte SOS Alkerdi plataformako kidea. Harrobia bertan behera utzi izanagatik kalte-ordainak eskatzea ez dela zilegi uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu