Hilberria

Alfonso Sastre hil da

Hondarribian hil da, 95 urte zituela.

Alfonso Sastre, 2014an berari eta Eva Foresti Hondarribian egin zieten omenaldian. GORKA RUBIO, FOKU
Inigo Astiz
2021eko irailaren 17a
11:04
Entzun

Kezka sozial eta politikoak gurutzatzen du Alfonso Sastreren obra eta bizialdi osoa (Madril, 1926- Hondarribia, 2021), eta adituek mugarritzat jotzen dute haren ekarpena gaztelerazko antzerkigintzaren modernizazioan. Saiakerak, narrazioak, poesia eta zinemarako gidoigintza ere landu zituen, argitara emandako hamaika argitalpenetan, eta estuki lotuta egon da haren izena Euskal Herriko historiarekin ere. Madrilen jaio arren, 1977. urtean joan zen Hondarribira bizitzera (Gipuzkoa), eta literaturgintzagatik ez ezik, bere militantzia politikoagatik ere nabarmendu da han. Ezker abertzalearen esparruan jardun da, nagusiki, eta Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta ANV-EAE alderdietako hautagai ere izan zen. Bikotekide izan zuen Eva Forest idazle eta militantearekin batera, erreferentziazko ahots intelektual garrantzitsua osatu du bikoteak euskal herritar belaunaldi batentzat baino gehiagorentzat. 2007an hil zen Forest, eta gaur Sastre, 95 urterekin.

Zentsuraren aurkako jarrera

1945ean hasi zuen ibilbidea, Arte Nuevo izeneko taldearekin, eta 1953an estreinatu zuen Escuadra hacia la muerte arrakastatsua (Eskuadra bat heriotz bidean). Frankismoaren kultura ofizialarekin erabat hausten duen obratzat dute aditue. Han daude handik aurrera Sastrek erabili dituen gaiak: askatasuna, zapalketa, politika aginpidea, iraultza, bortxa eta errua. Hirugarren jokaldia egiterako debekatu zuten, ordea. Lehenagotik ere ezagun zuen Frankismoko zentsura aparatua, eta debeku gehiago helduko ziren gero ere. Askoz gehiago. Adituen hitzetan, Fernando Arrabalekin batera, Sastre izan baitzen sasoi hartan debeku gehien jaso zituen autoreetako bat. Debekuak debeku, idazleak salaketarako teatroak idazten jarraitu zuen. Egoera estu hartan, sasoiko beste autore askok posibilismoaren alde egin zuten arren, Sastrek eutsi egin baitzion antzerki erradikal bat egiteko asmoari, baita horrek lanik ezin taularatu ahal izatea ekartzen bazuen ere.

Hala gogoratu zituen hasierak une haiek egileak berak. «Ordurako entzuna genuen zerbait abangoardiako antzerkiaz, saiakera antzerkiaz eta borroka antzerkiaz, eta nola izan ziren eta jarraitzen zuten izaten, beste herrialde batzuetan, eszena iraultzailearen nukleak. Zer ekarri genuen guk? Sua genekarren, pasioa, inozentzia, ausardia, antzerkiarekiko maitasuna...».

Ludikoa eta kritikoa

1950ean idatzi zuen Manifiesto por un teatro de agitación social saiakera; antzerki komertzialaren kontrako eta teatrorako gaiak gizarte arazoetatik hartzearen aldeko aldarrikapen bat da testua, eta, adituen hitzetan, haren obra guztia izan zaio leial gazte sasoi hartan egindako adierazpen horri. Euskaraz irakurri daitezke, besteak beste, haren Emmanuel Kanten azken egunak, Fito Rodriguezen itzulpenean; Komando baten analisia eta Ez da pale egiteko oldua, biak Lukas Dorronsorok itzulitakoak. Anaidi Santua, Gillermo Etxeberriak euskaraturik. Gillermo Tellek triste ditu begiak, Beatriz Zabalondoren itzulpenean; eta Bazterrean utzitako panpinaren istorioa, Mikel Lasak euskaratuta.

«Ez zen egokia antzerkiaren gehiegizko politizazioa ere, antzerkia politikaren morroi huts bihurtzea, baina ez dut uste oso aberatsa denik antzerkia inongo ildotan kokatu gabe eta obraz haragoko inolako xederik gabe egitea ere». Bi mutur horien artean ikusten zuen antzerkigintza garaikidea, 2007an BERRIA egunkarirako Juan Luis Zabala kazetariari aitortutakoaren arabera. Eta, lehenago ere, 2001ean, Euskal Herriko antzerkiaren nondik norakoak iragartzeko saiakera ere egin zuen autoreak Teresa Salari eskainitako elkarrizketan. Sastrek Espainiako antzerkiak hartutako norabide bera aurreikusten zion Euskal Herrrikoari ere. Gazteleraz egindakoari, behintzat. «Agian euskarazko antzerki bat espero dezakegu, baina ezinezkoa da horri eustea, euskal herritar gehienak ez baitira euskarazko emanaldiak ikustera joaten, eta horrek behartuta jotzen dutelako ikuskizun elebidunak egitera Maskaradak eta haren moduko beste taldeek. Menpekotasun horrek ezinezko egiten du originaltasuna euskarazko antzerkia izatea. Bide horretan, kasurik onenean ere, teatro elebidun bat izango dugu».

Militantzia eta espetxealdiak

Alderdi Komunistako kide izan zen gaztaroan, eta 70eko hamarkadan utzi zuen alderdia, haien jarrerak erreformistegia zela iritzita. Kartzelan ere izan zen 1956an, unibertsitatean antolatutako protestetan parte hartzeagatik. Eta 1974an ere izan zen kartzelan, bigarrenez. Orduko artan, Forest atxilotu zuten lehenik, eta epaitegira joatean atxilotu zuten Sastre ondoren. Hamabi hildako eragin zituen Correo kalean egindako atentatu baten egiletzat jotzen zuten Forest orduko hartan, eta hiru urtez izan zen kartzelan. Sastrek zortzi hilabete egin zituen espetxean, eta, azkenean, libre utzi, eta bertan behera geratu zen haren aurkako epaiketa.

1980an berriz ere atxilotu zuten, ETAko komando bati babes ematea egotzita.

1993an Espainiako Literatura Saria jaso zuen, antzerkigintzari dagokion modalitatean, eta Euskal Herrian bertan, behin baino gehiagotan egin zaizkio omenaldiak eta aitortzak. 2015ean, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateak haren lanari buruzko ikastaro bat antolatu zuen, Fito Rodriguez idazlearen gidaritzapean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.