«Kafkaren heriotzaren mendeurrena, eta gonbidatu oso berezia, Alex de la Iglesia: nola uztartu bi premisa hauek?», galdegin du Santiago Perez —Santiperez izenez ezaguna— kartelaren egileak. Aitortu du Franz Kafka idazlearen Metamorfosia (1915) eleberrian oinarritu dela kartela sortzeko: «Denok ezagutzen ditugu metamorfosiaren kontakizuna eta lanari eskainitako bizitza baten zorigaiztoko emaitza. Gregor Samsa, karga honengatik guztiarengatik edo garaiko antzeko kontuengatik, goiz batean erabat somatizatu eta beste gauza ahul bat bihurturik esnatzen da… Nola fusionatu bi premisa horiek? Ez da zaila: protagonista aldatuta». Hala egin du Alex de la Iglesia zinema zuzendariarekin; Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Asteko kartel ofizialeko protagonistarekin. Aurtengo aldia urriaren 25etik azaroaren 1era bitarte izango da, Donostian.
Zinema asteaz gain, Goya – Hellboy: Munstroen ikonografia Stéphane Levalloisen eskutik erakusketa eta Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico liburua aurkeztu dituzte. Erakusketa Donostiako bi egoitzatan egongo da ikusgai: Okendo kultur etxean eta Aiete kultur etxean, irailaren 19tik azaroaren 3ra bitartean. Levallois artistak Francisco de Goyak sortutako ikonografia fantastikoari buruz egindako hausnarketa eta Mike Mignolak, Hellboy komiki pertsonaiaren sortzaileak, egindako bi lan aurki daitezke bertan.
Jonathan Allenek eta Jesus Palaciosek bildu dituzte Kafkak fantasiazko zineman izan dituen eraginak. Idazlearen ekarpenek gainerako zinemagileen obretan izandako isla azaltzen dute bertan, besteak beste. «Kafkaren obrak berak, bere izaera sinboliko, alegoriko eta surrealistatik abiatuta, fantastikoaren eredu berezi eta ahalmen handiko bat eraikitzen du, unibertsoaz dugun ikuskera aldatu duena, baita errealarekin, fikzioarekin eta giza izaerarekin dugun harremana ere. Eta eragin ahaltsu hori nabaritu duen generorik bada, bere izaeragatik eta pentsamendu kafkiarrarekin bat datorrelako, horixe fantasiazko generoa da», azaldu dute.