Donostiako 69. Zinemaldia. Sari banaketa

Alina Grigoreren 'Crai Nou' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Bere lehen filmarekin eskuratu du zinemagile errumaniarrak Donostiako 69. Zinemaldiko sari nagusia. Zuzendari onenaren saria Tea Lindenburgentzat izan da, eta aipamen berezia lortu du 'Earwig'-ek

Quien lo impide filmeko aktore taldea. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Sail Ofizialean izen handiko zinemagileen nahiz zuzendari berrien lehen lanak biltzea. Hautu horren alde egin zuen orain urte batzuk Donostiako Zinemaldiak, eta aurtengo lehiaketan ere hainbat opera prima izan dira. Horietako batek, Alina Grigore errumaniarraren Crai Nou / Blue Moon filmak eskuratu du 69. jaialdiko Urrezko Maskorra. Ez zuela halako saririk espero adierazi zuen zinemagileak, hunkituta, atzo gaueko sari banaketa ekitaldian garaikurra jaso zuenean. «Sormen femeninoa eta sormena oro har adierazi nahi duten artistei eginiko omenaldi bat da sari hau».

Aktore eta gidoigile lanak egin eta zenbait labur zuzendu ostean filmatu zuen Grigorek bere lehen lan luzea. Familiako giro itogarri, bortitz eta matxistan preso bizi den emakume gazte bat, Irina (Ioana Chitu) du protagonista istorioak. Bukarestera joan nahi du, ikasten jarraitzeko eta familiarengandik ihes egiteko, baina bidean oztopoak baino ez ditu aurkituko. Filma sortzeko bere komunitatean inspiratu zela azaldu zuen zuzendariak aurkezpenean, eta kontakizuna eraikitzeko Irinaren bilakaera psikologikoan jarri zuela fokua, ikuslea haren larruan jartzera eramateko.

Beste opera prima bat aurkeztu duen zinemagile batentzat izan zen jaialdiko beste sari nagusietako bat: Tea Lindeburg daniarrak irabazi zuen Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, Du som er i himlen / As in Heaven filmagatik. «Ez nuen sekula ezer irabazi nire bizitzan, eta hau benetan izugarria da», adierazi zuen, jaialdiari eta bere filmeko lantaldeari eskerrak eman aurretik. Baina ez zen lan horrek lortutako sari bakarra izan, Flora Ofelia Hofmann Lindahl aktoreari ere aitortza eman baitzion epaimahaiak. Aurten, lehen aldiz, jaialdiak erabaki zuen antzezpenen sarietan genero bereizketarik ez egitea, eta hala, gizonezko eta emakumezko aktore onenen sari bana eman beharrean, Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra ematea. Epaimahaiak ebatzi zuen sari hori ex aequo banatzea, eta Hofmann Lindahlekin batera, Jessica Chastain ere saritzea. XIX. mendean, etxalde batean bizi den 14 urteko neska baten rola jokatu du lehenak Lindeburgen pelikulan. Eta Tammy Faye Bakker gorpuztu du Chastainek, AEBetako 1970eko eta 1980ko urteetan telebista predikatzaile ezaguna izan zen emakumea; haren hastapenak, loria urteak eta gainbehera erakusten ditu The Eyes of Tammy Faye filmak.

Zinemaldiak, estreinakoz, Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra banatzea ere erabaki zuen. Eta aktore talde gazte eta zabal batek irabazi zuen aitortza, Jonas Truebaren Quien lo impide filmeko aktore talde osoari eman baitzion epaimahaiak. Zortzi aktore igo ziren oholtzara, baina filmean parte hartu duten gazte guztiei eskaini zieten saria. «Sari honekin sentitzen dugu esaten ditugun gauzak entzunak izaten ari direla», eskertu zuen Candela Reciok.

Epaimahaiak badu sari berezi bat emateko aukera, eta Lucile Hadzihalilovic zuzendari frantsesaren Earwig filma goraipatzeko baliatu zuen. Eskerrak eman zizkion zinemagileak, «film isil, ilun, luze eta, gainera, gidoirik gabeko bati aitortza egiteagatik». Izotzezko hortzak dituen neskato bat eta hura zaintzen duen gizon bat ditu protagonista lanak.

Terence Daviesen Benediction faboritoen artean aipatzen zuten kritikariek, eta Gidoi onenaren sariarekin egin zion aitortza epaimahaiak filmari. «Ezusteko benetan atsegina izan da», adierazi zuen zuzendariak, eskerrak emateko bidalitako bideoan. Thierry de Peretti zuzendari frantsesaren Enquête sur un Scandale d'état filmak Argazki onenaren saria eskuratu zuen —Claire Mathon izan da filmeko argazki zuzendaria—.

Dea Kulumbegaxvili zuzendari georgiarra izan da aurtengo epaimahai ofizialeko burua —Urrezko Maskorraz gain, sari ofizialetako beste bost eskuratu zituen iazko jaialdian, Dasatskisi / Beginning bere lehen filmarekin—. Harekin batera jardun dute sariak erabakitzeko lanetan Maite Alberdi eta Audrey Diwan zinemagile eta gidoigileek, Susi Sanchez aktoreak, eta Ted Hope ekoizleak.

Beste sailetako sariak

Sail Ofizialetik kanpo ere banatu zen aitortzarik. Iciar Bollain zinemagile espainiarraren Maixabel filmak Sail Ofizialeko lehian parte hartu zuen, eta ez zen esku hutsik joan: Euskal Zinemaren Irizar saria hari ematea erabaki zuen Aitor Arregik, Arantzazu Callejak eta Edurne Portelak osatutako epaimahaiak. ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasak senarraren hiltzaileetako birekin Langraizko espetxean (Araba) izan zituen elkarrizketak ditu ardatz filmak. Hain zuzen, «elkarbizitzaren alde apustu eginez, duela hamar urte topaketa errestauratibo hauek hasi zituzten gizon eta emakumeei» eskaini zien garaikurra Koldo Zuazua ekoizleak. Filmak izandako harrerarekin «benetan pozik eta hunkituta» daudela gaineratu zuen. Halaber, sariko epaimahaiak aipamen berezia eman nahi izan zion Maider Oleagaren Kuartk Valley filmari.

Zuzendari Berriak sailean, berriz, Lena Lanskih errusiarraren Nich'ya / Unwanted filmak irabazi zuen Kutxabank-Zuzendari Berriak saria. Eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Silvina Schnicer argentinarrak, Carajita lanagatik. Zabaltegi-Tabakalera saria Gaspar Noeren Vortex filmarentzat izan zen, eta saileko epaimahaiaren aipamena eraman zuen Helena Giron eta Samuel M. Delgadoren Eles transportan a morte-k. Eta Horizontes Latinos saria Tatiana Huezoren Noche de fuego filmak irabazi zuen —hiru aldiz igo zen oholtzara zinemagilea, RTVE-Otra mirada eta Espainiar kooperazioaren sariak ere eraman baitzituen—.

Perlak saileko irabazleak aukeratzeko ardura, berriz, publikoarena da, eta Celine Sciamma zinemagile frantziarraren Petite maman filmari eman zion Donostia Hiria Publikoaren Saria —hamarretik 8,61 puntu jaso zituen lan irabazleak—. Sail berean, Emmanuel Carrere zuzendari frantsesaren Ouistreham-entzat izan zen Europako film onenaren garaikurra, 8,38 puntuazioarekin. Gazteriaren sariaren epaimahaiak, berriz, Fran Kranz estatubatuarraren Mass lana saritu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.