Bukatu da Donostiako Musika Hamabostaldia. Aurtengo jaialdia «neurri zorrotzek» baldintzatu badute ere, Patrick Alfaya jaialdiko zuzendaria pozik agertu da izan duten harrerarekin: «Publikoaren erantzuna oso positiboa izan da egoera honetan». Atzo egin zuen zuzendariak 82. jaialdiaren balorazioa.
Bigarren urtea da Hamabostaldiak COVID-19agatik prebentzio neurriak hartu behar izan dituela. Zailtasunak izanda ere, Andra Mari abesbatzaren inaugurazio eguneko kontzertua izan da bertan behera geratu den bakarra. Programatutako gainontzeko kontzertuak «erabat normal» egin direla azaldu du Alfayak. Edukiera eserlekuen erdira murriztuta egon den aldi honetan, batez besteko okupazioa %95ekoa izan da, eta, Kursaaleko kontzertu handietan, ia %100ekoa. Guztira, 18.249 pertsona bertaratu dira 74 kontzertuetara. Hala, leihatilan 385.000 euro gordin bildu direla azaldu du zuzendariak. Kursaal auditoriumean egindako kontzertuetatik 11 erabat bete dira, 8.800 ikuslerekin, guztira.
Jaialdiak «nazioarteko izaera berreskuratu» duela esan du zuzendariak, Luxenburgoko Orkestraren, Budapest Festival Orchestraren eta mundu guztiko beste hainbat artistaren parte hartzeari esker. Aurtengo jaialdiaren ezaugarrietako bat koruak bueltatu izana da. Alfayaren hitzetan, Easo Ahots Mistoen Abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak «eskakizun handiko» obrei aurre egin diete. Jaialdiko beste hainbat ziklotan ere izan dira ahots taldeak: Kup taldea, Suhar abesbatza, eta Euskal Herriko Gazte Abesbatza,besteak beste.
Jaialdiak euskal artistak bultzatzeko «konpromiso sendoa» duela azaldu du zuzendariak, eta, horregatik, bertako hainbat musikari eta taldek parte hartu dute kontzertuetan. Euskadiko Orkestra Kursaalean aritu da, baita Euskal Herriko Gazte Orkestra ere. Viktoria Eugenia antzokiak aterpe eman die bi dantzari gipuzkoarren proiektuen aurkezpenei. Bi dantzariak Espainiako Dantza Sari Nazionala jasotakoak dira, eta azken Max sarietan izendatuak: Lucia Lakarra eta Iratxe Ansa. Antzokian, gainera, haurrek haurrentzat sortutako Hirira proiektua antzeztu da. Zuzendariak azpimarratu du Hamabostaldiko zikloetan 50 interprete gipuzkoar baino gehiago aritu direla.
Errepertorioari dagokionez, Alfayak aitortu du ohiko obrei leku egiteaz gain jaialdiak gaurkotasuna duten obren eta bertako egileen alde ere egin duela: «Estatuko [Espainia] 37 konpositoreren obrak entzun ahal izan dira; konpositore gehienak euskal herritarrak dira, gainera».
Zikloetan ere bai
Jaialdia osatzen duten zikloei dagokienez, San Telmo museoko klaustroa izan da aurten ere Antzinako Musika eta Ganberako Musika zikloetako kontzertu gehienen egoitza. Guztira 1.632 pertsona bildu dira han, eta interes handiena piztu duen kontzertua Stephen Hough pianistarena izan da. Bestalde, Musika Garaikideko Zikloan, Felix Ibarrondo eta Zuriñe F. Generabarrena konpositoreen bi obraren erabateko estreinaldia egin da. Dantza oinarritzat hartuta, bigarren urtez egin da Tabakalera Dantzan, dantza garaikideari eskainitako zikloa. Organo Zikloaren programazioa, berriz, hamabost kontzertuk osatu dute, eta 2.644 pertsona bildu ditu. Interprete Gazteen Zikloan, berriz ere agortu dira sarrerak, eta entzuleek Musikeneko ikasleen talentua ezagutzeko aukera izan dute. Azkenik, Musika Aitzaki jaialdiko ziklo ibiltariak musika Donostiako oholtzetatik kanpo eraman du beste behin. Txillida Leku museoa (Hernani, Gipuzkoa) eta Loiolako santutegia (Azpeitia, Gipuzkoa) aukeratu dituzte kontzertuen egoitza gisa, besteak beste.
Donostiako 82. Musika Hamabostaldia
Alfaya: «Publikoaren erantzuna oso positiboa izan da egoera honetan»
Musika Hamabostaldia amaitu da jada; aurten, 74 kontzertu izan dira, eta 18.249 ikusle hartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu