Alex de la Iglesia eta Imanol Uribe, Made in Spain sailerako hautatuak

Orotara, hamasei film aukeratu dituzte urteko Espainiako lanik onenak erakutsiko dituen ziklorako

Iban Garate, Imanol Uriberen Miel de naranjas filmeko irudi batean. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Donostia
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Espainian ekoitzitako urteko pelikularik onenak biltzen saiatzen dira Donostiako Zinemaldiko Made in Spain sailean, eta aurtengo ekitaldirako hamasei aukeratu dituzte orotara; horien artean, Euskal Herriko bi zinemagile ezagunen filmak: Alex de la Iglesiaren La chispa de la vida eta Imanol Uriberen Miel de naranjas.

Jose Mota du aktore nagusi De la Iglesiaren filmak. Langabezian dagoen publizista baten istorioa kontatzen du, Coca Colaren La chispa de la vida lelo ezaguna sortu zuenarena. Uribek, berriz, 50eko hamarkadako Andaluzian kokatu du lan berria, eta maitasun istorio bat du ardatz nagusi: Enriquek eta Carmenek izugarri maite dute elkar, eta Carmenek mutil-lagunak soldadutza bere hirian egitea lortuko du. Hala ere, Enrique epaitegi batera bidaliko dute, eta erabakiko du zerbait egin beharrean dela egunero ikusten dituen bidegabekerien aurka. Arrakasta lortu du filmak: Malagako Zinema Jaialdian zuzendari eta gidoi onenaren sariak jaso zituen. Aktoreen artean, Iban Garate dago.

Urteko beste film aipatuetako bat da Paco Leonen Carmina o revienta. Zuzendariaren opera prima da, eta publikoaren saria eta epaimahaiaren sari berezia irabazi ditu Malagako jaialdian. Sevillako produktu iberikoen sailtzaile baten nondik norakoak kontatzen ditu. Carminak 58 urte ditu, eta bere dendan hainbat lapurreta izan dira; aseguruak laguntzeko inolako intentziorik ez duen arren, dirua eskuratu eta aurrera egiteko modu bat asmatuko du.

Jaime Rosalesek —besteak beste, Tiro en la cabeza filmaren egilea da— Sueño y silencio ekarriko du Zinemaldira. Oriol eta Yolandaren istorioa kontatzen du haren lan berriak: bi alabekin, Parisen bizi dira; arkitektoa da gizona, eta irakaslea, berriz, emaztea. Egun batean, Ebroko deltan oporretan daudela, istripu bat izango dute, eta haien bizitzak goitik behera aldatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.