Antzerkia

Alfredo Sanzol antzerkigileak jasoko du Vianako Printzea saria

Epaimahaiaren iritziz, Sanzol «antzerkigintza garaikidearen erreferentea» da, eta zera aitortu diote: «Sorterriarekiko lotura nabarmen bistaratu izana haren iruditerian eta testuetan». Arte Talentua Sustatzeko Saria Celia Carrasco poetak irabazi du.

Alfredo Sanzolek irabazi du 2024ko Vianako Printzea saria. JESUS DIGES / EFE
Alfredo Sanzolek irabazi du 2024ko Vianako Printzea saria. JESUS DIGES / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko apirilaren 26a
14:27
Entzun

Nafarroako antzerkigintzari begiratu, eta bada Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluarentzat «zalantzan jarri ezinezkoa» den zerbait: Alfredo Sanzol antzerkigilearen (Iruñea, 1972) ahalaren handia. Batik bat horregatik, kontseiluak erabaki du hari ematea Kulturaren Vianako Printzea saria aurten. Epaimahaia sinetsita dago Sanzol «antzerkigintza garaikidearen figura erreferentea» dela gaur egun, eta ederki merezia duela saria horregatik. Antzerkigilearen «ausardia» ere nabarmendu dute epaileek: «Aurreiritziekin izutu gabe aritu izana», besteak beste. Bere iruditerian Nafarroarekiko «lotura estua» bistaratu izana ere aitortu diote.

Iruñean jaioa da Sanzol, eta urteetako ibilbidea egina du antzerkigintzan. Ez alferrik, ez eta bidean zakuratutako garaikurrei so eginik ere: Espainiako Literatura Saria irabazi zuen 2012an, antzerkigintzaren alorrean. 2011n, Katalanezko antzerkigilerik onenaren Max Saria jaso zuen, Delicades lanagatik, eta gaztelerazko antzerkigilerik hoberenarena ere eman diote bi alditan —Egun zoragarriak lanagatik 2012an, eta En la luna (Ilargian) lanagatik 2013an—. 2020az geroztik, Espainiako Antzerki Zentroko zuzendaria da.

Sanzolek gaztelaniaz egin du lan gehien-gehienetan, baina euskaraz ere eman ditu lan batzuk: Egun zoragarriak antzezlana taularatu du duela hilabete gutxi Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak, Patxo Telleriak itzulita. Eta, aurrez, 2014an, Tanttaka Teatroak ere eman zuen euskaraz Sanzolen lan bat: Barealdi magikoa. Ordu hartan, Harkaitz Canok egin zituen itzulpenak. Gainera, datorren asteartean Iruñean izatekoa da antzerkigilea, Gaiarre antzokian, Dramawalker Pamplona-Iruña proiektua aurkezten. Iruñeko antzokiak ez ezik, Sanzolek gidatzen duen Madrilgo CDNk ere ekoitzi du lana, eta Iruñean girotutako hainbat soinu fikzio ditu oinarri.

Hain justu ere, batik bat Nafarroarekin eta sorterriarekin duen loturari buruzkoak nabarmendu ditu Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak, antzerkigileak Vianako Printzea saria irabazi duela iragartzearekin batera. Kontseilariaren esanetan, Sanzolek «beti darama berarekin Nafarroa, bai iruditerian eta bai eta testuetan ere». Are, Esnaolaren esanetan, Sanzolen helburua bada bertakoaren eta kanpokoaren arteko lotura egitea ere. «Sanzolen irizpidea tokikoa unibertsalizatzea da, eta anekdotak handiagoa den zerbaiten metafora bilakatzea». Bestalde, adierazi du Sanzolek berezkoa duela «etengabeko jakin-mina, bizitzaren egiak ezagutu nahia». Baldintza batekin, edonola ere: «Ez du begien bistatik galtzen egunerokoaren handitasuna».

Sanzolek tokikotasunari emandako garrantziari loturik, haren «ausardia» nabarmendu du Vianako Printzea sariaren bultzatzaile Leire Ruizek. «Sekula ez dio beldurrik izan tokikotasunaren gainean dauden aurreiritziei, [Federico Garcia] Lorcak, eta [Ramon Maria] Del Valle-Inclanek bezala».

Arte Talentua Sustatzeko Sariaren bosgarren aldiaren berri ere eman du Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluak; 30 urtetik beherako artistak saritzea du helburu. Garaikur horretarako, hamasei hautagai aurkeztu zituzten guztira, eta Celia Carrasco poeta (Tutera, Nafarroa, 2000) sarituko dute azkenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.