Kabaretetako piano eta ke nahasketak sortutako giro berezi hori dario Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia guneko agertokiari, eta nazien gorakadan, Alemaniako ikuskizun satirikoetan entzun ohi ziren txisteak botatzen dabiltza bertan Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Adrian Garcia de los Ojos aktoreak. «Nor da zure aita?», galdetzen diote umeari. «Fuhrerra», erantzuten du. «Nor da zure ama?». Umeak: «Alemania handia». Berriz ere galdera: «Eta zer izan nahi duzu handitan?». «Umezurtza». Baina pixkanaka ilunduz doa umorea, eta beltzenik beltzenera heltzen da eszena amaierarako. «Aizu, zer moduz zure ama kontzentrazio esparruan?». Eta erantzuna: «Urteak biziraun dugu eskasiari esker. Hasieran, urkatu egin nahi zuten, baina soka kalitate txarrekoa zen. Gero, gaseatu egin nahi izan zuten, baina gasa adulteratuta zegoen, eta, azkenean, bai, lortu zuten, akabatu egin zuten». «Fusilatu egin zuten?». «Ez, keba, errazionamendu kartilla bat eman zioten».
Horrorearen bihotzean ere umorea egiten segitu zuten Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink umorista alemanen figura berreskuratu du Tartean konpainiak Simplicissimus kabaretarekin. Berlingo gau giroko emanaldietako izarrak izan ziren gerrartean, baina estu zelatatu zituzten beti, eta kontzentrazio esparruetan amaitu zuten Gerronek eta Grunbaumek. Han ere ikuskizun umoretsuak egiten zituzten preso ziren kideentzat, eta, tarteka, baita, behartuta, borreroentzat ere. Fink izan zen hiruretan gerra sasoia bizirik gainditu zuen bakarra, eta haren ahotsak gidatzen du antzezlana. Telleriak idatzi du testua, eta hark jokatzen du Finken rola, baina, dioenez, asmo dokumentalistaz harago joan nahi izan du. «Haiek guretzat esan nahi dutena da garrantzitsua antzezlanean». Azaroaren 26 eta 27an estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian, eta azaroaren 16an Azpeitiko Antzerki Topaketetan egingo dute aurrestreinaldia.
«Umorea eta horrorea bateraematen ditu kabaretak, eta une batzuetan publikoak sentituko du une horretan ez lukeela barre egin beharko, baina igual barrez egongo da. Hori probokatu nahi dugu». Umoreari buruz hausnartzeko ere baliatu du aukera Telleriak, eta, esan duenez, aho biko ezpata izan daiteke. «Batzuetan aldaketaren aldekoa da, baina beste batzuetan guztiz kontrakoa suertatzen da. Horretaz guztiaz hitz egiteko sortu dugu Simplicissimus, eta, batez ere, jendea dibertitzeko».
Barrea eta negarra
Umorearen tonu guztiak baliatu ditu horretarako Telleriak: umorerik arinenarekin hasi, eta umorerik beltzenera. Hiru pertsonaia historiko horien bizipenak ditu oinarri kontakizunak, eta kabaretaren tresnak baliatu ditu. «Arku dramatiko ezin zabalagoa du emanaldiak», esan du. «Hasten gara komizitatean, eta, jendea poltsikoan sartuta daukagunean, hasten gara ostia batzuk ematen, eta bagoazapurka-apurka».
Gidoiaren «goxotasuna» nabarmendu du Etxegarai aktore eta abeslariak, halere. Gerronen larruan jartzen da bera. «Ez dugu antzezlana oraindik jendearekin testeatu, baina oso txukun kontatuta dago, eta, nahiz eta badituen momentu oso gordinak, ez dut uste jendeak gaizki pasatuko duenik. Ongi, bai, hori seguru».
Kabaret bat izanik, protagonismo berezia du musikak, eta hamabi abesti daude ikuskizunean. Telleriak idatzi ditu kanta guztien hitzak, eta Garcia de Los Ojos musikari eta aktoreak konposatu ditu doinuak. Piano jotzaile aritzen da emanaldian, eta, dioenez, umore bezainbeste tragedia du ikuskizunak. «Gidoia irakurri nuenean, ohean, gogoratzen dut oso dibertigarri hasi zela dena, eta negarrez bukatu nuela».
Ematen du hainbesterako umoristen benetako historiak.
Esparruetan film bat grabatzeko enkargua egin zioten naziek Gerroni, adibidez, eta izenburuak bakarrik ematen du eskariaren krudeltasunaren zenbaterainokoaren berri: Fhurerrak hiri bat oparitu die juduei. Grabatu zituen grabatu beharreko planoak, presoen eta guardien arteko futbol partida bat dokumentatu zuen, eta, pelikula bukatu zuenean, zuzenean Auschwitzera bidali zituzten bera eta filmean parte hartu zuten beste guztiak. Eta hantxe hil zuten.
Umorearen diktadurapean
Grunbaumek 1940ko Gabon Gauean egin zuen bere azken antzezpena, Dachauko esparruko erietxean. Larri zegoen ordurako, tuberkulosiak jota, baina dibertsio amiñi bat eskaini nahi zien kideei, azken aldiz, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen gero. Zaindariek geldiarazi, eta ez zuen lortu. Handik bi astera hil zen.
Baina jarraitzen du kabaretaren entseguak Harrobia lokalean. Ganboak lehenik: «Ikusleak askatasuna izango du bere etxean, zortea badu; hemen umorearen diktadurapean dago!». Etxegaraik gero: «Beraz, dibertitu... ala hil!». Piano notak berriz, Garcia de los Ojosen eskutik. Eta gero dator eszena ixten duen Telleriaren azalpena, Ganboaren eta Etxegarairen ohar banarekin. «Ados, friboloak gara, buruarinak, inozoak eta ganoragabekoak, baina ez gaude alienaturik apur bat bakarrik, eta kontzientzia sozial irmoa daukagu gutxi gorabehera eta sinesten dugu umorea tresna bikaina dela...». Zalantzati luzatu du esaldiaren amaiera aktoreak, moteldu da musikaren abiada, eta isiltasun erabatekoa sortu da aretoan. Orduan egin diote, guztiek batera eta aho batez,galdera Telleriari. «Zertarako?». Hartu du arnasa Telleriak erantzuna emateko, eta «moztu!», eten du eszena Jokin Oregi zuzendariak. Eta galdera airean utziz, badoaz beste eszena batera.
Gaztelerazko bertsioa ere egingo dute, eta 2020ko martxoan estreinatuko dute.
Entseguko irudiekin egindako bideoa ikusteko, jo webgunera: www.berria.eus
Algara horrorearen bihotzean
Tartean konpainiak 'Simplicissimus' kabareta sortu du, kontzentrazio esparru nazi batean ere umorea egiten segitu zuten umorista batzuk ardatz hartuta: Fink, Grunbaum eta Gerron.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu