"Dena neu nintzen. Dena nire parte zela sentitzen nuen: musika, publikoa, inguruko beste dantzariak". Hala gogoratu zuen 1931ko abenduan egin zuen debuta, Piotr Txaikovskiren Loti ederra lanean. 11 urte zituen orduan Alicia Alonsok, eta ezagutzen den dantza ibilbide profesional luzeenetako baten lehen urratsak ziren horiek. Ballet klasikoaren enblema da haren izena egun, eta Giselle haren lanetan gehien gogoratuko dena, 1943an estreinakoz egin zuenetik.
[youtube]https://youtu.be/xkZc5KJIRbU[/youtube]
AEBetan igaro zuen gaztaroko denbora bat, non zenbait komedia musikal egin zituen, New Yorkeko dantza konpainiaren parte izatera igaro aurretik. Dantzan soilik ez, irakaskuntzan ere arrasto nabarmena utzi du Alonsok. 1948an Kubako lehen ballet eskola sortu zuen, bere izenarekin, 1959ko iraultzaren ostean Kubako Ballet Nazionala bihurtu zena.
Hego Hemisferioko lehen dantzaria izan zen SESBen dantzatzen, eta, lehen ordezkari amerikarra —American Ballet Theatre-ko kide zen—1957an Moskun eta 1958an orduko Leningradon dantza egin zuena. Bere biretan nazioarteko konpainia asko ezagutu zituen, eta hamaika sari jaso urte luzeetako lanaren aitortza gisa. 75 urterekin jantzi zituen azkenekoz dantzarako zapatilak, Italian, inori aurrez abisatu gabe hura izango zela bere azken emanaldia. "Hustasun sentsazio ikaragarria izan zen, arimak ihes egin izan balit bezala", esan zuen.
[youtube]https://youtu.be/krcmx4vdeTU[/youtube]
Begietako gaitz bat pairatu zuen gaztetatik, eta erdi itsu jarraitu zuen dantzan azken urteetan. Halere, irakaskuntzan eta koreografian segitu du amaieraraino. Baita Kubako Ballet Nazionala zuzentzen ere. Ezustean ospitalera eraman behar izan dute atzo, eta han hil da, La Habanan, 98 urterekin.