HILBERRIA. Elena Asins

Algoritmoak ere arte direnean

Ander Perez Argote
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
IBM informatika enpresa handiak 192 milioi pezetako balioa zuen ordenagailu bat eman zion 1966. urtean Madrilgo Unibertsitate Konplutentseari. Kalkulu Zentroa izango zenaren hasikina izan zen hura: diziplina ezberdinetako ikertzaileak, informatikariak, matematikariak, arkitektoak eta artistak bildu ziren tresna haren inguruan. Eta makinaren indarra arteari aplikatzen lehenengoetarikoa izan zen Elena Asins artista (Madril, 1940). Astelehen gauean zendu zen, Azpirotzeko (Nafarroa) bere etxean. Juana de Aizpuru galerista eta Asinsen lagunak eman zuen artistaren heriotzaren berri.

Madril bere jaioterrian abiatu zituen artearen inguruko ikasketak. Gero, Parisko Arte Ederren Eskolan, Stuttgarteko Unibertsitatean eta New Yorkeko New School of Social Researchen eta Columbia Unibertsitatean ere ibili zen. Hain zuzen, Columbian sakondu zuen tresna digitalek arte plastikoen alorrean izan dezaketen erabileraren ikerketan. Espainian ere aitzindari izan zen alor horretan, 1967tik aurrera. Eta, ordutik, behin ere ez zuen alboratu informatikaren eta artearen arteko loturaren arakatzea. Algoritmoetan oinarrituz eratu zuen bere lengoaia plastikoa, eta elementu artistikoen konputazioa bilakatu zuen bide, munduaren egitura eta gauzen esentzia azaldu ahal izateko. 2014an, artistaren sormen prozesua eta pentsamendua jaso zuen Alvaro Gimenez zinemagileak Elena Asins. Genesis dokumentalean. Han utzi zuen Asinsek hausnarketa hau: «Mundu perfektu bat sortzea da nire anbizio bakarra, kaosik izanen ez den leku bat, non zenbakiek eta matematikek inguratzen gaituen zaratarengandik babesten lagunduko nauten».

Arte plastikoen alorrean jorratu zuen, batik bat, bere sormen ekoizpena. Eskulturan nabarmendu zen batez ere, baina beste formatu eta euskarri asko ere landu zituen; besteak beste, poesia, bideoa, marrazkia eta instalazioa. Sorkuntzaz gain, artearen munduko gainerako alorretan ere ibili zen. Arte kritikari lanak egin zituen, eta arte garaikidearen inguruko hitzaldi eta ikastaroak eskaini zituen zenbait unibertsitate eta arte eskolatan. Gainera, artearen ikerketan egindako lanek ere eman zioten sona; Ensayos únicos sobre estética eta Poesia experimental dira bere lan esanguratsuenak. Arte argitalpen espezializatuetan ohiko kolaboratzaile izan zen, bai Espainian eta bai munduko aldizkari ospetsuetan.

1960ko hamarkadatik aurrera, banakako 40 erakusketatik gora egin zituen Espainiako, Europako eta AEBetako museo eta galerietan, beste hainbat artistekin batera egindakoez gain. Museo eta bildumagile publiko eta pribatu asko dira haren obraren jabe. Euskal Herrian, Bilboko eta Arabako Arte Ederren Museoak, Nafarroako Museoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Kutxa dira ondare haren zaindari.

1988an, Alemaniako Karlsruhe hiriko ZKM arte zentroaren lehen saria irabazi zuen.2006an, Arte Urrezko Domina eman zion Espainiako Gobernuak, eta, 2011n, berriz, Espainiako Sari Nazionala jaso zuen Arte Plastikoen sailean. Orduko hartan, Asinsen «ibilbidearen koherentzia» goraipatu zuen epaimahaiak, eta «artelanetan kalkuluaren teoria eta algoritmoak erabili» izana txalotu zuen. Horrez gainera, Asinsen lanaren «bizitasuna, konplexutasuna eta aniztasuna» ere nabarmendu zuten orduko sari emaileek. Bestehainbat biografia bat datoz artistaren «moda eta arte merkatuaren interesekiko independentzia» nabarmentzerakoan.

Hogei urte baino gehiago zeramatzan Asinsek Azpirotz Nafarroako herrian, bere eskuz zaharberritutako etxean. Han harrapatu du heriotzak, proiektu berrietan lanean ari zelarik. Aurrerantzean ere egonen da haren lana ikusteko aukera, edonola: Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan, erakusketa izanen da ekainetik aurrera. Han izanen dira ikusgai Asinsen lanak, Francisco Goya, Le Corbusier,Nancy Spero,Maruja Mayo eta Pablo Picassoren obrekin batera, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.