Alienor beste behin garaile

Jean-Mixel Bedaxagarren 'Akitaniako Alienor' pastoralak emozioz bete ditu Mauleko Jaia Alain bildu 1.600 ikusliarrakIgandean egingo den bigarren emanaldira ere joatekoak dira lehenean izandako asko

Maule-Lextarre
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Akitaniako Alienor trajeriaren amaieran, eskertzeak adierazi eta gero, Jean-Mixel Bedaxagarrek berak bertso batzuk bota zituelarik, emozio handia nabari zen haren ahotsean. Bazen zergatikan ere, zeren eta hiru ordu eta laurdeneko pastoralean hunkipen handiko uneak ugari izan baitziren. Agerraldi osteko adierazpenetan, jendeen artean gehienik aditu zitekeen hitza zen «hunkigarria». Hunkigarria bai, baita 1.600dik gora zeuden ikusliarren arretaren atxitzaile ere, trajeria honek dituen 27 jelkaldietan zehar. Hala, ikusle ainitzen esanetan, «denbora ez dugu igaraiten ikusi» entzuten zen. Asko ziren, baita ere, igande honetan bertan bigarren aldiz antzeztuko den trajeriaren berriro ikustera etortzeko asmoa zeukatenak—Mauleko Jai Alain izanen da, 15:00etan—. Asmo horretan liratekeenek, beraz, hobe lukete sarrerak aurrez eskuratzea, Maule-Lextarre eta Atharratze-Sorholüzeko turismo bulegoetan edo Baionako Elkar liburu dendan.

Pastoralaren kontakizunari berriro heltzeko, zer esan besterik, non ez den hogei bat neska eta emakume aktoreek trebetasun osoz eta bihozkada betez egin zutela joko? Bai bertseten ematean, bai taula jokoak antzeztean, bai kantuak abestean. Kantuak, hain zuzen, bederatzi dira guztira, horietatik bost taldean emanak daudelarik. Baten batek pentsatuko du aski gutxi dela, gaur egungo pastoralak gehienetan dozena bat abestitik gora entzun ohi direlarik. Alabaina, Jean-Mixel Bedaxagarrek behin eta berriz aditzerat eman du pastoralaren «soiltasun» batera bueltatzeko jarrerarik dabilela. Haatik, soiltasunak ez du pobrezia esan nahi, ezta nihondik nihola ere, eta hori argi baino argiago utzi du Akitaniako Alienor trajeriaren agerraldiak. Hori, berriro azalduta, emozioz eta hunkigarritasunez oso aberatsa agertu da, ikusleriaren txalotze bero eta luzeek nahikoa argi utzi dutenez. Beste arizaleei inolako meriturik kendu gabe, jakina, azpimarratze berezi bat egin beharra da Sophie Xütahandi sujetaren joko egiteaz, erabateko heldutasuna eta trebetasuna agertu baitu burutik buru Santa Grazi Aizagerreko neskatilak. Akitaniako Alienor itzal handiko pertsonaiaz jabetu egin da erabat, bertsetetan, oholtza jokoan zein kantuz egitean.

Mutilak dantzetako errege

Emozioa bai... baina baita irribarre egiteko aukerak ere. Ezen, pastoral bat hilabete luzeetan paratzen den zerbait baldin bada ere, ofiziokoak ez diren aktoreen emaitza da, eta ustekabeko pasadizoak beti dira gertatzen. Hala, Akitaniako Alienorren jauntzi dotorearen dandarra une batean hartu egin zen oholtzako zirrikitu batean... baina Sophie Xütahandi sujeta ez zen batere aztoratu, eta arazoa segidan konpondu zuen, jendea irribarrez ari zen bitartean. Artzainen kantu denboran, berriz, ardi saldoaren zaindari —ikusgune aterpetua izan arren ardiak eta astoa igo zirelakotz oholtzara— bigarren xakurra agertu zen tauladara, publikoaren artetik ustekabean aterata... Berehalaxe eraitsi zen, hala ere, kargua ikasita ez zeukala oharturik edo! Jendeak barre egiteko aukera izan zuen, halaber, guduka batean hildako turk bat oholtzako zulotik behera Satanek bota behar zuten unean,tranpako atearen erortera uzteak sekulako errauts hodeia eragin zuelarik...

Satanak aipatzearren, gogoraraz dezagun berriro lau bakarrik daudela —soiltasunaren nahiera betiere— eta denak mutilak direla, antzinako arropa modela batean jantzitakoak. Gizonezkoak dira, halaber, 27. jelkaldian, Alienorren hiltze kantuaren ostean, Satanekin batera oholtzara igotzen diren zortzi dantzari helduak. Horiek, Satanak biribilaren erdian jarriak dituztelarik, ematen duten muñeiñak dantza luzeak sekulako zirrara piztu zien ikusleei, eta horren adierazgarri izan zen txalo zaparrada oso luze eta ozena.

Maiatzaren 4ko bigarren agerraldiaren aurretik, Akitaniako Alienor trajeriako aktoreek kantatutako meza egongo da, 10:30ean, Maule erdialdeko Jondane Battista elizan, eta horren ostean pastoral egileen kalejira ikusteko paradarik izango da, 11:30etik harat. Akitaniako Alienorren kabalkada berri horren—zaldiak ere izango baitira— jarraitzaile izateko aukera ez galdu, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.