Opera

Gaztelako Alfontso XI.aren maitasun istorioak kontatuko ditu OLBEk 'La favorite' operan

Jatorrizko bertsioan, hau da, frantsesez aurkeztuko dute Donizettiren obra, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. Riccardo Frizza musika zuzendariak gidatuko ditu Euskadiko Orkestra eta Bilboko Opera Abesbatza.

Donizettiren 'La favorite' operaren pasarte bat. BERRIA
Donizettiren 'La favorite' operaren pasarte bat. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko otsailaren 15a
04:00
Entzun

OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak Donizettiren La favorite opera taularatuko du gaur, Euskalduna antzokian, 19:00etan. Jatorrizko bertsioan egingo du: frantsesez. OLBEk bertsio hori taularatuko duen lehen aldia da. Aurrez, italieraz bakarrik antzeztu izan da, azkenekoz duela 25 urte. Hilaren 24ra bitartean programatuta dauden lau funtzioetako lehenengoa izango da gaurkoa.

Donizettiren operak Frantziako grand opéra deiturikoen estiloari jarraitzen dio, lau ekitaldi, balleta, koruak eta hainbat eszena ikusgarri baititu. Gaztelako errege Alfontso XI.aren eta Leonor de Guzmanen arteko harremanean oinarritzen da funtzioa. Bederatzi seme-alaba izan zituzten elkarrekin, erregea Portugalgo Maria erreginarekin ezkonduta egon arren. Besteak beste, pertsonaia historikoak, jauntxokeriak eta eskandalu moralak eta erlijiosoak biltzen ditu istorioak.

Obra Parisen estreinatu zen, 1840an, Donizettiren arrakasta handiko garai batean, eta lehenagoko lan bat (L 'Ange de Niside) eta konpositorearen beste lan batzuk eraldatuz osatu zuten. Aurrerago, Europako hainbat antzokitan interpretatu zuten, izenburu eta bertsio desberdinekin.

Izen handiko antzezleak

Ospe handiko abeslariak bilduko ditu funtzioak. Besteak beste, Silvia Tro Santafe mezzosopranoa (Leonor de Guzmanena egingo du), Ismael Jordi tenorra (Fernand) eta Vladimir Stoianov baritonoa (Alfontso XI.a). Simon Orfila baxu-baritonoak, Alba Chantar sopranoak eta Mikeldi Atxalandabaso tenor bilbotarrak osatzen dute taldea. Musika zuzendaria, berriz, Bergamoko Donizetti jaialdiaren zuzendari Riccardo Frizza izango da. Orkestra Zuzendaririk Onenaren Tutto Verdi saria eman zion 2023an OLBEk, eta Frizza bera arduratuko da Euskadiko Orkestra eta Bilboko Opera Abesbatza gidatzeaz.

Obrako protagonisten rola jokatzen dutenak laburpen txiki bat egiten ahalegindu dira OLBEk zabaldutako aurrerapen bideo batean. Tro Santaferen hitzetan, «benetako maitasun istorio bat da» obra, baina, aldi berean, «zorigaiztokoa». «Garai hartan ez zen onartzen [Leonor de Guzman] erregearen maitale izan zitekeenik, eta aldi berean maitasun harreman bat izan zezakeenik aukeratu zuen pertsonarekin. Istorioak amaiera tragikoa du, baina zoragarria da, eta publikoa hunkituko du», gaineratu du mezzosopranoak. Jordik, berriz, obraren hiru elementu aipatu ditu: «Negarra, poza eta heriotza biltzen ditu opera honek, eta guztion gozagarri izango da».

Bestalde, obraren ekoizpena Valentina Carrasco zuzendari argentinarraren lana da; Italiako kritikak ekoizpen onenaren Abbiati saria eman zion 2022an. Lehen aldiz arituko da Carrasco Bilbon.

Hitzaldiak eta topaketak

OLBEk hainbat dibulgazio jarduerarekin osatuko du programazioa. Besteak beste, hitzaldiak eta topaketak antolatu dituzte obra bera eta haren testuinguru historiko eta musikala ezagutarazteko.

Guztira lau funtzio egingo ditu OLBEk. Bi saio egingo ditu datorren astean: lehenengoa asteartean, eta bigarrena ostiralean (19:30). Azken funtzioa hilaren 24an egingo dute, astelehenarekin (19:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.