Nazioartean arrakasta handia lortu zuen Alex Mikhaelidesek The Silent Patient (2019) bere lehen nobelarekin. Ingelesezko jatorrizko lanari berrogei herrialdetan egin dizkiote itzulpenak, eta sei milioi eta erditik gora ale saldu dira urteotan mundu osoan. Euskaraz ere irakur daiteke orain, Fernando Reyren itzulpenean: Paziente isila plazaratu berri du Erein argitaletxeak, eta irakurlea orriz orri «harrapatzea» lortzen duen thriller psikologiko bat dela nabarmendu dute itzultzaileak eta Uxue Razkin editoreak.
Razkinek azaldu du Ereinek bide berri bat abiatu duela halako sona lortu duten liburuak euskaratzeko. «Bestsellerrak gure hizkuntzan irakurtzeko aukera eskaintzea da asmoa». Eta bide hori Mikhaelidesen nobelarekin hastea erabaki zuten, testuaren hainbat ezaugarri direla eta: «Generoa da aipagarriena. Thriller psikologiko bat da, eta badakigu mota honetako eleberriak asko irakurtzen direla; iruditzen zitzaigun argumentuak irakurlea harrapatzen ahal zuela, eta, beraz, irakurketa gustagarria egin zezakeela». Gaineratu duenez, «oso nobela misteriotsua eta erakargarria» da Mikhaelidesena.
Ez editoreak ez itzultzaileak ez dute argumentuari buruz askorik kontatu nahi izan, misteriorik ez zapuzteko. Alicia Berenson izeneko margolari ospetsu bat da kontakizuneko protagonista; senarrari bost tiro jo, eta mutu dago harrezkeroztik. Hitz erdirik ez esate horrek misterio bihurtu du etxeko tragedia bat izan zena. Eta Berensonen isiltasunaren atzean zer ezkutatzen den argitzen saiatuko da istorioko beste pertsonaia nagusia, Theo Faber psikoterapeuta, zeina lanean ari den margolaria dagoen Londresko zentro psikiatrikoan.
«Garrantzitsuak dira isiltasunak, kasu honetan protagonista mutu gelditzen baita, eta, beraz, isiltasunei ere erreparatzen die idazleak»UXUE RAZKINErein argitaletxeko editorea
Razkinen ustez, Mikhaelidesek oso ongi dosifikatu du informazioa narrazioan: «Nobela hauetan ezinbestekoa da hori, eta idazleak oso ongi jakin du zer kontatu eta zer ez. Gaiarekin ere zerikusia du horrek; garrantzitsuak dira isiltasunak, kasu honetan protagonista mutu gelditzen baita, eta beraz, isiltasunei ere erreparatzen die». Editorearen irudiko, ezaugarri horiekin batera, istorioan ezusteko norabide aldaketa bat izateak eta irakurtzen segitzeko sortzen duen jakin-minak ekarri diote arrakasta eleberriari. Eta ukitzen dituen gaien interesa ere nabarmendu du: «Esango nuke idazlea erabat murgiltzen dela giza psikologian».
Gogoetarako gaiak
Itzulpena egiteko istorioaren barrenean sartu den neurrian, liburuak zer sortu dion azaldu du Reyk. Hain zuzen, «irakurtzen segitzeko adikzioa» sortzen duela iritzi dio hark ere. «Ederki eraikitako suspensea du oinarrian. Badu tragedia grekotik, eta badu Agatha Christieren eleberrien estilotik ere; hau da, testuak adi jartzen du irakurlea, modu aktiboan zer gertatzen den asmatu nahian».
Editoreak aipatutakoez gain, nobelak irakurleari «beste leiho batzuk» ere zabaltzen dizkiola uste du itzultzaileak. Eta «isiltasunaren esanahia eta indarra» aipatu dit lehenik: «Isiltasuna oihu ere bada askotan, eta isiltasuna da, batzuetan, biktimaren eta sufrimenduaren adierazpiderik indartsuena». Haurtzaroaren garrantzia ere nabarmendu du segidan; zeinen inportantea den afektua osasuntsu bizitzeko, zein ezinbestekoa maitatua sentitzea maitatzeko, eta nola markatzen duen horrek norbera.
Bide beretik, gogora ekarri du batzuetan zeinen lausoa den osasunaren eta buruko gaitzen arteko muga, «bizitzan gauza batzuek nola eraman gaitzaketen sano egotetik hautsiak egotera, eta zer itzal eta argi ditugun denok». Alde horretatik, liburuak hainbat zalantza eta gogoeta piztu dizkio Reyri osasun mentalaren eta hari eskaintzen zaion arretaren inguruan.
«Ederki eraikitako suspensea du oinarrian. Badu tragedia grekotik, eta badu Agatha Christieren eleberrien estilotik ere; testuak adi jartzen du irakurlea, zer gertatzen den asmatu nahian»FERNANDO REYItzultzailea
Nobelaren egituraz ere mintzatu da itzultzailea, eta, hasteko, nabarmendu du kontakizuna atal laburrez osatua egoteak jakin-mina areagotzen duela: «Kapitulu laburrek suspensea pizten dute, eta amua jartzen irakurtzen segitzeko nahi horretan». Halaber, esplikatu du narrazioan bi plano bereiz daitezkeela: batetik, narratzailearen haria, psikoterapeutarena, alegia; eta, bestetik, «Alicia Berensonen barne egunkaria» deitu duena. «Uste dut horrek efektu polita egiten duela, eta autore honek bilbea oso ongi egina duela».
Idazlearen estiloa «argia eta zuzena» dela eta hala elkarrizketei nola deskribapenei «egiazkotasuna dariela» ere iritzi dio Reyk. «Iruditzen zait espazioak, pertsonen psikologiak, begiradak, tentsio uneak... oso ongi marraztuak daudela, eta oso ongi deskribatzen dela psikoterapeutaren eta Aliziaren arteko interakzioa ere».