Literatura

Alice Munro idazle kanadarra hil da

«Narrazio labur garaikidearen maisua» dela aitortuta, Literaturako Nobel saria eman zioten 2013an. Haren bi liburu daude euskaratuak: 'Zorion handiegia' eta 'Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak'

Alice Munro idazlea.
Alice Munro idazlea.
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 14a
18:27
Entzun

Alice Munro idazle kanadarra hil da, 92 urterekin, gaur The Globe and Mail egunkariak jakinarazi duenez. Munrok dementzia zuen duela hamar urtetik.

2013. urtean Literaturako Nobel saria jaso zuen idazleak, eta, orduko hartan, «narrazio garaikidearen maisua» zela adierazteaz gain, Suediako akademiak «haren estilo argiaren errealismo psikologikoa» laudatu zuen.

Izan ere, narrazio laburra izan zuen Munrok literatur genero gustukoena, eta aitortu ere aitortu zuen saiatu izan zenean ere zaila egiten zitzaiola nobelak idaztea, eta bere istorioak ipuinaren neurrira egokitzen zirela batez ere. «Izugarri gustatuko litzaidake nobela bat idaztea, eta nik neuk beti pentsatu nuen eleberrigilea izango nintzela. Neure buruari esaten nion alabak haztean denbora izango nuela nobelak idazteko; azken batean, alaben loaldien denboraren arabera idazten bainituen ipuinak. Baina kontua da azkenean horrela ikasi nuela idazten, eta gerora ezin izan nuela besterik egin», adierazi zion La Vanguardia egunkariari 2009an emandako elkarrizketa batean.

Nolanahi ere, ipuin laburraren kodeetara makurtzen ez den ipuina da Munrorena, behar duen espazioa hartzen duena. «Jendeak nahi izaten du ipuin batek luzera jakin bat izatea, baina nire istorioak, alde horretatik, ezohikoak dira, moduren batean kontatzen dituztelako gauza ezberdinak eta ez direlako inoiz gelditzen. Inoiz ez dut jakiten narrazio batek zer luzera izango duen. Baina horrek ez nau beldurtzen: behar duen espazio guztia ematen diot. Ez zait inporta orain idazten ari naizena ipuin bat ote den edo beste zerbait. Fikzioa da, eta kito».

Nobelatzat jo izan den liburu bat idatzi zuen, hain zuzen, Munrok, Lives of Girls and Women, baina berez ipuinak batzen dituen narraziotzat ere jo daiteke lan hori.

Wingham hirian jaio zen Munro, 1931n. Alice Ann Laidlaw zuen sortzez izena, eta 20 urterekin James Munrorekin ezkondu zenean hartu zuen haren abizena. Ordurako hasia zen ipuinak idazten, baina ezkondu eta gero sakondu zuen langintza horretan. Nolanahi ere, 60ko hamarkadaren amaiera arte ez zuen libururik argitaratu. Dance of The Happy Shades izan zen kaleratu zuen estreinako ipuin bilduma (1968), eta lan harekin oihartzun handia izan zuen; are, ingelesezko fikzioaren arloko Governor General's saria eman zioten liburu hari esker: Kanadako literatur saririk garrantzitsuena, alegia.

«'Dance of The Happy Shades' izan zen kaleratu zuen estreinako ipuin bilduma (1968), eta lan harekin oihartzun handia izan zuen».

Katherine Anne Porter, Flannery O'Connor, James Agee eta Carson McCullers zituen Munrok gustuko idazleak, eta baita Katherine Mansfield ere. «Izugarri maite dut. Oso gaztea nintzela irakurri nuen, eta hiruzpalau urtetik behin haren ipuinak irakurtzen ditut».

Munroren bi lan daude euskaratuak: Zorion handiegia ipuin bilduma argitaratu zuen Meetok argitaletxeak 2012an, Nagore Tolosak, Naroa Zubillagak eta Aiora Jakak itzulita; eta 2018an Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak kaleratu zuten Ereinek eta Igelak, Literatura Unibertsala bilduman, Isabel Etxeberria Ramirezek euskaraturik.

Hain zuzen ere, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak liburuaren aurkezpenean, Munroren ipuinak «egunerokora» oso lotuta daudela adierazi zuen Etxeberriak. «Sekulako gaitasuna du eguneroko gertakari arruntak islatzeko. Badirudi ez direla ezbehar handiak gertatzen haren ipuinetan, baina irakurleak sarri pentsatuko du berari buruz idazten ari dela Munro». Eta gaineratu zuen: «Erabat kalkulatuta dauzka Munrok bere ipuinak. Zein metafora erabili, zer kontatu... Eta horretarako ezinbestekoak dira deskribapenak». Zorion handiegia aurkezteko lana eskatu ziotenean, Eider Rodriguezek ere haren dohainak nabarmendu zituen: «Jende arruntari buruzkoak izanagatik, dotorezia eta perfekzio handiko liburuak dira».

Munrok berak emakumeei buruz idatzi zuen batik bat, eta honela arrazoitu zuen erabaki hori: «Ezin naiz gizonezkoen lekuan jarri, arrazoi sinple batengatik. Inoiz ez dut sentituko, haiek bezala, dena nire lanaren eta nire interesen menpe egotea denik naturalena. Nire belaunaldiko emakume batek ezin du halakorik pentsatu ere egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.