Alex de la Iglesiaren filmak zortzi sari lortu ditu Espainiako Goya sarietan

Koldo Zuazua, Gaizka Urresti eta Raul de la Fuente zinemagileen lanek ere hainbat sari irabazi dituzte

Ane Urrutikoetxea.
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko zinemagileen lanak oso sarituak izan ziren Espainiako 28. Goya sarietan. Alex de la Iglesia zuzendariaren Las brujas de Zugarramurdi filmak jaso zuen sari gehien, zortzi Goya. Zinemagile bilbotarraren lanak ez zituen sari nagusiak lortu, baina sail tekniko guztietan irabazi zuen: zuzendaritza artistikoa (Arturo Garcia eta Jose Luis Arrizabalaga), jantziak (Francisco Delgado), muntatzea (Pablo Blanco), soinua (Charly Schmukler eta Nicolas de Pulpiquet), ekoizpen zuzendaritza (Carlos Bernases), efektu bereziak (Juan Ramon Molina eta Ferran Piquer), eta makillajea (Francisco J. Rodriguez Frias, Maria Dolores Gomez Castro, Javier Hernandez Valentin eta Pedro Rodriguez). De la Iglesiaren filmak lortutako sari nagusi bakarra taldeko emakumezko aktorerik onenarena izan zen, Terele Pavezek eraman zuena. Pavezek hunkituta jaso zuen saria, 74 urterekin lehen aldia baita Goya bat bereganatu duena.

De la Iglesia ez da saritu bakarra izan. Euskal Herriko lan laburrak ere protagonistak izan dira aurtengo Goya sarietan. Gaizka Urrestik fikziozko film laburrik onenaren saria lortu zuen Abstenerse agencias lanarekin, eta Raul de la Fuentek, berriz, dokumental laburrik onenaren saria Mineritas-ekin. Boliviako Cerro Rico herrian bizi diren emakumeen bizimodu latzaren testigantzak bildu ditu De la Fuentek dokumentalean, eta Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan parte hartu zuen iaz, EITBren laguntzarekin.

Horrekin batera, saritutako dokumental onena Las maestras de la República filma izan zen. Laura de Pedro Nafarroako aktorea da dokumentaleko protagonistetako bat.

Koldo Zuazuak ekoitzitako La herida filma ere saritua izan zen. Zuazuak ez zuen lortu ekoizle onenaren saria, baina filmak sari nagusietako bi lortu zituen. Hain zuzen ere, Marian Alvarezek emakumezko protagonista onenaren saria jaso zuen, eta Fernando Francok, berriz, zuzendari berri onenaren saria.

Euskal herritarra ez den arren, aipatzekoa da Michael Hanekeren Amour lanak jasotako Europako film onenaren saria. Zuzendaria ezin izan zen bertan egon, eta Ramon Agirre aktore donostiarrak jaso zuen haren izenean. Filma 2012an estreinatu zen Donostian, Zinemaldiko Perlak sailean.

Truebaren filma, irabazle

Dena den, David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados filmak eraman zituen sari nagusiak. Film onenaren sariarekin batera, zuzendaria, gizonezko aktore protagonista (Javier Camara), emakumezko aktore berria (Natalia de Molina), jatorrizko gidoia eta jatorrizko musika bereganatu zituen. Trueba hiru aldiz atera zen sari bila agertokira, eta Juan Carrion irakasle eta filmeko protagonistari eskaini zizkion. John Lennon Almerian aktore lanetan zebilela, irakasleak abeslariari egindako bisita kontatzen du filmak. Carrion, 89 urtekoa, The Beatles taldearen abestien hitzakerabili zituen haurrei ingelesa irakasteko, eta erdi itsua dagoen arren, oraindik ere eskolak ematen jarraitzen du. Truebaren esanetan, «jende apala eta langilea» omentzen ditu filmak.

Aurten, Zinemaldia eta Goya saria nahiko ados egon dira urteko film onenak aukeratzeko orduan. Donostian aurkeztutako bost film saritu dituzte, eta guztien artean 18 Goya batzen dituzte. Horien artean aipatzekoa da La herida-k Zinemaldian jasotako ikusleen sari berezia, eta baita filmeko protagonistak lortutako Zilarrezko Maskorra ere. Horrekin batera, Caníbal filmak argazki onenaren sariak lortu zituen bai Goya sarietan eta bai Zinemaldian. Bestalde, Donostiako zinema jaialdia ireki zuen Juan Jose Campanelaren Futbolín lanak animazioko film onenaren saria lortu zuen.

Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Kultura ministroa izan zen galako protagonista nagusietako bat. Ministroa ez zen sarietan egon, eta, hain zuzen horregatik, kritika gogorrak jaso zituen aktore eta zuzendarien eskutik. BEZaren igoera eta zinemaren industriaren gainbehera ere askoren ahotan egon ziren. Dena den, Manel Fuentesek aurkeztutako ikuskizunak ez zuen arrakasta handirik izan ikusleen artean. 2009. urtetik hona, datu txarrenak izan ditu galak; 3.5 milioi ikusle, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.