Alessandro Baricco: «Estatuak ez du kultura eskaini behar, eskatu baizik»

Etorkizunean estatuak gizartearen kudeaketan askoz ere leku txikiagoa izango duela adierazi du idazleak Bilbon

Azken eguna izango du gaur Mundua Aldatzeko Ideiak nazioarteko pentsamendu jaialdiak Bilboko Euskalduna jauregian . MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Krisi garaia aldaketa garaia da, haustura garaia. Mendebaldeko gizarteek egun duten krisia ekonomiatik askoz haratago doa. Sistema bera dago krisian, eta garai berrietara moldatzea baino ez zaio geratuko gizarteari. Sistema berri horretan, politikak eta estatuak gaur arte izan duten lekua baino txikiagoa izango dute, eta komunitateak elkarbizitzarako espazio berriak sortuko ditu. Horretarako belaunaldi baten denbora baino ez dela beharko iritzi dio Alessandro Baricco idazle eta zinemagile italiarrak. Haren ustez, beste eremuetan bezala, kultur politiketan ere eskumen txikiagoa izango du estatuak, eta, ekoizle izateari utzi, eta kontsumitzaile izango da.

Bilboko Euskalduna jauregian izan zen atzo, Mundua Aldatzeko Ideiak pentsamendu topaketetako bigarren eguneko aurkezpenean, topaketetan parte hartu duten beste zenbait pentsalarirekin batera. Besteak beste, berton izan ziren Susan George filosofo frantziar-estatubatuarra, Wassyla Tamzali pentsalari feminista aljeriarra, Shashi Taroor Indiako Atzerri ministro ohi eta idazlea eta Josep Ramoneda kazetari eta filosofo katalana. Topaketak gaur amaituko dira, eta, besteak beste, Sygmunt Bauman soziologo eta filosofo poloniarra, Colin Vaines zinema ekoizle ingelesa eta Amy Goodman kazetari estatubatuarra entzuteko aukera egongo da. 2012 Euskadi Fundazioak antolatu du jaialdia.

Bariccok dio pentsalariek egiteko «liluragarria» izango dutela aurreikusten duen etorkizuneko sistema berri horren sorreran. «Etorkizuna asmatzea eginkizun kitzikagarria, fantastikoa izan daiteke. Hala ere, gehienetan ez da horrela izaten, etorkizuna orainaldiaren dedukzio bat baino ez delako», azaldu zuen idazleak. «Garai honetan, oso mutazio sakona izango da, aldaketa kultural sakon bat, balioen eraldaketa bat ekarriko duena. Horrekin batera, ekonomia aldaketa sakon bat ere gertatuko da. Ez naiz ekonomista, baina, beste askok bezala, pentsatzen dut eredu ekonomiko hau amaituta dagoela», zehaztu zuen, lasai eta uste osoz.

Eraldaketa horretan, haren iritziz, idazleek zuzeneko eraginik izango ez badute ere, sortzaileek aukera izango dute gizartearen eta banakoen balioetan eragiteko literaturaren eta bestelako adierazpide kultural batzuen bidez: «Argi dudan gauza bakarra da etorkizun horretan estatuak leku txikiagoa izango duela bizimodu kolektiboan. Bizitzaren kudeaketa publikoaren beharra txikituko da, eta dena sozializatzeko beharra egongo da. Komunitatea indartuko da».

Estatuaren eskumenak urritzearen aldekoak badira ere, Susan Georgek eta Josep Ramonedak estatuaren desagerpenaren arriskuez ohartarazi zuten. «Kontuz ibili behar da estatuaren desagerpenarekin, normalean estatuak uzten duen hutsune hori okerragoa izaten den beste norbaitek betetzen baitu. Askotan, krimen antolatuak hartzen du», zehaztu zuen Ramonedak. «Alessandro Bariccorekin bat egiten dut, eta komunitate espazio berriak sortuko direlakoan nago ni ere. Hala espero dut; izan ere, etorkizunerako, aukera bi daude. Batetik, kontsumismoaren logika nagusitu daiteke, orain arte bezala. Logika horrek arazo bat dauka: libidoa xurgatzen digu, eta pultsioak baino ez ditu uzten. Pultsiozko gizarte bat da hori, hil edo biziko etengabeko borrokan arituko den gizarte bat», azaldu zuen. «Baikorra naiz, eta uste dut bigarren bideak irabaziko duela, komunitate espazio berriak sortuko direla; eta horietatik, gizartea estekatzeko forma berri bat sortuko da, erantzukizun partekatuko espazio bat», argitu zuen kazetariak.

Hezkuntzaren beharra

Kulturaren eta hezkuntzaren bidez posible da leku hori lortzea, Susan Georgeren arabera. «Gobernu gehienek uste dute kulturaren dirua gastatzea dirua botatzea dela», salatu zuen. «Hezkuntzak inposatzen dizkigun mugetatik haratago joateko eta pentsatzeko aukera ematen digu». Izaera kritiko horrek gizartea aldatzeko aukera zabaltzen duela uste du. Ekonomia krisia mintzagai, Georgek krisiaren jatorria zein den jakiteko beharra aldarrikatu zuen. «Egun dugun egoera ekonomiko kaskarra finantzek sortu dute», zehaztu zuen. Eta Franklin D. Roosevelt AEBetako presidentea izandakoaren hitz batzuk ekarri zituen gogora: «Orain badakigu finantzek gobernaturik egotea krimen antolatuak gobernaturik egotea bezain txarra dela». Egun, Europa osoa finantza arloko aginduei jarraitzen ari zaie: «Neurri antidemokratikoek gidatzen dute arlo hori», zehaztu zuen. «Finantza indarkeriak pentsarazi nahi digu austeritatea beharrezkoa dela, eta hirugarren mundua deitzen diogun horretan 80ko hamarkadaren hasieran sartutako neurri berak sartu nahi dituzte, austeritate deitzen badiote ere».

Ramonedak uste du herritarren atsekabea goraka doala ekonomia krisiarekin batera. Azken urteotan, gizarte aldaketa nabarmenak izan dira, eta politikak ez du asmatu horietara egokitzen. «Politikari lurra mugitu zaio guztiz. Guk ezagutzen dugun politika jadanik existitzen ez den mundu baterako pentsatuta dago. Horrekin zera esan nahi dut, erreferentzia esparrua aldatu egin dela», azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.